Epaiketa politikoen aurkako Elkartasun Eguna egingo da Lekeition, irailaren 29an

«Elkartasun demokratikoa» eskatu dute 'herriko tabernen' eta Segiren aurkako auzietan auzipetuek

Auzipetuek Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren kanpoaldean egin zuten agerraldia, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Elkartasun Eguna antolatu dute Lekeition (Bizkaia) irailaren 29rako, herriko tabernen auzian auzipetuek eta Segikoak izatea leporatzen dieten gazteek. Libre izango da eguneko leloa, eta «ideia eta pentsaera guztietako jendeak» biltzea izango da asmoa. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia, Bilbon,Karmelo Landak —herriko tabernen auzian inputatuta dago— etaNahia Aguadok —Segiren aurkako auzian auzipetuta dago—. Auzipetzeak dakarren «zama ikaragarria» eta «zigor ekonomikoa» nabarmendu zituen Landak. Hori horrela, giza eskubideen elkartasunaz gainera, elkartasun materiala ere beharko dutela adierazi zuen.

«Elkartasun demokratikoa». Hori eskatu zuten atzo, hain zuzen ere, auzipetuek. Beren aurkako epaiketak «politika libre egitearen aurkako epaiketa maltzurrak» direla salatu zuten, eta haiei aurka egiteko beharra nabarmendu: «Gure iritziak epaitu nahi dituzte, baita hori baino gehiago ere: Euskal Herrian hain beharrezkoa dugun askatasun politikoa epaitzen dute». Auzipetuek azpimarratu zutenez, elkartasuna da horri aurre egiteko bidea.

Landa eta Aguadoz gain, atzoko prentsaurrekoan baziren beste auzipetu batzuk ere: Carlos Renedo, Jabier de la Maza, Mikel Totorikaguena eta Gaizka Likona gazteak, eta, haiekin batera, Patxi Bengoa, zeina 35/02 sumarioan epaituko duten. Sei urteko zigorrak eskatzen dizkie fiskalak Segiko kide izateagatik epaituko dituztenei, eta zortzi, hamar eta hamabi urtekoak herriko tabernen auzian inputatutakoei. Guztira, 76 pertsona epaituko dituzte Madrilen.

«Nora ezean» dabil Espainiako sistema politiko judiziala, Landaren hitzetan. «Kartzela zigor larriak eskatzen dituzte gure aurka. Garai berriak zabaltzen lana egin dugulako», adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan. Haren hitzetan, «aukera politiko libreak» zigortu nahi dituzte. «Demokraziaren bideak itxi nahi dituzte Euskal Herrian, demokrazia hain beharrezko dugun garai berri hauetan, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.