Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Interbentzioak

ETAri eta gobernuei urratsak eskatu dizkiete eragileek

Alderdi eta sindikatuek ETAri eskatu diote indarkeria uzteko, eta Espainiako Gobernuari, besteak beste, espetxe politika aldatzeko

Bake iraunkorra «guztien artean» eraiki behar dela ondorioztatu dute eragile guztiek
Ezker abertzaleko Rufi Etxebarria eta Anita Lopepe, nazioarteko ordezkariekin, Aieteko jauregiko bilera gelan.
Ezker abertzaleko Rufi Etxebarria eta Anita Lopepe, nazioarteko ordezkariekin, Aieteko jauregiko bilera gelan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2011ko urriak 18
Donostiako Aieteko jauregian atzo nazioarteko konferentzia egin zuten, eta bertan parte hartu zuten alderdi eta sindikatu bakoitzeko ordezkariek hiru minutuko tartea izan zuten egungo egoerari buruzko ikuspuntua azaltzeko. Biltzarrak hasiera batean itxia izan behar bazuen ere, hainbat eragilek bere mezua ezagutaraztea erabaki zuten, komunikabideei igorrita. Eragile bakoitzak bere interpretazio propioa azaldu arren, bat etorri ziren ETAri indarkeria behin betiko uzteko eta Espainiako eta Frantziako gobernuei urratsak egiteko eskatzeko orduan. Gobernuek egin beharreko urratsen artean daude espetxe politika aldatzea eta «salbuespenezko legeak» amaitzea.

IÑIGO URKULLU

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko burua

«EAJk ETAri eskatu nahi dio albait arinen erabaki dezala behin betiko desagerpena»

Iñigo Urkulluk dei zehatza egin dio ETAri: «EAJk ETAri eskatu nahi dio albait arinen erabaki eta adierazi dezala bere behin betiko desagerpena. Bakea orain eta betiko». EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak azpimarratu du bortxakeriaren amaiera ezin duela «ahanzkor aritzeko, gauzak zatika gogoratzeko edo simetria faltsuko oroimenak mantentzeko unea izan». Bakeak «inolako ordainketa politiko gabe» izan behar duela iritzi dio: «Ez gara inozoak. Jakin badakigu bakeak prezio bat edo prezio batzuk izan ditzakeela. Kontrako interesak sortzen ditu».

Egungo egoerak «handitasun politikoa eta etorkizunari begiratzea» exijitzen die eragile politikoei, haren ustez. «Indar politikoen artean aurrera egitea, diagnostikoak partekatzea eta leialtasun osoz adostu behar ditugun neurrien erritmoak hitzartzea». Neurri berean, «iragan beltza atzean uzteko» nazioartetik etor daitekeen «laguntasun osoa» beharko dela nabarmendu du.

JESUS EGIGUREN

PSE-EEko presidentea

«Egungo egoera zuzenbide estatuaren irmotasunaren ondorioa da»

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen iritziz, ETAk badaki garaitua dagoela. Haren ustez, egoera hori ez da «inork ezer oparitu izanaren ondorioa», baizik eta, besteak beste, zuzenbide estatuaren irmotasunaren eta gizartearen erresistentzia zibikoaren ondorioa. Nazioartetik etorritako ordezkaritzari azaldu dio Euskal Herrian ez direla egon bi alde aurrez aurre: «Batez ere egon da talde armatu bat eta gutxiengo totalitario bat sistematikoki eta nahita erasotu duena», nabarmendu du.

Patxi Lopezek berriki Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako dekalogoa mahai gaineratu du. ETAri exijitu dio behin betiko amaiera «truke edo baldintzarik gabe» eta konferentziako parte hartzaile guztiei eskatu die «irmo eta zalantzarik gabe» eskaera hori egitea. Memoria ere aldarrikatu du: «Pairatutako indarkeriaren gain eraikiko da etorkizuna, berriro ere gerta ez dadin».

RUFI ETXEBERRIA

Ezker abertzaleko kidea

«Gatazka politikoa behin betiko gainditzeko oinarriak finkatzeko aukera zabaldu da»

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkariak «poza» azaldu du nazioarteko konferentzia dela-eta. «Dagozkion ardura historikoak zein politikoak onartuz» aurkeztu du bere burua, eta, haren ustez, nazioarteko ahaleginen metatzeak zein Euskal Herriko indarren bateratzeak «leiho handia» zabaldu du. «Gatazka politikoa behin betiko eta modu iraunkorrean gainditzeko oinarriak finkatzeko aukera zabaldu dute».

Hala, bortxakeria eta eskubideen urratzea bideratzen duten jokalekuak gainditzea eskatu du, eta Gernikako Akordioan jasota diren Mitchell printzipioekiko «erabateko atxikimendua agertu du». Aukera demokratiko guztiak errespetatzeko deia egiteaz gain, «Euskal Herriaren izaera nazionala eta autodeterminaziorako eskubidea jasotzen dituen guztien arteko akordioa» lortzeko asmoa agertu du.

