Atzera bueltarik gabe

Itziar Nogerasek berretsi egin du bere erabakia, eta Donostia 2016 bulegoko zuzendari nagusi izateari utziko dioJuan Karlos Izagirrek aitortu du proiektua «krisian eta ezegonkor» dagoela

Itziar Nogeras 2013ko uztailean izendatu zuten Donostia 2016ko zuzendari nagusi Eva Salaberriaren ordez. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ez du segituko. Aurreko egunean Donostia 2016 bulegoko zuzendari nagusi kargua uzteko egindako keinuaren ostean, Itziar Nogerasek berretsi egin zuen atzo erabakia. Ez du segituko kultur hiriburutzaren proiektuan, eta, horrenbestez, egitasmoa kudeatzen duen Fundazioaren Patronatuak beste gidari bat aukeratu beharko du. Juan Karlos Izagirre patronatuaren presidente eta Donostiako alkateak biharko deitu du patronatuaren ezohiko bilerara, «egoera aztertu eta presaz hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko».

Modu horretan, eta ohar labur baten bitartez, 24 ordu lehenago hasitako mugimendu, zalantza eta zurrumurruei amaiera eman zien Izagirrek. Ordurako, ordea, Nogerasen etorkizuna Donostia 2016tik kanpo zegoela adierazia zuen Donostiako Udaleko bozeramaile batzordeak. Udalbatzan ordezkatuta dauden alderdi guztiek erabaki zuten ez zutela onartuko Nogerasek «atzera egitea». Izagirrek berak ere baiezkoa eman zion Ernesto Gasco sozialistak egindako proposamenari.

Nogerasek herenegun eman zuen dimisioa, Fundazioaren Patronatuak Donostia 2016ren egoitzan egindako bileran. Kultur hiriburuaren lantaldeak programazioaren aurrerapena aurkeztu behar zien patronatuko kideei—Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Espainiako Kultura Ministerioa—, baina ezusteko gai bat sartu zen gai zerrendan: Nogerasen kargu uztea. Hain zuzen ere, bilera 16:00etarako deituta zegoen, baina bi ordu lehenago Donostia 2016ko bulegoak prentsa deialdia igorri zieten komunikabideei 18:00etarako deitzeko. Nogerasen prentsaurreko baterako.

Hainbat atzerapenen ondoren, Itziar Elizondo komunikazio arduradunak jakinarazi zien bertaratutako kazetari eta argazkilariei Nogerasek ez zuela hitz egingo, «baldintzak» aldatu egin zirelako. Eguneko azken orduan igorritako ohar labur baten bidez, Donostia 2016k jakinarazi zuen Nogerasek dimisioa eman zuela eta patronatuko kideek erabakia «berriro pentsatzeko» eskatu ziotela. Nogerasen erabakiaren atzean dauden arrazoien gainean ez zuen ezer agertu kultur hiriburutzaren bulegoak. Orain arteko zuzendari nagusiak ez du adierazpenik egin, eta gaur goizerako deitu ditu komunikabideak azalpenak emateko. Nolanahi ere, Ramon Gomez Donostiako Udaldeko PPren taldeko ordezkariak bozeramaileen batzordean Izagirrek emandako azalpenak aireratu zituen: «Ez zioten uzten kudeaketa lana egiten, ez zioten ematen eskatzen zituen baliabideak, ez ekonomikoak ez langileei dagozkienak, eta ez zuen babesik sentitzen».

Kargua uzteko Nogerasek erabilitako moduarekin «minduta eta harrituta» agertu zen Izagirre, baina erabaki pertsonalak «errespetatu» egin behar direla gaineratu zuen: «Proiektu honetan sinesten duenak egon behar du bertan». Horri lotuta, Fundazioaren Patronatuko presidentearen iritziz, Nogerasen dimisioak ez luke eragin beharko Donostia 2016ren proiektuan, baina egitasmoa «borroka politikotik atera beharko litzateke».

Horretaz gain, autokritika ere egin zuen Izagirrek, «komunikazio okerrengatik eta Donostia 2016ko zuzendaritza taldeetan izan den ezegonkortasunagatik». Azkeneko lau hilabeteetan kultur hiriburuan ardura postua zuten beste bi pertsonak ere utzi dute Donostia 2016: Fernando Bernues proiektuen zuzendari artistikoak eta Igor Otxoa proiektuen arduradun nagusiak.

Espainia, Europara begira

Espainiako Gobernua Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuan ordezkatua egonda ere —Maria Teresa Lizaranzu da kidea—, Kultura Ministerioak gogor kritikatu zuen atzo Donostia 2016ko zuzendaritzaren «profesionaltasun falta, bai kudeaketan bai konpromisoan». Ohar baten bidez, ministerioak adierazi zuen informazioa helaraziko diela Europako agintariei kultur hiriburutzaren berri emateko eta kezka adierazteko «instituzioen leialtasun faltagatik, proiektuaren atzerapenengatik eta zuzendaritzaren eta patronatuko kideen arteko harremanetan dagoen gardentasun faltagatik».

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, proiektuaren aldeko apustu «irmoa» adierazi zuen Cristina Uriarte Kultura sailburuaren bitartez: «Instituzio guztiak sinetsita gaude proiektuak aurrera egingo duela, eta horretarako egingo dugu lan». Eusko Alderdi Jeltzaleak eta PSE-EEk, berriz, hurrenez hurren, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuaren eta Martin Garitano ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu dute Batzar Nagusietan.

Itziar Nogeras iazko uztailean izendatu zuten Donostia 2016ko zuzendari nagusi Eva Salaberriaren ordez. Izendapena bera ere ez zen polemikatik salbu egon, ordea. Nogerasek Elhuyarren egiten zuen lan, eta lankideei mezu bat bidali zien informatzeko Donostia 2016n eskaini zioten lanpostu berriaz. Zuzendari nagusia hautatzeko lehiaketa publikoa iragarri gabe zegoen artean. Juan Karlos Izagirrek, nolanahi ere, zuzendaria izendatzeko prozesuaren «garbitasuna» azpimarratu zuen. Kargua aukeratzeko lehiaketa publikoa egin behar zela jakin aurretik eskaini zion Izagirrek zuzendari postua Nogerasi, eta ondoren «lehiaketara aurkezteko animatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.