Plazara noa, plazatik nator (II). Bi Deak. Urretxu (Gipuzkoa) 2013-08-23

Hau ez da erritmo karibetarra!

Ekainaren hasieratik Euskal Herrian dira Daniellis eta Danieuris Moya Avila ahizpak. Bi Deak bikotea osatzen dute eta 43 kontzertu eskaini dituzte ahoz ahokoari esker.
Danieuris eta Daniellis ahizpak, Bi Deak bikoteko kideak, Urretxuko Motz tabernan emandako kontzertuaren aurretik, iragan ostiralean.
Danieuris eta Daniellis ahizpak, Bi Deak bikoteko kideak, Urretxuko Motz tabernan emandako kontzertuaren aurretik, iragan ostiralean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe

2013ko abuztuak 28
Hotzak daude. Euskal Herriko udak eguraldi eguzkitsua eta tenperatura atseginak, epelak, eskaini dizkie, baina gaur fresko egiten du. Hotz ia. 20 gradu ere ez, eta langar hezea, arratseko zortziak inguruan. «Izugarrizko hotza da hau guretzat, eta zuek mahuka motzetako elastikoarekin!», esan du Daniellis Moya Avilak, Bi Deak bikoteko kideetako batek, bi ahizpetan zaharrena denak. Urretxuko (Gipuzkoa) Motz tabernan dute emanaldia gauean (22:30ean) hark eta Danieuris ahizpa gazteak. «Nire izena ederki ahoskatzen duzue euskaldunok, ohituta zaudete euria hitza esatera eta!». Kosta egin zaie Urretxu eta Zumarragaren arteko aldea zein den igartzea. Iñigo Ibarra (Ander Lipus) aktore lagunaren Peugeot 207 zaharrean iritsi dira. Hala ibili dira uda osoan, batetik bestera. Ez da egon modurik bi ahizpak zein urtetan jaioak diren jakiteko: «Emakume kubatar bati ez galdetu adina...», azaldu dute barrez. Urte bat eta hilabeteko aldea kentzen dio zaharrenak gazteenari. Hori zehaztu dute. Hotza kentzeko, autora joan eta jertse bana jarri du bakoitzak. Eta aurpegia aldatu zaie. Lasaiagoa dute orain. Eta irribarrea ahoan.

Kubatarrak dira. Uda hasieran iritsi ziren Euskal Herrira Las Dos D izenarekin, baina denbora gutxi behar izan dute Euskal Herrira egokitu eta Bi Deak bihurtzeko. «Aurreneko aldiz atera gara Kubatik, eta Euskal Herrira etorri, lagun asko baitugu hemen». Ekainaren hasieran egin zuten Karibetik Kantaurirako bidea. Hasieran, kontzertu batzuk, «dozenatxo bat», jotzeko asmotan iritsi ziren. Baina lagun sareak eta ahoz ahokoak «uste baino askoz ere hobeto» funtzionatu dute, eta bi hilabetean 43 kontzertu eskaini dituzte. Azkenengo biak Urretxukoaren ondotik, Zarautzen eta Lakuntzan (Nafarroa) eman zituzten iragan asteburuan. Euskal Herriko hamaika txoko ezagutu dituzte, gelditu ere egin gabe ibili baitira batera eta bestera. Bizkaian izan dira emanaldi asko. Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere eman dituzte banaka batzuk baino gehiago. «Araba izan da plazarik zailena». Gutxik emango zituzten udan hainbeste kontzertu. Erritmo karibetarraren topikoa ondo asko zapuztu dute bi ahizpek uda honetan.

Ekainaren 4an iritsi ziren Euskal Herrira, «eguzkia aspaldi atera gabea zen, eta egun horretan gurekin batera iritsi zen», esan du Daniellisek, Motz tabernako txoko batean, bi teklaturen artean eserita dauden bitartean. Soinu probak egin bitartean lasai hitz egiten dute. Gustukoa dute solasaldi gozoan aritzea. Irribarreak ez die alde egiten ahotik, eta mintzaideen txandak ondo errespetatzen dituzte.

Motzen bezala, tabernetan jo izan dute, baina baita gaztetxeetan, aretoetan edo kalean. Eta jendearen erantzuna «oso ona eta eskuzabala» izan da beti. Iritsi eta halako arrakasta izatearen arrazoiaz galdetuta: «Ez dakit, baina uste dut euskaldunek badutela Kubarekiko sentiberatasun berezi bat, eta, gainera, euskaraz kantatzen ditugu zenbait kantu. Horrek ere asko errazten du hurbilpena», azaldu du gazteenak. «Asko estimatzen dugu nola maite duzuen zuen hizkuntza eta nola zaintzen duzuen», gaineratu du helduenak.

