Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

'Salvame'

2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bitxia da oso. Espainiako Gobernuak ez du ezer jakin nahi ETAk egin behar duen desarmatzeaz, eta ziztuan zabaldu du lau haizeetara Espainiak ez duela egiaztatzailerik behar, ez duela kanpotik etorritako kuxkuxerorik behar berak ondo baino hobeto egin dezakeena egiteko. Are: Esteban Pons bozeramaleari jaramon eginez gero, kuxkuxero horiek ez dira kuxkuxero soilak, ezpada ETAren soldatapean eta ETAren alde lan egiten duten morroi batzuk.

Argiago, nekez.

Bai, ene lagunok, niri ere bururatu zaizkit zuei bururatu zaizkizuen galdera berberak: Ram Manikkalingam ote da ETAko lehenengo militante beltza? Ez al da Ronnie Kasrils hegoafrikarra zaharregia jarraitxuarena egiten ibiltzeko? Eta garrantzitsuena: zergatik atera dira biak bideoan buru-estalkirik gabe? Hasiberriei egindako burla bat ote? Ez dakit zuek, baina ni beraien tokian banengo, ez nintzateke batere lasai egongo…

Natorren harira, baina. Arestian esan bezala, bitxia da PPren jokabidea. Ez du ETArekin ezertaz hitz egin nahi baina norbaitek ETArekin hitz egiten badu, berehala joko du beregana non, nola eta zertaz hitz egin duten jakite aldera.

PP Belen Esteban bezalakoa da: gustuko ez duen zerbait entzun orduko haserre-plantak egin eta alde egingo du platotik, baina ondoko gelara joango da den-dena entzutera…

Covitekoek Auzitegi Nazionalera eraman dute Manikkalingam gizajoa, bai, baina ziur naiz ezen PPkoek, aukeran, Salvame de Luxe-ra eramango zuketela…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.