Marco Bellocchioren ibilbide osoari Urrezko Lehoia eman dio Veneziak

Gaur jakinaraziko dute irabazleak zeintzuk diren; Steve McQueenen 'Shame' jotzen dute askok faborito nagusi

Agentziak -

2011ko irailak 10
Marco Bellocchio zinemagilearen ibilbide osoa saritu du Veneziako Mostrak Urrezko Lehoiarekin. 72 urte ditu Nel nome del padre (1971) filmaren egileak, baina zinemaren munduan egiteko duen bidearen hasiera gisa hartu zuen saria. «Ibilbide bati emandako Urrezko Lehoi hau loriatsua izan daitekeen etorkizun baten hasiera berri bat izan daiteke», adierazi zuen atzo, saria jaso aurretik. Pozarren agertu zen kazetarien aurrera. «Eroa edo ergela nintzateke hala egongo ez banintz. Aitortza bat da niretzat; nire ibilbidean beti saiatu naiz nire ideia eta irudiei leiala izaten, aldatuz ere joan banaiz ere. Ez naiz Nel nome del padre egin zuen bera. Sinesten dut aldaketetan; sinesten dut jendea alda daitekeela».

Bernardo Bertolucci zinemagile eta herrikidearen eskutik jaso zuen saria Bellocchiok, eta harekin nolabait berradiskidetzeko balio izan zion. Ohore bat baino gehiago, haren eskutik saria jasotzeak hunkitu egiten duela esan zuen. «70eko urteetan halako aurkakotasun bat izan zen gure artean, baita bekaizkeria ere. Berak arrakasta handia zuen mundu osoan, eta ni zailtasun askorekin nenbilen Nel nome del padre grabatzen. Baina uste dut denborarekin berriro elkartu garela». Belaunaldi berekoak izateak harengandik «misteriotsuki hurbil» sentiarazten du zinemagilea gaur egun.

I pugni in tasca (1965), Marcia trionfale (1976), Salto nel vuoto (1980) edota Buongiorno, notte (2003) izenburuak daude zinemagilearen ibilbidean, baina Nel nome del padre filmarekin lortu zuen arrakasta handiena. Saria jaso behar zuela esan ziotenean, film hura berritu eta Mostran erakusteko aukera proposatu zien zinemagileak antolatzaileei. Jatorrizko pelikulako materialekin osatu du lan berria, eta hura baino «politagoa» geratu zaiola uste du. Mostrak atzo eskaini zuen lanaren emanaldi ofiziala.

Sail ofizialeko azken bi filmak eman zituzten atzo, jaialdia ixteko: Ami Cannan Mann zinemagilearen Texas Killing Fields batetik, eta Johnnie To zuzendariaren Duo minhjin (Life without principle) bestetik; thriller bortitz bat, batetik, eta krisi ekonomikoa ardatz hartuta, umorez, diruaren eta zikoizkeriaren inguruko gogoeta interesgarria, bestetik.

Sariak, gaur

Izen handi ugari izan dira Veneziako 68. Mostran, eta sail ofizialeko 23 filmetatik bat baino gehiago txalotu du kritikak. Steve McQueenen Shame lana aipatu dute askok Urrezko Lehoia jasotzeko faboritoen artean, baina baita filmeko protagonista Michael Fassbenderren izena ere, interpretazio hoberenagatik Volpi Kopa irabazteko. Mostrako arauek, ordea, debekatua dute bi sariak film berari ematea. Baina Darren Aranofsky epaimahaiburuak halakorik egitea ere posible da. Roman Polanskiren Carnage, Alexander Sokuroven Faust eta Andrea Arnolden Wuthering Heighjts ere kinieletan daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna