Haur eta gazte literatura. 'BOST SAGU BIHURRI MUSIKA JOTZEN'

Musika eta parranda txikienentzat

2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Egilea: Chisato Tashiro.

Itzultzailea: Aiora Jaka.

Argitaletxea: Ttarttalo.

Liburuak testuinguru ahalik eta aberatsenarekin jantzita etortzekoa ohitura bilakatzen ari da. Oraingoan 3 urtetik aurrerako irakurleentzako album hau iritsi zaigu, DVD bat alboan duela. Liburua zein diskoa aukeratu, istorioa bat eta bera da. Izatekotan, aldatzen den bakarra DVDan Iñaki Beraetxeren ahotsa dugula, Karolina Sainz de Bikuñarenarekin batera.

Istorioari asmo pedagogikoa aurkitzea zilegi da, baina ipuintxo honek duen grazia zapuztu liteke haurrarengana halako asmo hezitzaile batekin joaten bagara. Onena, nire iritziz, besterik gabe ipuintxoak proposatzen duen abenturatxoan murgiltzea da, pertsonaiekin batera bizitzea gertaera xume, dibertigarri eta atsegin hau, ikusiz nola gozatzen duten musikarekin sagu bihurri hauek eta nola egiten duten parranda atsegin bat haren bidez.

Izan ere, abentura xume honetako protagonistek musika talde bat osatzea erabakitzen dute, igel batzuen saio sekretua (eta saguentzako debekatua) ikusi ondoren. Hala bada, inguruan dituzten trasteak musika tresna bihurtzen dituzte, ondoren hainbat kanta sortzen, eta, azkenik, zuzeneko emanaldia dator, gaupasa eta guzti.

Guztiz bestelakoa da liburu honekin batera formatu berean eta DVD eta guzti Ttarttalokoek Bat denontzat eta denok batentzat! izenburuarekin argitaratu duten liburua. Kontuz, ez nahastu bata bestearekin, mesedez. Tashiroren bost saguena bikaina da, guztiz gomendagarria, baina bestea... ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.