Literatura. Haur eta gazte literatura'ERREPIDEA'

Txorien hegaldi infinitua

Imanol Mercero -

2011ko apirilak 3
Egilea: Miren Agur Meabe.

Ilustratzailea: Aitziber Alonso.

Argitaletxea: Erein.

Errepidea deritzon narrazio luze hau autokarabana batean bizi diren ama-alaben bizipenen kronika da. Pare bat astez-edo euren berri ematen ariko zaigu kontakizuneko protagonista eta narratzailea den Rigel neskatoa. Haren ahotsak gidatuko gaitu gizartearen ildo nagusitik kanpo bizi direnen erretratua osa dezagun, eta, bide batez, gure etxe-gotorleku-urrezko-kaiolez harantzago dagoen bizitza senti dezagun. Ikusiko dugu, gainera, hangoa bizitza askea dela, asegarria mila aldiz intentsitate handiagoz, baina baita lakarragoa ere, txoriei gertatzen zaienaren antzera, naturaren zein patuaren gorabeherek askozaz gordinago jotzen dietelako eta, nola ez, ildo nagusitik kanpo bizi direnei begirune gutxi eta errespeturik batere ez diegulako.

Rigel eta bere ama negua igarotzen ari dira kostaldeko herri batean. Euren egunerokoa ez da gainerakoon erritmotik desberdina: bata lanera goizean goiz, bestea eskolara. Bata, ordea, aldi baterako lan gogorrak espero dute, dela egoitzen garbiketa dela sukaldeetan laguntzaile aritzea. Besteak desberdin izatearen zama bizi du eskolan, ez baitute bakean uzten artaldetik kanpokoa, klan baten babespekoa ez dena. Euren artekoa ere ez da xamurra aspaldion. Neskatoa hazten ari da, amak ez du asko gozatzen, aitaren desagerpena —aspaldikoa, Rigelen jakintzatik kanpokoa— ez du gainditu eta zama hark sortzen dion ezinegona gainditu ezinda dabil. Neskatoak bere burua bakarrik gobernatzen ikasi zuen, baina batzuetan dena ez dago bere esku... Testuinguru honetan, narrazioak aurrera jo ahala, bi pertsonai hauen arteko harremanen tirabirak hil ala biziko egoeran jarriko ditu.

Idazleak, Meabek, badaki ordea hau dena egokiro kontatzen, egonarriz, pertsonaiei itxaropena kendu gabe, ahal duen onena eskaintzen Rigeli eta bere amari: poesiaren laztan lauso eta sarkorraz dena jantzi eta txorien bitartekaritza eskaini.

Izan ere gertakari hauen guztien lekuko inguruan bizi diren hegaztiak izango dira. Meaberi hainbestetan agertzen zaizkion txoriak: Kardantxiloa, hegabera, hontza, belea, lertxuna, txepetxa, kaioa,... denak ere kausa on baten alde lagun.

Liburuko beste eskua, Aitziber Alonso ilustratzaile donostiarra da, eta abentura intimo honen ezinbesteko bidaide egiten da. Hegaztien erretratuak eta paisaien zertzeladak eskaintzen dizkigu, fokua Rigelengandik milimetro bat ere urrundu gabe. Bere lana osatzeko bi molde erabiltzen ditu: hegaztien erretratuak txorizaleen erara eginda daude, oso era errealistan, hegaztien berezko zera guztiak erakutsiz. Gainerako marrazkiek Alonsok ohituta gaituen lan ildotik jarraitzen dute: errealismoaren eta ikonografiaren erdibidean, errepresentazio sinpleetara jotzen du, margo-gaia komunikazioa errazten duten formetan adieraziz.

Gazte literaturatzat har genezake Meaberen azken narrazio luze hau, nahiz eta, niri, irakurle (asea, gogobetea, seduzitua...) izan naizen aldetik, gazteentzat ez ezik helduontzat ere irakurketa gomendagarria badela azpimarratzea egokiagoa iruditzen zaidan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna