Haur eta gazte literatura. 'MUX MUNSTROA'

Panpina, azken babesgune

2014ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Idazlea: Pello Añorga.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.

Argitaletxea: Elkar.

Denok gozatu beharko genituzke gure mundu txikiak —euskararenak diot— dituen abantailak; esaterako, begi kolpe batean argitaratzen den guztia ikustekoa.

Ohore horixe dute euskara bezalako hizkuntza ez-komertzialean lan egiteko ohitura suizida duten argitaletxe, idazle zein ilustratzaileek: denok dakigu nortzuk diren ero maitagarri horiek.

Beharrik, dena ez da isolamendu eta bakarrizketa. Euskaldunok badugu arrotz hizkuntzetan idazten eta esaten dena jarraitzeko ohitura eta haietatik gure mundua elikatzeko nahikoa seta. Onerako zein txarrerako atzerrian jotzen duten haize berberek jotzen dute gurean ere.

Bada joera bat literatura irakurlearen barne gatazkekin harremanetan jartzekoa gaur gurera ekarriko duguna Mux munstroa liburuaren bidez. Labur esanda alorrekoek «lagun imajinarioa» deitzen dutena da, bestela «alegiazko» edota «irudimenezko lagun» bezala ere izenda litekeena, baina muinean haurrek euren irudimenean sortzen duten lagun pribatua dena. Kasurik muturrenekoetan lagun hau ikusezina izaten da, baina normalean panpina bat izaten da.

Lehendik ere bagenuen gai hau proposatu duten euskal sortzaileen ekarpenik, urrutira joan gabe Maite eta Mikel, Gurrutxaga anai-arrebek, 2009an Etxepare sariaren bidez kaleratu zuten Alex, nire laguna adibide zoragarria dugu. Eta bide batez esanda, Añorga eta Mitxelenak sortu berri duten Mux munstroarekin paralelismo bat baino gehiago dituena, bietan ere munstroak baitira haurtxoen adiskideak.

Vicente Muñoz Puellesek eta Noemi Villamuzak sortutako Rikardo eta dinosauro gorria izan liteke gai honi buruz erdaratik ekarritako adibide ona, irakurketa errazekoa eta istorio ongi josia duena.

Baina Mux munstroa ez da lagun ikusezin bat, Alex den bezala edota Rikardoren dinosauroa den bezala. Ez. Mux oihal eta kotoi betegarriz egindako munstro urdin adardun bat da, ferietan aurki litezkeen panpinen antzekoa, handia eta hauskorra. Mux Nikoren panpina da, Nikoren sostengua, arrotz eta hotz zaion mundu batean.

Tentsio giroan bizi da Niko, guraso bananduekin, haurriderik gabe, ordu asko bakarrik. Amarekin astegunez, aitarekin asteburuetan. Amak urduri hartzen du haurra, nekeak makurtuta suposatu behar du irakurleak.

Baina ez da istorio dramatiko bat. Narrazio domestiko bat da, hangoa edo hemengoa, gure artekoa. Edozein etxetan gerta liteke Nikok bizi duenaren antzeko tentsio-aldi bat, bizimoduak hain ditugu estu antolatuta...

Idazlea saiatzen da erretratu inpartziala eraikitzen, inor juzgatu gabe, adin guztientzako irakurketa aberasgarria proposatzen. Anekdota bat kontatzen, irakurlea leihotik begira ariko balitz bezala sentiarazteko.

Ilustratzaileak eszena garbiak proposatzen ditu, fokua ekintzetan jartzen, txuri-beltzean oinarritutako kolore paleta zuhurrarekin, hori-gorri-urdin eta berdea. Eta istorioari bere ekarpena egiten saiatzen da, testuarekin kontraesanean jartzeko arriskua hartuta.

Guztiarekin liburu xume gogoangarri bat sortzen da, 32 orrialdekoa, tapa bigun apala, Batela bildumako beste perlatxo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.