Biak dira musika ia haurtzarotik ikasiak eta piano ikasketak eginak. Bikote dira, baina izan zitezkeen laukote ere. Beste bi ahizpa baitituzte, eta haiek ere d letraz hasitako izenak dituzte: Daniuska eta Danitza. «Gure ametsa zen Las Cuatro D izatea, baina oraingoz bi gara, eta gustura». Gehiago hitz egiten du Daniellisek. Harena da ahots gidaria, bai hitz egiterakoan eta bai kantatzerakoan. Baina artista bestea dela dio: «Danieurisek konposatzen du. Musika sortzeko gaitasun berezia dauka. Berak egiten ditu kantuetarako musikarik gehienak». Denetariko musika entzuten dute, baina, batez ere, Kubakoa bertakoa: «AEBetako musikak, ingelesak oro har, eragin handiegia dauka gugan, denongan», esan du Daniellisek, atzeko horman Lou Reeden eta Mick Jaggerren irudiak begira dituela. Kubako poetak musikatzen egin dituzte saio asko, baina, batez ere, Kubako musika genero propioak landu dituzte: sona, txa-txa-txa, salsa, habanera, danzona... «Konturatu gara euskaldunoi asko gustatzen zaizkizuela habanerak. Kontzertuetan nabaritzen da hori».

Motz tabernan dauden bi teklatu politetan — «Hammondaren imitazioak dira, baina eder askoak!»— jolasten ibili ondoren, soinu probak egin dituzte Gaizka Oiarzabal tabernari eta kontzertu antolatzailea teknikari dutela. «Eskuineko bafletik ez da soinurik ateratzen, e!», ohartarazi dio Danieurisek. Botoi bati nahigabe eman dio teknikariak, eta, ohartu artean, barre algaraka igaro dute astia. Teklatu bat eta ahotsak. Ez dute besterik erabiltzen kontzertuetan. «Perkusio pixka bat ere sar genezake, baina gure kantuetako asko poeten hitzekin osatuak daude, eta, horrela, modu biluziagoan eskain ditzakegu eta jendeak arreta jartzen du». Abesti bakarra erabili dute soinu proba egiteko. Nahikoa izan da Danieurisen ahots baxuak eta Daniellisen altuak zein ondo elkar hartzen duten konturatzeko, eta zenbat transmiti dezaketen jabetzeko.

Pizza jan eta ura edan

Hamabost minutu eskas nahikoak izan dituzte teklatuaren eta ahotsen bolumenak finkatu eta euren artean ondo uztartzen direla ikusteko. Hamar minutuko osteratxoa tabernatik kanpo, «burua pixka bat oxigenatzeko», eta afari pasadatxoa egin dute, tabernak berak eskainita. Pizza begetala jan du Daniellisek. «Ez dut haragirik jaten». Atunez osaturikoa, Danieurisek. Biek ura edan dute. «Ez zaigu gustatzen kontzertuen aurretik asko jaterik. Tripa hutsa ez, baina beteegia ere ez da komeni kantatzeko».

Ordu erditik gora falta da kontzertua hasi bitartean. Adiskideekin eta ingurukoekin lasai egotea atsegin dute, kontzertua hasi arteko denbora horretan. «Kuban ohitura genuen etxe giroko emanaldiak eskaintzeko. Pianoaren inguruan kantari hasi, eta jendea batzen zitzaigun. Tertuliak egitea asko gustatzen zaigu, eta tertulia horien ondoren kantuan hastea», zehaztu du Daniellisek. Lagun kuadrilla bat baino gehiago bildu zaie tabernara. Lauzpabost emakume, esaterako, Hernaniko (Gipuzkoa) emanaldi batean aurrez ezagutuak, baita Asier Zabaleta dantzaria eta Xabier Mendiguren Elizegi idazlea ere, dezentez lehenagotik ezagunak eta adiskide dituztenak. Euskal Herriko kulturaren arloko makina bat pertsona ezagutzen dituzte, batzuk Kubara egindako bidaietatik, besteak behin Euskal Herrira etorrita egindako harremanengatik. Eta euren errepertorioan ere antzematen da hainbat euskal idazle edo musikarirekin izandako harremana. Kubako idazleen hitzei musika jartzeaz gain, euskaldunek idatzitakoei ere musika jarri die Danieurisek, eta, horrela, Anton Arrufat, Dulce Maria Loinaz, Carlos Maria Loinaz, Carlos Puebla, La Vieja Troba Santiaguera eta Pablo Milanesen kantu eta hitzekin nahasten dira Edorta Jimenezek, Leire Bilbaok, Jon Gerediagak edo Joseba Sarrionandiak idatzitakoak ere.

