Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Ordena

2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hasieran ez nuen oso ondo ulertu. Alabaina, Espainiako Barne Ministroaren azalpenak entzun ostean pieza guztiak hasi ziren ahokatzen. Mundu honetan orok du logika bat. Orok behar du hurrenkera bat. Hurrenkera jakin bat, ez edozein.

Orok behar du ordena bat.

Ordenarik gabe kaosa iristen baita. Eta kaosak harrapatzen gaituenean, erotu egiten gara.

Horixe pentsatuko zuten Ceutako hondartza hartan beren buruaz beste egin zuten etorkin afrikar haiek. Bai, ondo irakurri duzue. Beren buruaz beste egin zuten. Hasieran ezin nuen ulertu baina orduan Jorge Fernandezek ezinago argiro hitz egin zuen.

«Bai, istiluen aurkako materiala erabili dugu, baina hori bai, bortizkeria erabili gabe».

Posible ote da istiluen aurkako materiala erabiltzea bortizkeria erabili gabe?

Afrikako hondartzetan bai. Afrikako hondartzetan guardia zibilak maitasunez jaurtitzen ditu gomazko pilotak. Maite zaituenak negar eginaraziko dizu gas negar-eragilez. Eta ke-poteak airera bidaltzen dituzte, su artifizialak balira bezala.

Eta etorkinek berehala ulertu zuten. Hura ez zen espero zuten paradisua. Paradisua akatsgabea baita, eta han gertatzen ari zenak ez zeukan ez hanka eta ez buru. Bortizkeria espero zuten eta maitasuna topatu zuten. Hura ez zen gauzen ordena naturala.

Ba al dago ametsa gezurra dela jakitea baino latzagorik?

Bai, etorkin haiek beren buruaz beste egin zuten.

Marokoko uretan. Era ordenatu eta naturalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.