Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Metodoa

2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Azken asteotan asko gogoratu naiz nire amaginarrebarekin. Izan ere, amaginarrebak oso metodo zientifikoa baitzuen nazioarteko politika ulertzeko. Albistegiak gatazka baten berri ematen zuenean datuak buruan gordetzen zituen eta entzundakoa berak ulertzeko moduan jartzen saiatzen zen. Bere metodoa sinplea bezain akasgabea zen: berdin balio zuen hala Uganda eta Ruandako triskantzak azaltzeko nola Baltikoko errepubliken independentzia prozesuak ulertzeko.

Denboraren eta metodoaren hobetze sistematikoaren poderioz nazioarteko gatazka gehienak inoren laguntzarik gabe ulertzera iritsi zen.

Alabaina, noiz edo noiz, aldagaiak korapilatuegiak zirenean, blokeatu egiten zen eta horrelakoetan niregana jotzen zuen:

«Ea ulertu dudan, Xabi—esaten zidan—: orduan hemengo hauek, nola esan, hauek… Euzkadi dira, eta besteak, esan dezagun… Madrid. Hori da, ezta?... Orduan, zeintzuk dira Navarra?».

Euskadi beti zetaz ahoskatzen zuen. Madril beti D-z. Eta Nafarroa, beti Navarra.

Zoritxarrez, hilobira eraman zuen metodoa eta orain ni naiz ezer ulertzen ez duena. Ukrainako gatazka dela eta ez dela, plagiatzen saiatu naiz baina alferrik. Metodoak huts egiten dit, auskalo zergatik. Estatu kolpe bat eman al zuten Euzkadikoek Madriden? Krimea Navarra al da? Eta nortzuk dira ultraeskuindar itsusi horiek? Euzkadikoak ala Madridekoak?

Zerbait ulertuko badut, medium bat beharko dut amaginarrebarekin kontaktuan jartzeko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.