Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Rubalcaba: «Hautesleek erabaki dute gu oposizioko buru izatea»

PSOEko hautagaiak, porrota onartu, eta alderdiaren kongresua lehenbailehen egiteko eskatu du

Erredakzioa
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Alderdi sozialistak ez du emaitza onik jaso; argi eta garbi galdu ditugu hauteskundeak», adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiak bozetako azken emaitzak jakin baino ia ordubete lehenago. Izan ere, inoizko emaitzarik kaxkarrenak lortu ditu bere alderdiak. Duela 11 urte Joaquin Almunia PSOEko hautagaiak 125 aulki eskuratu zituenean baino 15 eserleku gutxiago dituzte orain, 110 hain zuzen, eta iragan agintaldian baino 59 gutxiago; halaber, 1979ko hauteskunde eratzaileetan ere orain baino 8 aulki gehiago lortu zituzten.Bozen %28 jaso ditu alderdiak.

«Alderdiko kongresuan bilera egiteko beharra helarazi diot alderdiko idazkari nagusiari, ahalik eta azkarren egitea ezinbestekoa dela iruditzen zaidalako», azpimarratu du Rubalcabak. Madrilgo Ferraz kaleko PSOEren egoitza nagusian egin du agerraldia, jarraitzaileez inguraturik. «Zazpi milioi lagunek euren konfiantza eman digute, inoizko krisi ekonomikorik larriena bizi dugun honetan», adierazi du, eta «bihotzez» eskertu du jasotako babesa. Bertan bildutako jarraitzaileek txaloz eta animo oihuz eten dute hitzaldia. «Herritarrek erabaki dute sozialistok oposizioko buru izatera igaro behar dugula, eta eman diguten konfiantzaren mailan egongo gara».

Rubalcaba Espainiako presidente izateko hautagai gisa aurkezten den lehen aldia da, baina PSOEren baitan pisu handiko gizona izan da. Felipe Gonzalez presidente izan zenak Presidentetza ministro izendatu zuen 1993an, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero jarduneko presidentearen agintaldian ere hainbat kargu izan ditu; hala nola, presidenteorde eta Barne ministro izan da.

Ibilbide luzeari esker pisu handia lortu du Rubalcabak alderdian, baina hala ere ez du nahikoa konfiantza eskuratu. Krisi ekonomiko larria eta langabezia dira alderdiarekiko babesa murriztu duten faktore nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.