Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Jurisprudentzia

2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Martxoak 13 ditu gaur, eta Roberto gustura geratuko litzateke dutxaren azpian. Ur beroak on egiten dio bere arima jipoituari, baina presa du: lanean bilera garrantzitsu bat dauka.

Minutu bat gehiago, mesedez. Soilik minutu bat.

Une batez, lehengoan irakurritako berri bat etorri zaio gogora. Aita batek semea jipoitu zuen matematikako ariketak egin nahi ez izateagatik, eta berriki Iruñeko zigor-arloko epaitegiak aita zigortu du.

Aitak 213 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio semeari.

Robertok, semeak ez bezala, matematikako ariketak egin nahi zituen. Kontuak koadratzen zitzaizkion, gainera: gu + haiek + hauek + hangoak = 27. Baina orduan aita etorri zitzaion sutan, ezetz, sagarrak eta udareak ezin zirela elkartu, batuketa hura astakeria zela, matematikako eta naturaren arau guztien kontrakoa.

Eta Robertok baietz. Eta aitak ezetz. Eta Robertok «hemen nik egiten ditut batuketak», eta aitak «etxetik botako zaitut», eta Robertok «niri agindurik ez», eta aitak «cuando seas padre comerás huevos» eta Robertok «ez, aita, zapatarekin ez»…

Une batez, berak ere salaketa jar lezakeela bururatu zaio. Ziurrenik irabaziko luke: egon badago jurisprudentziarik. Alabaina, burutapen horrek urarekin batera egin du ihes isurbidetik.

Roberto jantzi eta lanerantz abiatu da. Bilera garrantzitsu—eta alferrikako— bat dauka Nafarroako parlamentuan, baina berdin zaio.

Jada ez du matematikaz ezer jakin nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.