Haur eta gazte literatura. 'SASIAK MENDIA JAN'

Hitzaren gurpila (eta 2)

2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Egilea: Joan Mari Irigoien.

Ilustratzailea: Antton Olariaga.

Argitaletxea: Elkar.

Esku artean duguna Hitzaren gurpila deitzen den bildumaren bigarren liburukia da. Gaur hamabost egin genuen lehen partearena: Urruneko motorrak mila zaldi. Bertara jo xehetasunak nahi badira. Dena den, haren jarraipena da jarraian datorrena.

Bildumaren eiteari jarraiki, Sasiak mendia jan batik bat pieza laburrez osatua dago, ipuin pare bat eta bizpahiru orrialdetan luzatzen diren bertsoaldiak tarteko. Guztietan probokazioa da motorra, galderak eta baieztapenak lotsagabe jaurtitzen dira, hizkuntzaren jolasa beti tarteko.

Baina ez dadila inor okertu, jolasaren eta umorearen altzoan, liburu honek asmo sakona erakusten du plazaratzen dituen gaietan, eta estrategia ongi pentsatua erabilitako bitartekoetan.

Alez ale, gazte nerabe batek jakin eta hausnartu beharko lituzkeen proposamen kontaezinak daude, hasi azalekoenetatik (motorrak, merkatalguneak,...), jarrai gizarte kezketan (langabezia, krisia, politikariak, jujeak, funtzionarioak, presoak, ekologia, gerra,...) eta segi sakonenetaraino (nortasuna, sexualitatea, heriotza,...). Eta gehiago, dibulgazio jakingaiak astintzeko tartea hartzen du, eta ez nolanahi, umorearekin edota sexuarekin konbinaturik; esaterako hona sexua eta geometria elkarturik sortutako alea: «Lorena:/ p-erre-ber-bi dun/ zirkuluaren azalera,/ eta goazen ohera,/ egitekoa egitera./ -Kepa Mirena:/ 4/3-?-p-erre-ber-hiru duk/ esferaren bolumena:/ ohea egiteko zagok, bai,/ eta egiteko hori/ prest daukak Lorena...», (77. orrialdea).

Baitezpada, jolas gogo aitortu horrek guztia kutsatzen du «Zer da, ordea,/ hitzekin jolastera naraman/ irrika neurrigabe hau?», 115. orrialdea). Badaude jolas hutserako piezak («Elerik hoberena,/ laburrena:/ L» ,43. orrialdea), badaude esaera zaharren aldaerak («A zer parea: halabeharra eta ustekabea!» 95. orrialdea), badauden bezala hitz neurtuan jositako kronika umoretsuak, edota narrazioetan agertzen dituen aliterazioa eta kakofonia... zerrenda amaigabea da.

Deskribapenarekin amaitzeko hiru pasarte nabarmenduko ditugu, obra honen soslai direlakoan.

Bata izenburua dakarren poesia sorta da, gazte orekatu, zalantzati eta utzi banaren erretratua dakarrena eta honela amaitzen dena: «Utziz gero/ zabartzen gara,/ eta sasiak mendia jan», (14. orrialdea). Sorta argigarria ez soilik idazleak garrantzia zeri eman dion jakiteko, baita ere liburuak gaiak sortaka proposatzeko moldea islatzen duelako.

Hurrengo biak idazleak bere burua agertzen dituenak dira, J. Ormazabal zenaren omenez bata (121-123 orrialdeak), esklerosia gaitzat daukana bestea: «Joango da./ Edo jango nau,/ eta joango nau», (115. orrialdea). Hunkidura handiko aleak dira, idazleak bere kezka intimoena plazaratzen du bertan.

Zaila da hanpatutako hitzik gabe amaitzea. Aspaldi irakurritako obra landuena iruditu zait, ofizio handiko idazle baten lan saiatua, asmo sakonekoa eta apustu ausarta egiten duena. Neure buruari galdetzen diot ea asmatuko duen, ea balizko irakurleak kitzikatuko ote dituen, baina saiakera ederragorik, asmo nobleagorik ezin imajina nezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.