Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Konspiranoiko

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ondo dakizuenez, nire lagun Felix konspirazioaren teoriaren zale amorratua da. Beti ari da bila eta bila, honi galde eta hari eska, han zirika eta hemen xaxaka, konspirazio berria non aurkituko. Gero niregana jotzen du, jakin baitaki ehizaki erraza naizela, eta nik amua irentsiko dudala…

Bada, ordea, ezin irentsizko amurik.

-Sindikatuek infiltratuak ditiztek. Gruyere gazta bat baino zulatuago zaudek denak!

Damutuko nintzela jakinda ere, azalpena eskatu nion.

-Konturatu al haiz Euskal Herrian egiten diren greba guztiak ostegunetan egiten direla?

Baietz erantzun nion, ohartuta nengoela. 2009tik gaur arte egindako greba orokor guztiak ostegunarekin batera izan dira.

-Hiregatik, Xabi, hiregatik. Eta, hein batean, baita niregatik ere. Hik kristoren boterea daukak, Xabi, eta ez haiz konturatzen. Ostegunero, ttak!, boteretsuei ostikadatxo bat ematen diek, banketxeei, eskuindarrei… ttak!... Hire umoreak min egiten ziek, ez baitago umorea baino okerragorik boterearentzat, ezin ditek jasan. Eta horrexegatik infiltratu dituk sindikatuetan, grebak antolatzeko eta hire zutabea ostegunetan ez argitaratzeko. Xabi, hi oso arriskutsua haiz!

Argi dago Felix pitza-pitza eginda dagoela. Bere ideiak ez dauka ez hanka eta ez buru, eta, arrazoirik baleuka ere, infiltratuek astearteetan egingo lituzkete grebak. Urtebete eskasean Santi Leonek ondo frogatu du ni baino askoz ere arriskutsuagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.