Ordu erdiko atzerapenarekin hasi dute kontzertua, bertaraturikoek hala eskatuta. Zenbait parez pare eseri zaizkie, tabernako egurrezko aulkiak baliatuta. Beste zenbait barraren babesean egonkortu dira, eta bi aldeetara zutik geratu direnak ere badira. 30 bat lagun dituzte begira. «Ez da jende asko, baina guri berdin zaigu bost izanda ere. Dena ematen dugu», jaurti du oharra Daniellisek. Kontzertua amaitzean aitortu du jendearen arreta «oso ona» izan dela, eta energia ona sortu dela.

Energia on hori lehen kantutik barreiatu da tabernan zehar, a capella kantaturiko La Vieja Troba Santiagueraren Pensamiento piezatik. Anton Arrufaten hitzekin osaturiko Recuento sonarekin, euskaraz kantaturiko Arkakusoak jostariarekin, Edorta Jimenezek Kariberi idatzitakoarekin eta Pablo Milanesen Yolanda aski ezagunarekin bete dute kontzertuaren lehen zatia. Urretxura iristean sentituriko hotza bazterrean utzi dute azkar asko, jertseak kendu, eta Euskal presoak Euskal Herrira dioen elastikoa agerian utzi dute biek, urdin kolorekoa Danieurisek, berdea Daniellisek.

Kolore askotakoak dituzte ahotsak ere. Xuxurla gozoan kanta dezakete tarteka edo ahots goraz eta indar handiz besteetan, Jon Gerediagaren Hego haizearen kontra eta Akaziak lirikoetan, Leire Bilbaoren Azken finean sentikorrean edo Ruper Ordorikak Memoriaren mapa diskoan Sarrionandiaren hitzez egindako Leku izenak gaztelaniaz eta Nombres de lugar izenarekin kantatzean. Bi ahizpen kantaera iritsi egiten da barrenera, eta jendeak eskertu egiten du hori.

Agur hirukoitza

Kontzertuaren amaiera ere ondo neurtua eta apoteosikoa. Bis bat egin beharrean bi egin dituzte, eta azken txanpa hiru kanturekin osatu. Sarrionandia beraren Ez diren gauzak hunkigarria aurrena, Carlos Puebla herrikidearen Hasta siempre hurrena. «Gu bezala, Carlos Puebla Manzanillo herrikoa zen». Publikoak kantatuz erantzun du, azken puntua zelakoan, Comandante Che Guevara oihukatuz, baina oraindik azken ezusteko bat gorderik dute ahizpa kubatarrek. Xabier Leteren Ihes betea zilegi balitz-ekin amaitu dute, baina son erara emana.

Txalo zaparrada luzea jaso dute. Teklatua Peugeot 207ra eraman eta etxeranzko bidea hartu artean lasai geratu dira ingurukoekin hitz egiten. Ea noiz elkar ikusiko duten berriz galdetzen diete urliak eta sandiak, jakinik Euskal Herriko egonaldia amaitzear direla eta Kubarako bidea hartzekotan direla berriz ere. «Itzuliko gara noiz edo noiz seguru, baina oraingoz ona da euskaldunoi ere atseden pixka bat ematea, ez baita ona publikoa gehiegi nekatzea ere. Baina izango duzue guri berri».

Orain, begirada eta ametsak Kantauritik Kariberako bidean dituzte. Bi hilabete pasatxoan Euskal Herrian lortu duten oihartzuna, «edo haren laurdena», lortu nahi lukete jaioterrian: «Han oso emanaldi gutxi izan ditugu orain arte, eta izan ditugunak oso leku protokolozkoetan izan dira. Bikote modura entzun gaitzaten nahi genuke». Bi belarri erne baino ez dira behar Bi Deaken musika eta hots gozoak estimatzeko.

Bihar: Koldo Ameztoi, Lazkaon.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna