Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Santa Teresaren memoriak

2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
...ez, ez naiz ezertaz damu baina, egia esatera, batzuetan bigarren edo hirugarren mailako santutegi batean egon nahiko nuke. Santa ezezagun bat izan nahi nuke, nik zer dakit, Santa Eduvigis bat, Santa Sinforosa bat, jarraitzaile gutxiko santa horietako bat. Ea, esadazue bestela... Nor gogoratzen da Santa Apoloniaz, e? Nor? Inor ez... .

...nitaz, ordea, munduko ero guztiak oroitzen dira...

...bai, badakit. Hein handi batean errua nirea da. Mistizismoak zale asko ditu, eta ni santu mistikoen Top Ten-ean nago, goiko postuetan gainera. Agian, bestelakoak idatzi izan banitu...

...ez, ez naiz damu, baina batzuetan bizimodu hau latza izaten da. Jendeak uste du zeruan zorion-bitsetan bizi garela, esne-mamitan, baina ez da egia. Nagusiak eskaera guztiei erantzuteko eskatzen digu, edozein ordutan, bost axola erokeriak diren ala ez, bezeroak beti omen du arrazoia...

...egun hartan eztanda egin nuen, bai. Espainiako Barne Ministroak zer eta Espainiaren alde egin nezan eskatu zidan! Krisia, ustelkeria, Katalunia, zatiketa... sekulako txolopotea zeukaten! Eta nik dena konpontzea nahi zuen! «Txikito —erantzun nion— mirariak Lourdesi...»

...gizona tematu zen, ez zuela ezezkorik onartuko...

...ea zenbat nahi nuen galdetu zidan azkenik...

...dirurik ez nuela nahi azaldu nionean, harriturik egin zidan so, txineraz ari banintzaio bezala. Zutitu eta Rocioko Ama Birjinarengana joango zela esanez alde egin zuen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.