Mikel Erramuzpe. Euskal Kultur Erakundeko presidentea

«EKEk beti aztertu behar du zer den euskal kultura, zer diren estrategiak»

Egin beharreko kultur politika, Baionan zabaldu nahiko luketen Euskal Kulturaren Transmisioaren graduondokoaz, eta antzeko gogoetaz beterik dator EKEren sartzea.

BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Kanbo
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitateko Huheziko Sorguneak ikertegiarekin gogoeta sakona abiatua du Euskal Kultur Erakundeak. Lehen diagnosia egin eta, Sorguneak lehen proposamen batzuk helarazi zizkien uda aitzin, orain EKEk aztertuko dituenak. Urri hastapenean administrazio kontseilua biltzerakoan ematekoa lukete lehen erantzun bat.

Sorguneak ikertegiak egin proposamen horiek aipatu daitezke?

Lanerako zirriborroak dira. Baina, oro har, erran daiteke esperimentazioetan zentratua dela. Gogoeta batzuk egiteko partez, ekintza batzuk elkarrekin ezarri. Eta ekintza horiek elkarrekin eraman eta ekintza horiek analizatu. Eta hori hemengo batzuekin egin nahiko lukete, horrela formatzekoa eskaini.

Zergatik barne gogoeta hori?

EKEk behar du beti aztertu zer den bere lana, zer den euskal kultura, zer diren estrategiak. Politika kultural bat nahi badugu eraman, behar dugu beti gogoetan izan. Hori da helburua. Eta hori bakarrik ez dugu egiten ahal. Batzuetan behar duzu kanpoko norbait. Eta nola frantses eredua guretako ez den baliagarri. Eta erranen didazu gipuzkoarra ere ez? Egia ez dela ere... baina hurbilago dira Hegoaldeko problematikari, kultura minorizatu garelako.

Eta euskal kulturaz ari garelako?

Eta bai! Ez duzu ezartzen ahal maila berean euskal kultura eta Donejakue bideko ondarea... Ez gara gauza berari buruz mintzo.

Barne gogoetaz gain, Arrasaten Euskal Kulturaren Transmisioa graduondokoa duten gisan, horrelako sail bat Baionako Fakultatean irekitzeko proiektua ere aztertzen ari zarete, ezta?

Arrasateko eta Baionako unibertsitatearen artean lotura bat egin nahi dugu. Eta Baionak ez duenez sail hori, hori sorrarazi beharko litzateke. Gu, zer ari gara hor? Ari gara sua pizten. Gure estrategia zer da? Mondragonekin hasi, eta, denbora berean, Baionako Unibertsitatearekin harremanetan sartu. Eta egun batez, ahal bezain fite, mamitu. Orain arte, proiektua aipatu diedanei interesatuak agertu dira, sustatu behar dela diote. Eta, beraz, litzateke halako prestakuntza bat Baionako Unibertsitatean, baina oraindik ez da finkatua zein formatakoa izanen den, edo master edo beste...

Nahiz eta oraindik bide baden egiteko, ideia zein da?

Hiru adar lituzke. Ohartzen gara behar dela euskal kulturaren transmisio, zabaltze bat asmatu Ipar Euskal Herrian dauden publiko ororentzat. Adibidez, turismoan ari direnentzat. Bigarren adar bat liteke ikerketa. Erran nahi baita ikerketa gogoeta. Zer estrategia landu. Horretan nik biziki maite dut Mondragonekoen metodoa. Aktore batzuk biltzea, haiek deitzen dituzten berogailuak. Adibide bat emateko, Mixel Etxekopar, Guillaume Irigoien, EHZ edo beste. Horiekin biltzea eta trukatzea batzuen eta besteen esperientziak. Hori Mondragonekin eginen litzateke erabat. Hori egiten baitute han.

Eta hirugarren adarra?

Heldu den primaderan izanen dira herrietako bozak. Eta bozetarik landa, jende batzuek hartuko dute kulturaren ardura. Eta gero eta gehiagok hartuko dute herri edo hiri elkargoetan ardura hori. Jende horiek behar ditugu absolutuki formatu, horiek baitute sosa eta horiek baitituzte dosierrak. Behar ditugu formatu erranez euskal kultura zer den. Hara zein diren beharrak. Hara zein diren zuen eskualdean dauden elkarteak.

EKEren baitan langile berri bat bada azken urte hauetan, EKEren Obragintza Publikorako Laguntza eginkizunean, egitura publikoekin ari dena lanean justuki. Zertan da? Zein dira haren betebeharrak?

