Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Arima

2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
(BERRIAko Ikerketa Sailak zutabegile bati grabatutako telefono elkarrizketa)

— ...barka beza berorrek, Deabru jauna... Bere gorentasunari zin egiten diot erabat ahaztu dudala elkarrizketa hura... Adinak ez du barkatzen...

— Hi haiz, hi! Literato eskasa izateaz gain, memoria eskasekoa... Kalamidadea halakoa!

— Nik errespetuz hitz egin diot...

— Isil hadi, memeloa! Ez al duk gogoratzen hire ametsa betetzeko eskatu hidala? Ez al duk gogoratzen erreguka etorri hintzela niregana? «Zutabegile on bat izan nahi dut», esan hidan. «Bizitza osoa pasako nuke zutabeak idazten», esan huen. Edozer emateko prest omen hengoen. Eta nik esan nian beteko nuela hire desioa. Hire arima baino ez nian eskatu trukean... Gogoratzen?

— Bai, orain bai.

— Eta hik ezetz, arima bakarra huela... zekena haiz gero!

— Arimaren ordez nire piparik onena saldu nion, 1951ko Dunhill bikain bat...

— Benetan ez huen pentsatuko pipa bat nahikoa izango zenik, ezta? Kexatuko haiz, gainera! Dunhill horri esker 401 Maratila idatzi dituk.

— Gutxi ene uste apalean...

— Marka duk gero! Ate denentzat dauzkak hik maratilak, ezta? Ba sentitzen diat. BERRIA berritu behar ditek, eraldatu, modernizatu... Berritu ala hil, txikito! Hire garaia bukatu duk. Mesedez, jaso hire gauzak eta itzali argia ateratzean.

— Lastima...

— Eta gogoratu: datorren ostegunean azkena...

— Galderatxo bat, Deabru jauna... Oraindik interesatzen al zaio berorri nire arima...?

— Hoa popatik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.