Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Terrazak

2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gaurkoan ñoñostiarkeria bat dakarkizuet. Izan ere, gaur udaleko osoko bilkurak terrazei buruzko arautegi berria onartuko baitu. Arautegi bat zeinak, esan dezadan bidenabar, Parte Zaharreko bizilagunoi eragiten digun.

Badakit horrelako txokokeria batek talka egiten duela nire ohiko ikusmira unibertsalaren kontra, baina behingoagatik zilegi bekit ohiturak aldatzea. Azken batean, unibertsoko udal ordenantza guztiak kontu korapilatsuak dira, desatseginak izatez eta ulergaitzak espirituz, eta hau horrela izan da betidanik, baita Big-bang-ak leher egin baino lehenago ere.

Txokokeria bai, baina unibertsala.

Laburpen azkar bat egingo dizuet: araudia onartuz gero, liberalismo turistikoak lur hartuko du Pintxolandiako kaleetan. Eta gauzak horrela, larrialdietako ibilgailuek oztopo gehiago izango dituzte etxeetara iristeko, kaleak estuagoak izango dira, eta terrazek ordutegi zabalagoa izango dute.

Bestela esanda: Donostiako oposizioak —PSE-k, PP-k eta EAJ-k alegia— ostikada bat eman nahi izan dio udal gobernuari —Bilduri, alegia— non eta Parte Zaharreko bizilagunon ipurdian.

Gure ipurdietan, alegia.

Ni, esan gabe doa, arautegiaren alde nago. Tabakoaren kontrako legeek erretzaile zokoratu bihurtu ninduten lehenik, terrazetako bezero fidel jarraian eta alde iluneko biztanle azkenik. Eta nire izaera berri honek gustu berriak ekarri dizkit.

Sadomasokismora pasatu naizenetik, nire ipurdia ostikada-gosez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.