Batasunaren desegitea

«Aro berriak tresna berriak behar dituelako», Batasuna desagertu da

Zutik Euskal Herria ebazpenak eragin aldaketak direla eta, Batasunaren aroa «agortutzat» jo dute alderdiko ordezkariekMilitanteen esku utzi dute Batasunaren segidarako tresna erabakitzeko ardura

Maite Goihenetxe eta Jean-Claude Agerre, Batasunaren desagerpenaren berri ematen, atzo, Baionan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«Euskal Herriak bizi duen aro politiko berriak tresna berriak» eskatzen dituela ondorioztaturik, Batasunak desegiteko hautua egin du. Erabakiaren berri eman zuten atzo Maite Goihenetxe eta Jean-Claude AgerreBatasunakoordezkariek, alderdiak Baionan duen egoitzan.«Batasuna sortu zen fase politikoa bukatuta dagoela ikusirik, agortutzat jo behar dugu ere Batasunaren aroa». Loiolako negoziaketa prozesuaz geroztik, ezker abertzaleak eraman eztabaidak eta Zutik Euskal Herria ebazpenak ondorioztatu aldaketak ekarri zituzten gogora. «Ezker abertzalearenlan moldearen aldaketa eragin dute pauso horiek, eta horri esker Euskal Herriko panorama politikoak aldaketa garrantzitsuak bizitu ditu, tartean ditugula Aieteko Adierazpena eta ETAren erabaki historikoa», Goihenetxeren hitzetan.

Siglek garrantzirik ez dutela erranik, ezker abertzalearen borrokaren eraginkortasuna bermatzea helburu dutela argi utzi zuten, zehaztuz hori segurtatzeko beharrezkoak diren tresnak «aro politiko bakoitzari egokitu behar» direla.

Militanteek erabakiz biharkoa

Batasunaren desagerpenak dakarren hutsa zer-nolatan betetzeko erabakia militanteen esku geldituko da, Agerrek azaldu zuenez: «Militanteei izanen da erabakitzea biharko tresna, gogoeta hori denen artean eramanen dugu». Dena dela, «Euskal Herri askea, batua, euskalduna eta sozialista lortu arte» haien borrokak aitzina darraiela argi utzi zuten. Egitura berri baten sortzea erabakitzen balitz, Zutik Euskal Herrian errandakoarekin«koherentzian» izanen dela argi utzi zuten: «Zutik Euskal Herria eskemak erakusten du bidea, bide demokratikoa eta politikoa izanen da». Ezker abertzaleko beste alderdiekin elkarlana lehenesten dutela berretsi zuten ere.

Batasunaren desegitea, Frantziako eta Espainiako estatuen errepresioaren ondorioa ez dela izan argitu zuten, zehaztuz ez dutela «inoiz gobernuen agenda judizialaren arabera funtzionatu». Bake prozesuari begira gobernuek daukaten blokeo joera deitoraturik, konponbidean urratsak ematea eskatu zieten berriz ere atzo.

Gogoan izan zituzten 2001ean Batasuna sortuz geroz jasandako operazio polizialak, atxiloketak, presondegiratzeak, ilegalizazioak eta Aurore Martin zuberotarraren aurkako euroagindua eta espainiaratzea. «Frantses Estatuaren eraso errepresibo guzti horiek erakusten dute Batasunak ukandako eragina», Agerren hitzetan. Justuki, estatuei begira indar harreman indartsuago bat finkatzeko xedez dute indar metaketa eta elkarlana «osagai politiko nagusi bezala kokatzen».

11 urteko ibilbide «oparoa»

Batasunak Euskal Herriaren eraikuntzan «bere ekarpentxoa» egin duela azaldu zuen Goihenetxek. 2001ean sortu zuten, nazio eraikuntzaren aldeko estrategiaren gauzapenerako nazio mailako egituratzea «ezinbestekotzat» zeukatelako. Baikorki baloratu zuten ikuspegi hori zabalduz joan izana, «pertzepziohori mugimendu abertzaletik haratagoko eremuetan zabaldu delako».

Horrez gain, Batasunaren sortzeak Ipar Euskal Herrian zatiketa eragin bazuen ere, «gora behera guztien gainetik», abertzaleen elkarlan giroa berreskuratzea arrangura nagusietarikoa dutela zioten. Horri begira, EH Bai koalizioa sortu izana oso baikorki baloratu zuten. Azken hamaika urte hauetan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako panorama politikoa erabat aldatu da, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalak duen sostengu anitza delarik froga. Horri begira, 2007az geroztik autonomia estatutuari begira egin sentsibilizazio lana ere goraipatu zuten, egindako lana zerrendatzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.