Amaieran, keinua egin die konferentzian parte hartu ez duten eragileei: «Espero dugu inoiz hurbilduko zaizkigula eta bat egingo dutela gurekin, edota, gutxienez, ekimen hau errespetatuko dutela». Ardurak partekatu eta «guztien artean lan eginez eta guztien babesarekin», konferentziako helburuak bete ahal izango direla iritzi dio.

PELLO URIZAR

Eusko Alkartasunako idazkari nagusia

«Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu pausoren bat eman dezatela»

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ETAk eta ezker abertzaleak emandako pausoak laburbildu ditu agerraldian, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die pausoren bat eman dezatela, hala nola presoak hurbilduz eta Parot doktrina delakoa bertan behera utziz. Haren ustez, hurrengo pausoa litzateke ETAk eta bi gobernuek «mahai teknikoa» eratzea eta «desarmea» zein presoen auzia jorratzea. «ETAri ez dagokio bestelako funtziorik». Haren ustez, behin indarkeria oro desagertuta dagoela alderdiak mahai baten inguruan bilduko beharko lirateke gatazka politikoari konponbide bat bilatzeko. Beharrezkotzat jo du biktima guztiei, «salbuespenik gabe», egindako kaltea aitortzea.

REBEKA UBERA

Aralarreko antolakuntza idazkaria

«Ezinbestekoa da irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea izatea»

Rebeka Ubera Aralarreko antolakuntza idazkariak «guztien artean» eraiki beharreko bakea aldarrikatu du: «Bake hori iraunkorra eta egonkorra izan dadin ezinbestekoa da irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea izatea». Aralarrek nabarmendu du Gernikako Akordioa dela bake eta normalizaziorako ibilbide orri egokia, eta akordio horren aldebakarrekotasuna nabarmendu du, «aldebakarrekotasuna delako bermea lorpen politikoei sostengua emateko».

Hala, besteak beste, eskatu du ETAk bere atxikimendua ematea Gernikako Akordioari eta nazioarteko bitartekarien laguntza aitortzea. Estatuei dagokienez, Aralarrek uste du espetxe politika «erro-errotik» aldatu behar dutela. Preso eta biktima guztien eskubideen defentsa eta errespetuaren alde egin du. «Presoak eta biktimak txanpon bereko bi aurpegiak dira, gatazkaren ondorio dira». Era berean, salbuespenezko legedia, epaitegiak eta jokabideak aldatzea exijitu du Aralarreko ordezkariak.

OSKAR MATUTE

Alternatibako eleduna

«Gizarte zibilaren eskutik ibili beharko da prozesua une oro»

Alternatibak uste du beharrezkoa dela gizarte zibilaren parte hartzea prozesuan, bakea «behetik» eraiki behar delako. «Prozesua motela izatea nahiago dugu, gizartean errotutakoa eta guztien artekoa izan dadin». Alternatibaren ustez, bakearen oinarriak oraindik lotu beharrean dago euskal gizartea. Behar horien artean daude, gatazkaren parte diren alde guztiek —ETAk eta gobernuek— bake egoera egonkortzeko urratsak egitea, presoen arazoa dimentsio guztietan jorratzea, eskubide zibil eta politiko guztiak berrezartzea eta eragindako mina aitortzea.

ADOLFO MUÑOZ

ELAko idazkari nagusia

«ETAk eta estatuek zuen deiak onar ditzatela da gure nahia. Euskal Herriak behar du»

ELAk eskerrak azaldu dizkie nazioarteko eragileei. «ETAk eta estatuek zuen deiak onar ditzatela da gure nahia, eta Euskal Herriak behar duena». ELAren arabera, bi aldeek ontzat joz gero nazioarteko taldearen ebazpena «fase berri» bat irekiko da. ELAren ustez, fase horretan, giza eskubide alorrean presoen eskubideak eta biktimenak aitortu behar dira. «Asko dago horretan egiteko». Demokrazian, berriz, «pauso itzulezinak» eman behar direla nabarmendu du «ETAren aitzakia baliatuz Espainiako Estatuak ezarritako legeak aldatuz». Era berean, ELAk «mugarik gabeko» eztabaida politikoaren beharra azpimarratu du.

AINHOA ETXAIDE

LABeko idazkari nagusia

«Aukera bakarra dago: guztion artean eraikitzea bake justu eta demokratikoa»

LABek ziurtasuna azaldu du konferentziak «modu erabakigarrian» bultzatuko duela euskal gatazka behin betiko konpontzea. «Alternatibarik ez duen bidea egiten ari gara eta aukera bakarra dago: guztion artean eraikitzea euskal jendarteak behar duen eta eskatzen duen bake justu eta demokratikoa».

Garrantzi berezia eman dio eremu sindikal ia osoa konferentzian egoteari, eta azpimarratu du ezinbestekoa dela eragile guztiek modu aktiboan parte hartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna