Kung-fu irakaspen filosofikoa Berlinaleren hasieran

Wong Kar-Waik 'The Grandmaster' aurkeztu du lehiaz kanpo, Bruce Lee omentzen duen film bat

Agentziak
Berlin
2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Wong Kar-Wai zinemagile txinatarrak The Grandmaster filmarekin hasi zuen atzo Berlinale. In the mood for love-ren egileak lehiaz kanpo aurkeztu zuen Bruce Lee borroka arteen maisua modu filosofiko eta estetizistan omendu nahi duenfilma; izan ere, Wong sail ofizialeko epaimahaiburua da.

The Grandmaster-ek borroka arteak ditu oinarrian, baina erritmoaren edota ekintzaren gainetik, edertasunaren aldeko aldarria egiten du. «Bruce Lee nire txikitako heroia izan zen», gogoratu zuen atzo zinemagileak: «Baina borroka arteek, kolpe zehatz eta hilgarriez gain, oinarriak, ohorea eta filosofia asko gordetzen dute barnean».

The Grandmaster 1936an abiatzen da, Txinan, japoniarren inbasioaren urtean. Erasotzaileen kontrako borrokari, baina, iparreko eta hegoaldeko bi klanen arteko gatazka gehitu beharko zaio. Giro horretan, Wong Kar-Waik Ip Mani jarraitzen dio, Bruce Leeren maisua izan zenari, eta Miss Gong etsai eta era berean maitalearekin izango duen harremanari erreparatzendio.

Zuzendariak Txinako bi aktore ospetsuenetakoekin lan egin du filmean. Batetik, Tony Leungekin —In the Mood for Love-ko protagonista izan zen—, eta bestetik, Zhang Ziyirekin — Crouching Tiger, Hidden Dragon eta Memoirs of a Geisha-ren protagonistetako bat—. Ez da lehendabiziko aldia zuzendaria eta aktorea elkarrekin aritzen direna,2046 filmean ere parte hartu baitzuen.

Lehia hasiko da

Atzoko estreinaldiaren ondoren, Berlinaleko lehia gaur hasiko da. Hain zuzen ere, hiru film emango dituzte sail ofizialean: Paradies: Hoffnung, Ulrich Seidlek zuzendutako Austria, Frantzia eta Alemaniaren arteko koprodukzioa; Gus Van Sant estatubatuarraren azkena (Promised Land); eta W imie...,Malgoska Szumowska poloniarrak egindako azkeneko filma.

Datozen egunetan, hainbat zuzendari eta aktore izango dira Berlinen, eta horien artean, izar ugari: Catherine Deneuve, Juliette Binoche, Isabelle Huppert, Matt Damon, Jude Law, Nicholas Cage, Jeremy Irons, Julie Delpy eta Ethan Hawke, besteak beste.

Isabella Rossellinik, berriz, Urrezko Kamera saria jasoko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.