Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Zapatero-Lopez bilera

Ikusmin handia eta harrera hotza

«Moncloatik emandako aginduei» jarraiki, ez ohiko segurtasun neurriak gainditu behar izan dituzte komunikabideek, Lopezek eta Zapaterok Ajuria Enean egindako bileraren jarraipena egiteko.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Adolfo Suarezek Ajuria Enera bisita egin zuenekoa gogoratu du Patxi Lopez lehendakariak komunikabideen aurrean agertu denean. Atzo arte Suarez zen Ajuria Enean egondako Espainiako Gobernuko presidente bakarra. 1980ko abenduaren 9an izan zen bisita hura, Carlos Garaikoetxea lehendakari zela, eta orduko egoera politikoak ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin, Lopezek esan duenez.

Bisita hura izan zenetik 31 urte igaro dira, eta lehendakaria pozik dago Ajuria Enera, «euskaldun guztion etxera», bigarren aldiz joan delako Espainiako gobernuburu bat. Horregatik, akaso, sortu du Zapateroren bisitak horrenbesteko ikusmina kazetarien artean. Hogeita bost komunikabidek baino gehiagok jarraitu dute Lopezen eta Zapateroren arteko bilera.

Lehendakaritzak joan den ostegunean jakinarazi zuen Lopez Zapaterorekin biltzekoa zela Ajuria Enean. Bileraren berri eman zuen ohar batean, baina komunikabideentzako hitzordurik ez zuen zehaztu. Bi agintarien agendak bateratzea eta segurtasun neurriak adostea falta zen, nonbait. Igandean jakinarazi zuen bileraren jarraipena egin ahal izateko komunikabideek jarraitu beharreko protokoloa zein zen. Ohiz kanpoko neurriak eta prozedurak erabili ziren: kazetariek bilera izan baino ordubete lehenago egon behar izan zuten Lehendakaritzako egoitzan, segurtasun kontrola pasatzeko eta akreditazioa jasotzeko, eta denak elkarrekin joan behar izan zuten Ajuria Eneko jauregira. Akreditazioa hartzera berandu iritsitakoak, gainera, ezin izan ziren sartu.

Kazetari asko kexatu ziren hartutako ezohiko neurri horiekin. «Moncloatik emandako aginduak» zirela azaldu zien Lehendakaritzako prentsa arduradun batek kazetariei. «Espainiako errege-erreginen bisiten pareko segurtasun neurriak jarri dituzte gaur», erantsi zuen.

Aterkirik gabe

Aurreikusitakoa baino ordu laurden lehenago iritsi zen Zapatero Ajuria Enera: 12:15ean. Kotxe ofizialean heldu zen. Ordurako jauregiko eskaileretan prest zeuden gala uniformendun ertzainak, baita lehendakaria bera ere. Elkarri bostekoa eman zioten biek, telebista kamera eta argazkilariei begira. Ez zen oso beroa izan agurra. Irribarretsu agertu ziren, baina apenas hitz egin zioten elkarri. Zirimiria ari zuenez eta aterkirik gabe zeudenez, azkar sartu ziren jauregi barrura.

Ordubete egon ziren batzartuta biak, eta bilera amaitutakoan alboko gela batean eman zuten prentsaurrekoa. Gela oso txikia zenez, komunikabideetako langileek pilatuta jarraitu behar izan zuten agerraldia.

Biek ala biek esker oneko hitzekin hasi zituzten euren hitzaldiak. «Plazer handia izan da Zapaterori Ajuria Enean harrera egitea», esan zuen ezer baino lehen lehendakariak. «Eskerrak eman nahi dizkiot lehendakariari eskaini dizkidan hitzengatik. Niretzat oso pozgarria da hemen egotea», erantzun zion Zapaterok, hitza hartu zuenean.

Bi galdera egiteko denbora baino ez zuten izan kazetariek agerraldia amaitutakoan. Handik gutxira PSE-Eko hainbat hautagai eta kargudun publikorekin biltzekoak ziren, eta berandutzen hasiak ziren. Bi galderari erantzunda, beste baterako aukera ere izan zen, eta Zapaterori bakarrik egin zioten: «Alfredo Perez Rubalcabaren eta Mariano Raxoiren arteko aurrez aurrekoa jarraitu behar duzu?», galdetu zion kazetari batek. Baietz erantzun zuen Zapaterok. «Nor uste duzu irtengo dela garaile?», kazetariak. «Kontua ez da garaile bat egotea, bi aldeetako ideiak argi uztea baizik», Zapaterok. Hori esanda, Zapaterori sarreraraino lagundu zion Lopezek, eta hantxe agurtu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.