Erriberriko Antzerki Klasikoaren jaialdia gaur hasiko da

Abuztuaren 3ra arte iraungo du, eta ikastaroak, hitzaldiak eta antzerki emanaldiak izango dituzte

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Helduentzako txotxongilo emanaldiak eta umeentzako antzerki obra klasikoak. Antzerkiaren barrunbeetara hurbiltzeko hamaika bide ematen ditu Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiak (Nafarroa). Gaur hasi eta abuztuaren 3ra arte iraungo du hamalaugarren jaialdiak.

Historiaren eta dramaturgiaren inguruan antolatutako jaialdia da Erriberrikoa. Aurreko urtean murrizketak izan ostean, aurten iazko aurrekontu berdina izango du, 300.000 euro. Yolanda Oses Nafarroako Gobernuko arte zabalpen saileko arduradunaren iritziz, egoerak ez du aurtengo jaialdia baldintzatuko: «Jaialdiko aurrekontuan krisia nabaritu arren, talentua ez dago krisian».

Bi sekziotan banatu dute zikloko egitaraua. Batetik, Jauregiko Harribitxiak deitutako sailean, denboraldi honetako estreinaldiak bildu dituzte. Sekzio horretan, besteak beste, Il nomme della rosa (Larrosaren izena), La venganza de Don Mendo (Don Mendoren mendekua) eta La dama duende (Dama Iratxoa) daude.

Bestetik, Hemengo Klasikoak izendatutako atalean, autore klasikoen antzezlanak emango dituzte, Nafarroako antzerki talde amateurrek antzeztuta. Sail horren barruan, honako lan hauek daude: El marido prudente (Senar zuhurra), Bodas de Sangre (Odolezko ezkontzak) eta El médico a palos (Medikua makilaka).

Jaialdirako zenbait aholku

Osesen arabera, Umberto Ecoren Il nomme de la Rosa liburuan oinarrituta En el nombre de la rosa obra da aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Horrez gain, Ron Lala konpainiak sortutako Siglo de oro, siglo de ahora (Urrezko aroa, egungo aroa) ikuskizuna ere gomendatu du: «Mundu barrokoa mundu modernora hurbiltzen du». La venganza de Don Mendo (Don Mendoren mendekua) ere goraipatu du. Helduentzazko antzezlana da, txotxongiloek antzeztuta.

Ikastaroak eta hitzaldiak ere izango dira; egitaraua jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.