Laboral Kutxak lehen garaipena nahi du etxetik kanpo

Cajasoli egingo dio bisita gaur ACB ligan; Kelati eta San Emeterio berreskuratu ditu Scariolok

Donostia
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratu nahi du gaur (20:15), Cajasolen kantxan irabazita. ACBko laugarren jardunaldian azken sailkatuari egingo dio bisita, eta Sergio Scarioloren jokalariek aukera ona dute azken partidetan emandako itxura onari jarraipena emateko.

Euroligan Lietuvos Rytasen kantxan eroso irabazi ondoren, konfiantzarekin iritsiko da Laboral Kutxa Andaluziara. Lituaniako garaipenarekin gasteiztarren joko hobekuntza baieztatu zen, eta orain ligan hori bera lortu nahiko dute. Apurka-apurka, Laboral Kutxako jokalariak ari dira lesioetatik osatzen, eta gaurko partidarako Fernando San Emeterio eta Thomas Kelati berreskuratuko ditu entrenatzaileak. Azken partidetan ez dira aritu, eta lehia falta hori nabarituko dute akaso. Jokalariak sendatzen ari direla ikusteak, ordea, beti izan ohi da baikortasunerako seinale. Osatu gabe jarraitzen dutenak Hamilton, Heurtel eta Causeur dira. Causeur gastroenteritis batek jota geratu da deialditik kanpo.

Cajasolentzat ere lehia garrantzitsua da gaurkoa. Izan ere, arnasa hartu nahi du Laboral Kutxa mendean hartuta, eta sailkapeneko azken postutik lehenbailehen irten. Orain arte ligan jokaturiko partida guztiak galdu dituzte andaluziarrek, Gipuzkoa Basket, Unicaja eta Valladoliden aurka, hurrenez hurren. Hurrengo hiru jardunaldietan, gainera, etxetik kanpo bi partida jokatuko ditu Sevillako taldeak. Ondorioz, urduritasuna hedatu da San Pablo pabiloiko harmailetan.

Azken urteotako emaitzak ikusita, baikor egoteko arrazoiak ditu Scariolok zuzentzen duen taldeak. Laboral Kutxak Sevillan jokatu dituen 27 partidetatik 15 irabazi ditu. Joan den denboraldian 82-86 gailendu zen.

EHU-GDKO derbia, gaur

Ohorezko Mailako laugarren jardunaldian, bestalde, derbia jokatuko dute gaur EHU Gipuzkoak eta GDKO Bizkaiak Karmelo Balda kiroldegian (Donostia, 18:00). Joan den denboraldian igo ziren Ohorezko Mailara bi taldeak, eta lehen hiru jardunaldietan berdintsu aritu dira: garaipen bat eta bi porrot. Donostiarrek Burgosen irabazi zuten partida bakarra bigarren jardunaldian.

GDKOk, berriz, etxetik kanpo oraindik ez du irabazi, eta jokaturiko azken bi partidak galdu ditu, Kanaria Handiaren pistan eta Burgosen aurka etxean. Derbia etxekoen kanpoko lerroa eta bizkaitarren barneko jokoaren arteko lehia izango da. EHUren aldetik, Novo izango da zaindu beharreko jokalaria, igoera fasean 44 puntu sartu zizkion GDKOri. Bizkaitarren aldetik, berriz, estatubatuar hirukotea: Debbie Ibekwe, Margaret Roundtree eta Shawnice Wilson.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.