Literatura. Haur eta gazte literatura'EZIN DUT, ETA ZER?

Super-haurrik ez, mesedez

2011ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Idazlea: Uxue Alberdi.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena. Argitaletxea: Elkar.

Kalean da Eta zer? bildumako hogeigarren alea. Uxue Alberdik eta Jokin Mitxelenak izenpetu dute Ezin dut, eta zer? titulupean.

Oraingoan ere, sailaren ildoari jarraituz, ume batek nortasun erronka nola gainditzen duen erakutsiko digu narrazio ilustratu honek: aitak alabari «superneska» dela esaten dio, oso bizkorra eta saiatua dela eta hark, aitaren usteak ez zapuztearren, bere burua behartzen du, nahi baino gehiago. Baina egoerak ezin betiko iraun, haurra deseroso dago, bere burua ez baitu «super-neska» moduan sentitzen eta azkenerako zama astuna nola edo hala kendu beharko du.

Irtenbidea logiko bezain naturala izango da, istorio hau den bezainbat. Zeren istorio hau oso logiko eta naturala baita, begi-bistakoa eta ulergarria. Egunerokoa eta etxe askotakoa. Eta horixe du dohainik handiena liburuxka honek, naturala dela, benetakoa eta sinesgarria, puntu batean ezik. Zeren neskatoaren jarrera eta pentsatzeko era burutsuegia, argiegia begitantzen da. Bereziki super-neska ez dela aitortzen digun neska baten ahotik irtenda.

Tira, eta «super-aita» ez da ohartu (!) Madagaskarreko hiriburua Antananarivo dela, hiru eNerekin.

Gustura hartzen da liburua , Mitxelenaren ilustrazioak bere ohiko bidetik, testuari laguntzen eta informazioa zehazten, urmargo eta koloretako arkatzak tentuz darabilzkiela, beti bezain adierazkor, beti bezain estimagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.