Bost begirada hezkuntzari (III). Datuen azterketa. Iritzia

Hezkuntza kalitatea hobetzeko legea?

Usoa Urbieta -

2013ko urtarrilak 4
Gizarte demokratiko batean, Hezkuntza sistema hobetu nahi bada, ezinbestekoa da alderdi politikoen eta hezkuntza eragileen parte-hartzea eta adostasuna. Legea adostasunik gabe onartzen bada, eta hala ematen du gertatuko dela, alderdi politiko baten ideologia inposatzen da, «hobekuntzaren» aitzakian. Erronka berriei eta egungo beharrei begiratu beharrean, atzean utzitako eredua berpizten du lege berriak. Noski, emaitzak hobetu behar dira, baina orain arte egindako ahaleginei eta egun dugun errealitateari begira.

Estatuko batez besteko eskola-uzte goiztiarra %26,5ekoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan, %12,6koa, Alemania, Belgika edo Frantzia bezalako herrialdeen parekoa. Hobetzeko bidea ez da ikasleen banaketa goiztiarra; aitzitik, ezagutza komunak bermatu behar dira 16 urtera arte, hainbestetan goraipatzen den Finlandiako Hezkuntza sistemak egiten duen modura, gizarte kohesionatu baten aldeko apustua egin nahi badugu.

Hezkuntza lege berriaren arabera, DBH eta Batxiler tituluak eskuratzeko ez da nahikoa izango ikasturteak gainditzea. Ikasleek, ondoren kanpoko azterketak gainditu beharko dituzte. Ez al dira fidagarriak irakasleek eskola eta institutuetan egiten dituzten ebaluazioak? Ez al dute ezagutza maila ziurtatzen? Datu objektiboek baietz diote. Orduan, zertarako gure eskoletako emaitzak hobetzeko balio ez duen neurri atzerakoia?

Zailtasunak jartzeak hobekuntza dakarrela faltsua dela uste dut. Ebaluazioa eta galbahea pasatzea ez baita gauza bera. Eskola Publiko inklusiboaren alde gaude, aukera berdintasunaren alde, ez sistema selektibo baten alde. Bikaintasun maila hobetu behar da, baina ez ikasleen zati bat albo batera utziz.

Erabakitzeko ahalmenari dagokionez, partaidetzan oinarritzen den hezkuntza sistema nahi dugu. Lege berriak eskola komunitateak egun dituen adostasun eta erabakiak hartzeko eskumenak murrizten ditu, organo gorenak kontsultarako bihurtuz. Erabakitzeko ahalmena administrazioan eta ikastetxeko zuzendarian zentralizatzea ez dator bat eskola demokratikoaren izaerarekin, eta inola ere ezin da hobekuntza izan. Eskola-komunitatea osatzen duten eragileen parte-hartzearekin lortzen da hezkuntzaren kalitatea eta ikasleen arrakasta, ez dezagun ahaztu.

Legearen azken orduko «ekarpenek» gaztelerazko eredua nagusitzen dute, euskararen inguruan dagoen adostasuna baztertuz. Ebaluazio Diagnostikoek erakusten dute D ereduko ikasleek Gaztelania maila ona dutela, baina derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskara maila egokia lortzen ez duen ikasle kopuru handia dago oraindik. Hobekuntzarako legeak egoera hau hartu behar du kontuan, eta hortaz, berrikusi, zuzendu eta indartu behar dena euskararen ezagutza maila da. Elebitasunak onura baino ez dio ekarriko ikasleari. Derrigorrezko ikasketak bukatzean, euskararen eta gazteleraren ezagutza eta erabilera bermatu behar du euskal eskola publikoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna