mikel p ansa
Ingurumena. Hondakinen kudeaketa. Analisia

Tarteko bidean, txipak itsumutil

2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Orpazurda hitza famatu dute asteburu honetan; Pablo Berasaluze pilotariaren Akilesen zainaz —orpazurdaz— ari ziren, finalean ustekabean hautsi zuen horretaz. Baina pilotariarena ez da izan azken asteetan hautsi den oreka bakarra; ezker abertzaleari orpazurda, Akilesen zaina, saihets babesgabea aurkitu dio EAJk: herri galdeketak. Legazpin atez atekoari buruzko galdeketa egin zutenetik, zalantza sumatzen zaio ezker abertzaleari. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du ezker abertzaleak aintzat hartuko duela herritarren hitza. Bilduk ez du xehetasun gehiago eman, oraingoz. Legazpiko udal taldeak gaur emango du bere erabakiaren berri; ikusiko da zer bide hartuko duen Bilduk.

Nolanahi den ere, zerbait aldatzen ari den seinaleak badira Gipuzkoan: hondakinen bilketari buruzko adostasunera heldu dira Elgetan, eta jarrerak gertuago daudela adierazi dute Zumaian. Atez atekoa ez baina beste sistema batzuk probatzekotan dira bi herri horietan. Lehenago, iazko urrian, ezustean iritsi zen beste albiste bat: Urnietako hiru alderdiek —EAJk, Bilduk eta PSEk— tratua egin zuten, bosgarren edukiontzia jartzeko. Helburua zehaztu behar zela, baldintza hori jarri zuen Bilduk. Adostu zuten hondakinen %65 bereizita biltzera iristea; eta bosgarren edukiontzia herri osora zabaldu zuten.

Urnietan, Bilduk esan zuen ez ziola uko egiten atez ateko bilketari, sistemarik egokiena iruditzen zaiolako, baina errespetatzen zuela udalaren gehiengoak hartutako erabakia. Elgetan, Oxel Erostarbe independentearen taldeak —jada ez da Aralarrekoa—, Bilduk eta EAJk itxi dute akordioa. Kaleko edukiontzi adimendunak jarriko dituzte —txipak izango dituzte, nork-noiz irekitzen dituen kontrolatzeko— lau hondakin frakziorentzat: organikoarentzat, plastikoentzat, errefusarentzat eta pixoihalentzat. Beste bost edukiontzi klase, berriz, irekita mantenduko dituzte: paperarena, beirarena, olioarena, pilena eta arropena. Helburua ere adostu dute: hondakinen %70-80 inguru birziklatzea. Eta galdeketa egingo dute, abenduan.

Zumaiako proposamena antzeko arrastotik doa: hondakin frakzio guztientzat txipekin funtzionatuko duten edukiontziak jartzea. Zumaian Zero Zabor taldeak egin du proposamena, hondakinei buruz eztabaidatzeko udalak antolatutako mahaian. Bilduk, EAJk, Aralarrek eta PSEk parte hartzen dute mahai horretan, baita atez atekoaren kontrako plataformak, Zumaian Zero Zabor taldeak, eta Zumaiako Natur Taldeak ere. Atzera-aurrera ibili ostean, badirudi jarrerak gerturatzen hasi direla. Sistema aztertu egin behar dela ñabartu du udalak; xehetasunak adostu behar direla, oposizioak. Ez dute ezer itxi, baina doinua berria da.

Zumaian eta Elgetan proposaturiko sistemak berriak dira, orain arte ez dituztelako jarri kaleko edukiontzi guztiak txipekin. Zer emaitza izango duten, ezin aurreratu, beraz. Baina txipak dituzten edukiontzi batzuk erabili izan dituzte lehenago ere; Lazkaon, adibidez, materia organikoaren edukiontziek txipak dituzte —hiri hondakin guztien %50 inguru bereizita biltzera iritsi dira modu horretan—. Bosgarren edukiontzi soila erabiltzen ari diren herrietan nekez iristen dira %40 bereizita jasotzera. Atez atekoarekin ari diren herrietan, berriz, %70etik gorakoa da bilketa selektiboa —Antzuolan eta Itsasondon %90etik gertu dabiltza—.

Paradoxa bat geratu da agerian: datu onenak eman dituen bilketa da aurkakotasun gehien eragiten dituena, publikoki eta mediatikoki bederen —atez atekoa duten herrietan ere istiluak izan ziren hasieran, baina baretuta daude aspaldian—. Orain, orpazurda ukituta, birziklatze tasa apalagoak eman ditzaketen bilketak probatzeko prest agertu da Bildu, tarteko bidetik. Baina ez dio uko egin errauste plantaren lanak bertan behera uzteko asmoari —atzo bi kontratu eten zituen hondakinen partzuergoak, irregulartasunak antzemanda—. Errauste planta gelditzekotan, ordea, birziklatze tasak handitzea lortu behar du Bilduk, ez dio tarteko bideak balio. Ikusteko dago txipak lagun edo traba izango dituen bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.