Egoitza finkorik gabe jarraitzen du Tecnaliak, bat egitea hasi eta bi urtera

Txandakako prozesuari ekin diote, eta egoitza Zamudiotik Donostiara pasatuko da uztailean, urte eta erdirako

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Tecnalia Research & Innovation-en (TRI) egoitza Zamudiotik (Bizkaia) Donostiarapasako da uztailaren 1etik aurrera. Miramongo parke teknologikora. Bertan egongo da, gehienez, urte eta erdiz. Epe horretan behin betiko egoitzari buruzko akordiorik lortu gabe jarraituko balute, Zamudiora bueltatuko litzateke —bertan egon da urtarrilaren 1etik—, beste urte eta erdirako. Eta horrela jarraituko dute, egoitza txandaka aldatuz, akordioa lortu arte.

TRIren patronatuak, aho batez onartu zuen, atzo, txandakako prozesua abiatzea. TRI zortzi zentro teknologikok osatzen dute: Cidemco, ESI, Euve, Fatronik, Inasmet, Labein, Leia eta Robotiker. 2009ko ekainean sinatu zuten bat egiteko protokoloa. Bi urte beranduago, behin betiko egoitzarik gabe jarraitzen dute. Egoitzak bat-egite prozesua gaiztotu du. Iazko uztailean, bat-egite ekitaldia bertan behera geratu zen, Labeinek azken orduan egoitzari buruzko proposamen bat egin zuelako.

Diru sarrerak %30 handitu

TRIk 2012-2014 arteko plan estrategikoa aurkezteko agerraldia egin zuen atzo Donostian, baina egoitza izan zen hizketagai nagusia. Jabier Ormazabal TRIko presidentea behin betiko egoitzari buruzko akordio falta zuritzen saiatu zen atzo: «Egoitzarena ez da kezkagarria. Ez da lehentasuna eta ez du eragiten funtzionamenduan. Antolaketa garatzen ari gara eta sendotu egin behar dugu. Eredu nahiko dezentralizatuarekin ari gara lanean». Ormazabalek gehitu zuen praktikan behin betiko egoitza izateak ez diela baliorik eta abantailarik eskainiko. Ez du «presaka» egindako eztabaidarik nahi.TRIk ia urtebete darama lanean, ofizialki urtarrilean hasi zen arren.

Plan estrategikoari dagokionez, TRIk %30 handitu nahi du diru sarrerak, aurtengo 132 milioi eurotik 2014ko 172 milioi eurora. Fakturazio horretatik guztitik %59 enpresekin dituen kontratuen bidez lortzen du. Portzentaje hori Europako korporazio teknologikoen artean handiena dela nabarmendu zuten TRIko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.