Lan hori aski poliki obratzen da Herri Elkargoekin.

Konkretuki?

Errobi herri elkargoan, haiek galdegin digute beren kultur egitaraua lantzea. Ematen ditugun aholkuak hartzen dituzte kontuan.

Zer aholku?

Elkargo batek ez dezan ahantz badirela elkarteak, beharrak. Gure lana da kontseilu batzuk ematea. Hau beharrezkoa dela, hor baduela horrelako norbait, elkarte hura, beste artista hauek... Hautuak egiteko.

Hautuak, nola?

Kultur Konpetentziak dituzte Herri elkargoek. Euskal kulturari nahi badiote eman leku bat, behar dute jakin zer baden beren herrietan, zertan den euskal kultura. Langilearen lana da diagnostikoak egitea, eta euskal kulturako eragile eta egitura horien artean zubi lana egiten du. Zubiak egitea eta beharrak analizatzea.

Eta zuei, gidatze lana egite horrek ardura handia ematen dizuete, diagnostikoak egiterakoan, aholkuak ematean, boterea daukazue...

Boterea... eragina bai, segur ere. Ez dugu tronpatu behar. Horretarako da afera hori. Biziki konplikatua da. Ez dugu tronpatu behar, zertan? Euskal kultura zer den, definizioetan. Eta zeri buruz joan nahi dugun. Horretan sartzen da Arrasatekoekin dugun proiektua. Ez dugu bakarrik egiten ahal hori. Sobera erantzukizun handia da. Bere arriskuekin.

Jadanik damutua izan duzu behin baino gehiagotan euskal kulturaz norbaitek zerbait nahi duelarik nola ihardesten zaion: «Aski duzu joatea EKEra», nonbait, euskal kulturaren arduraz deskargatzen direla botere publikoak, baina azpimarratzen duzun EKEren zubi lan horrekin, zentroan gelditzen zarete, azken finean...

Zentroan baino, gehiago erran nezake bitartekaritza lanetan. Lagunduko ditugu egitura publikoak euskal kulturaren politika bat ezartzen tokian-tokian diren elkarteekin. Egiten badute beren artean, oraino hobeki da. Baina euskal kultura ez den lekuan, edo gaizki bizi den lekuan ez dugu deus eginen? Horrela diru publikoa ematen zaio normalkiago euskal kulturari, eta ez bakarrik kultura frantsesari. Inportanta da euskal kultura biziaraztea. EKEren lana hori da, eta hori ez badugu egiten... Baina gauzak hain dira konplikatuak, baten eta bestearen konpetentzien artean behar ditugu atzeman bide batzuk, estrategiak. Anitz gauza egin behar ditugu memento berean. Behar dugu gogoetatu eta, aldi berean, biziki praktikoak izan. Aldudeko egoera ez da Angelukoa. Estrategiak ez dira berak.

Aurrekontua 900.000 eurokoa duzuela gutxi gorabehera, ez da igan, bada urteak...

Obragintza Publikorako Laguntza hori ontsa martxan balitz, dirua ez liteke gehiago erakundetik pasa behar. Zuzenean behar luke joan politika publiko normaletarik euskal kulturara. Salbu elkarte ttipi batzuen kasu partikular batzuetan, beren proiektuak lagundu genitzake. Baina aise hobeki liteke dirua bideratua izan dadin, eragileei zuzenean. Iradoki behar dugu, baina botererik gabe: «Te, hor erakusketa bat egin nahi duzue, ontsa liteke artista honekin edo beste harekin egitea...».

Kasu horretan, kasik produktore bihurtzen zarete, ezta?

Ez genuke izan behar. Batzuetan behar da, zinez deus ez delarik. Desertua delarik behar duzu dena egin, eta gero behar duzu utzi.

Produktore zaretelarik, euskal kulturaren ikuspegi bat duzue proposatzen, artista zenbait bultzatuz...

Lanjerra da hori. Gauzak bereganatzea. Horregatik dut erraten behar dugula biziki kasu egin: gauza bat abiarazi eta, behar dugu utzi. Ez dugu jabetu behar. Eta hori joera bat da. Biziki praktikoak izan behar dugu. Adibidez, Angelu desertu bat da. Baina Angeluko herria hurbildu zaio EKEri kultur zentro bat sortu nahian, euskal kultura hor sartzeko. EKEk zer eginen du hor? Ez du berak eginen. EKEk eginen du bitartekaritza. Manex Goienetx talde bat bada Angelun, eta horiek dute landuko proiektua. EKE aitzinalde instituzionala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.