Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Ai ene!

2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bagoaz ala bagatoz? Joan den astean bertan aritu zen Santi Leone honi buruz, eta badakit sare sozialetan ere —ez nik nahi bezain sutsu— aritu direla. Baina motz geratu gara eta horregatik ekarriko dut eztabaida atzera ere plazara.

Euskaldunok orgasmora iristean… bagoaz ala bagatoz?

Horra erabaki beharrekoa! Hil ala bizikoa da, gainera!

Baten batek esango dit badagoela premia larriagorik, krisia, bakea, hura eta bestea. Alabaina, ziur nago ezen, oinarrizkoetan ados jarri ezean, ez dugula sekula aurrera egingo eta, zer nahi duzue nik esatea, biztanle gutxiegi gara ohe kontuetan gaizki moldatzeko…

Beraz, jar gaitezen ados: edo bagoaz, edo bagatoz, baina —eta hau ez bedi literalki har— denok batera. Eta denok esatean, horixe esan nahi dut: denok busti gaitezen. Esan gabe doa azken esaldia ere ez dela hitzez hitz hartu beharrekoa.

Ni, lagun askoren amets hezeen sorburua naizen aldetik, prest nago eredu izan eta eztabaida bero honen aurrean nire jarrera lau haizetara zabaltzeko.

Jaun-andreok: ni banoa. Eta zuek?

Duda barik, egokiena —eta kitzikagarriena— eztabaida Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan jarraitzea litzateke. Nik zer dakit, Pello Urizar Arantza Quirogari —bi aipatzearren— «ni banoa, nirekin etorri nahi?» galdezka ikustea berradiskidetzen ari garelako seinalerik argiena litzateke.

Ene! Irudikatzen hasi eta… hau beroa!

Ai ene…!

Irudikatzen hasi eta… Ai ene… uffff!!

Ai ene…!! Joango naizela uste dut…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.