Literatura. Haur eta gazte literatura. 'GURE HIZTEGI MAGIKOA'

Hua zapo!

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Idazlea: Pello Añorga.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena. Argitaletxea: Aizkorri.

Hitzekin magia eginez etorri zaigu Añorga. Bere estiloan eta bere mailan, hutsik gabe, edozein haurri gustatzeko moduko liburua proposatu digu. Oraingoan betidanik eta mundu zabalean edonon egiten den jolasa hartu, eta hari narratibo baten barruan txertatu du. Jolasa ezaguna da, hitz bat hartu —demagun arbel— eta hura segidan eta azkar esanez beste hitz bat bilakatzen zaigu — belar, gure kasuan— magikoa dirudien modu natural batean.

Liburuan Mikel aitatxo eta Igor mutikoa ageri dira. Lotarako ordua da, eta aitatxok ipuina irakurtzeko gogorik ez duela-eta Hiztegi magikoa erakusten dio mutikoari. Hiztegi horretan, hitzak letra larri handitan ageri dira —Mitxelenaren irudien bidez ikusgarriak direnak irakurleontzat—; aitak hitz bat aukeratzeko eskatzen dio, eta, hala, hiztegiarekin jolasean aritzen dira, orriz orri, mutikoa lokartu, eta istorioa amaitzen den arte.

Literatur ikuspuntu hertsi batetik hartuta, liburu hau anekdota huts bat besterik ez bada ere, ondo idatzitako obra plazer-emaile baten aurrean gaude, eta hori nabarmentzekoa da. Idatz-teknikaren araztasuna alde batera utzita, ezin ahaztuko dugu hizkuntza jolasak haurrei asko gustatzen zaizkiela, oharkabean eta gozatuaz euren hizkuntza gaitasunetan aurrera egiten laguntzen die, eta, helduok haurrekin zer egin ez dakigula gaudenean, jolasen peskizan gabiltzanean, liburu honek iradokitzen digun jolasa erabiliaz aukera ona izango dugu. Bost bat urtetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.