Albistea entzun

Aita, semea eta harria

Jon Garañoren 'Perurena' film dokumentala hilaren 10ean estreinatuko dute Donostian

Inaxio Perurena harri-jasotzailearen ibilbidea ardatz harturik, hark aitarekin duen harreman estua erakusten du
Inaxio Perurena, <em>Perurena</em> filmeko irudi batean.
Inaxio Perurena, Perurena filmeko irudi batean. MORIARTI PRODUKZIOAK-ETB

Juan Luis Zabala -

2011ko otsailak 2

Duela zortzi urte piztu zen Perurena film dokumentala ernaldu zuen txinparta, 2003ko otsailaren 8an, Donostiako belodromoan jokatutako Euskadiko Sei Orduetan. Egun hartan, nork bere harri-jasotze saioa egin zuten Iñaki eta Inaxio Perurena aita-semeek: aitak errekorra ezarri zuen, 100 kiloko harria 1.700 aldiz altxatuta; semeak kale egin zuen jendaurreko bere lehen agerpen garrantzitsuan, 263 kilokoa ezin altxaturik. Ikusleen artean zelarik, Jon Garaño zinemagileari han «istorio bat» zegoela iruditu zitzaion, «interesgarria izango zela ikustea aita-semeek nola bizi izan zuten egun hartakoa etxean». Zortzi urte geroago, otsailaren 10ean estreinatuko da txinparta hartatik sortutako Perurena, Jon Garañok zuzendu eta Moriarti Produkzioak eta ETBk ekoitzia, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Filmaren ardatz nagusia Inaxio Perurenak 2003ko egun hartatik 2009ko abendura arte egindako ibilbidea da; Asteasun (Gipuzkoa) 300 kiloko harria bizkarreratzen saiatu zen egunera arte zehazki. 2005 eta 2009koak dira Garañok dokumentalerako beren-beregi egindako grabazio gehienak, baina horietaz gain artxiboko irudi asko ere txertatu ditu, horien artean Inaxio Perurenaren txikitako irudiak, familiak utzitakoak. Filmeko musika Pascal Gaignek sortua da.

«Dokumentalaren alderdirik politenetako bat da erakusten duela Inaxio hazten», Garañoren ustez. «Bost urterekin atera zen lehen aldiz plazara harri bat jasotzera, eta gero ageri da zazpirekin, hamaikarekin, hamabirekin, hamahirurekin… Hasierako saioak irudi domestikoekin ikusten dira, eta gerokoak telebistako irudien bitartez».

Baina ia-ia Inaxio Perurenak adinako protagonismoa hartzen du filmean Iñaki Perurenak, aita izan baitu beti ispilu eta eredu semeak. «Ezinezkoa da Inaxioren istorioa kontatzea Iñaki aipatu gabe. Kontuan hartu behar da Inaxio jaio zenerako Iñaki harri-jasotzaile handia zela, eta gero Inaxiok, dokumentalean esaten duen bezala, aita bezalakoa izan nahi izan duela. Filmak erakusten du zein zaila izan daitekeen, edo den, Iñaki Perurenaren semea izatea, harri-jasotzaile izan nahi baldin baduzu, aitaren arrastoa hain handia izanik».

«Semeak aitaren bidea jarraitu arren, izateko moduan ezberdinak dira Inaxio eta Iñaki, eta ez dakit horrek ere eragina izan dezakeen harri-jasoketan», dio Jose Maria Goenagarekin batera 80 egunean filmatu zuen zuzendariak. «Iñaki oso plazagizona da, zentzu guztietan, badirudi ez dela inoiz urduri jartzen, eta Inaxio ez da horretan aita bezalakoa. Alderdi horretan beste semea, Xabier, du antzekoago Iñakik».

Dokumentala egiteko eskaini dioten laguntza dela eta, Perurena aita-semeei esker ona zor diela dio Garañok. «Haiekin grabazioak egiteaz gain, etxeko argazki eta bideo irudiak utzi dizkidate, eta ez didate inolako arazorik jarri. Bost urtez egon naiz haiekin lan eginez boladaka, tarteka haiengana joan eta irudiak hartuz eta gero beste hainbat hilabetetan kasurik egin gabe, eta nik uste dut une batzuetan ez zutela oso ondo ulertu zertan ari nintzen, eta mesfidantza pixka bat ere izan zutela inoiz. Gainera, batzuetan iruditu izan zait Inaxiori 300 kiloen errekora egiteko zuen presioa handitu egiten nuela nire lanarekin, eta horrekin oso kezkatuta egon nintzen bolada batean».

Baina biek ikusi dute dokumentala bukatuta —«bakoitzak bere aldetik etorrita, bataren iritziak bestearena ez baldintzatzeko»—, eta gustura gelditu dira. «Hori oso garrantzitsua da niretzat. Era honetako dokumental bat egiten duzunean, pertsona batzuen bizitzen parte batzuk kontatzen ari zara, eta gutxieneko errespetua izan behar duzu haiekiko, batik bat haiek egindakoaz baliatzen ari zarenean».

Bertan behera uztetik gertu

Duela zortzi urteko lehen txinparta hartatik azken emaitzara arte egindako bidean aldaketa asko izan ditu egitasmoak. «Hasieran dokumental obserbazionala egin nahi nuen, lekukotasunik eta off-eko ahotsik gabekoa, baina jabetu nintzen ezinezkoa zela eta proiektua bertan behera uztekotan egon nintzen». Baina gero egindako grabazioekin egitasmoa egokitu eta telebistarako zerbait egin zezaketela pentsatu zuten Garañok eta Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko lankideek. «Euskal Telebistara aurkeztu genuen proiektua 2007an, baiezkoa jaso eta orain amaitu dugu».

Zehaztu gabe dago oraindik ETBk noiz emango duen Perurena, eta zer ibilbide egingo duen gero. «Publiko orokorrari zuzendua dago, ez da soilik herri kirolen inguruan interesa dutenentzako lana», Garañok dioenez. «Aitaren eta semearen arteko harremanen gaia jorratzen du, tentsioko une batzuk ere badira… Nahiz eta oso istorio partikularra izan, uste dut unibertsala ere badela zentzu askotan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Ekitaldien hutsunea kudeatzea

Amaia Igartua Aristondo

Musikaren sektoreko profesionalei kontzertuetatik datozkie diru sarrerak, bereziki; managerrei ere, beste horrenbeste. Pandemiaren ondorioz, ikuskizunak desagertu egin ziren aurrena, eta murriztu ondoren. Egoera horrek nola eragin dien kontatu diote zenbait kudeatzailek BERRIAri. Itzuleraren gakoak.

Nikos Kazantzakis idazlea. ©BERRIA

Biziminetan bapo

Joannes Jauregi

Aurten dira 75 urte Nikos Kazantzakis idazle eta filosofo greziarrak 'Zorba ospetsuaren hitzak eta egintzak' argitaratu zituela. Duela lau urte kaleratu zen liburua euskaraz, bere ibilbidea urratzen segitzen duen seinale.

Gerard Lovek taldea utzi ondoren, Dave McGowanek hartu du haren lekua baxuan, eta Euros Childs batu zaie teklatuan eta ahotsetan. ©DONALD MILNE / TEENAGE FANCLUB

Bizitzaren aldaketei so

Aitor Biain

Teenage Fanclub taldeak 'Endless Arcade' kaleratu du, estudioko hamargarren lana. Taldean aldaketa garrantzitsuak izan arren, gitarra eta ahots harmoniei eutsi diete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.