Iban Zaldua.
Iritzia

Egonarriaren saria

2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Pazientzia pixka bat behar da Alice Munroren ipuin bat irakurtzeko. Astitsu hasi ohi dira, bihurgune bitxiak eginez —itxura batean—; gaia edo are gertakizun nagusia zein izan daitekeen zalantza egin dezake, uneren batean, irakurleak. Baina, halako batean, danba, aurpegian jotzen dizu, zaplazteko bat legez, agerkunde bibliko baten indarrarekin. James Joycek epifania deitzen zion horri, eta Munrok maisuki menderatzen duen artea da, are gehiago kontuan izanda une hori ez duela kokatzen, gehienetan, ipuinaren azken paragrafoan, lehenago edo ondoren baizik. Eta irakurleak egonarri minimo horren saria jasoko du, bikoiztuta edo hirukoiztuta: saria, edo madarikazioa, Munroren ipuinek, irakurlearen aldetiko berreraikuntza ahalegina eskatu ohi duten neurrian, zer pentsatua ematen dutelako, eta haien baitan gordetzen duten pozoia mantso zabaltzen doazelako, liburua itxi ondorengo orduetan eta asteetan. Ipuina, bere txikian, nobela oso bat dela dioen argudio ezagunak zentzurik badu, Munroren obran da.

Egonarriaren eta pertseberantziaren ibilbidea izan da Munrorena. Ama eta etxeko andre bezala zegozkion betebeharrei lapurtutako idazmahai orduena, pixkanaka modernizatzen ari zen Kanadako hiriko eta landako gizarte tradizionalean —lehenengo ipuinak 1950eko hamarraldian argitara eman bazituen ere, aldizkarietan, ez zuen aurreneko liburua osatuko 1968 arte, 36 urterekin—. Genero ustez minor baten menderakuntzari eskainitako ahaleginarena, nobelagintza ororen buru bihurtu duen Letren Errepublika —edo Merkatu— batean: are bere sartu-irten bakarra alor horretan, Nesken eta emakumeen bizitzak (1971), ez da zinezko nobela bat, ipuin-ziklo bat baizik. Emakumeen —eta gizonen— bizitzen gorabeherei zorrotz behatzeko ohiturarena: bakardadeari, dominazioari, alienazioari, bazterrekoari... besteak beste Eudora Welty edo Flannery O'Connor AEBko Hegoaldeko idazleengandik ikasi zuen gisan, Munroren beraren aitorpenak sinetsi ezkero. Idazketari, eta soilik idazketari, emandako denborarena, idazleon agenda gero eta gehiago hornitzen dituzten betelan eta txerpolari eginkizunetara jo gabe; behin bakarrik aritu zen, urtebetez, unibertsitate bateko idazketa lantegi batean irakasle, eta ez dirudi errepikatzeko gogoa geratu zitzaionik.

Guztiaren emaitza, hamalau narrazio liburu, 1968ko Itzal zoriontsuen dantza izenekotik, pasa den urteko Bizitza maitea arte. Eta, idazteari utziko ziola iragarri ostean —81 urte bete berritan—, amaiera bitxi eta pozgarri bat, 2013ko Nobel Sariarena. Baina, bere ipuinetan bezala, amaiera horrek gutxi gehitzen dio bere ibilbideari: argialdia aldez aurretik gauzatu da, eta ondoren gauzatzen jarraituko du, sariak ekarriko dizkion irakurle berriek bere edozein ipuin hartu eta irakurriko dutelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.