Ezarian. 25 urte irriak eragiten

Muxu eta irrien filosofia

Pirritx eta Porrotxen taldeak duela 25 urte jantzi zituen, lehengoz, sudur gorriak, eta euren gain hartu dute muxuak eta irriak banatzeko ardura; haurrei zein helduei.

Pirritx, Takolo eta Porrotx pailazoak. Takolok pailazo serioarena egiten zuen; beste biek, aldiz, bihurriarena. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Lasarte-Oria
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskararen alde lan egiteko hasi ziren Agustin Mujika eta Joxe Mari Agirretxe, bata baserritarrez jantzita, eta bestea Olentzeroren rolean; gerora bihurtu ziren Takolo eta Porrotx. Biak Lasarte-Oriakoak izanda (Gipuzkoa), eguneroko egoerak kezkatzen zituen bi gazteak: kaleko giroa eta eskaintza «gaztelerazkoa zen erabat», Agirretxeren arabera. Hori ikusirik, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten.

Olentzerori ongietorria egitea izan zen istorio honen guztiaren hasiera. Honela gogoratzen du Porrotxek: «Gaur egun diseinatzen diren estrategia eta etorkizunari begira ibili gabe, kanpaina solteak egiten genituen. Oso aktibistak ginen, eta horrela sortu zen Olentzeroren etorrera, adibidez». Eskola publikoetan egiten zituzten agerraldiak batik bat, orduan A eredua besterik ez baitzegoen.

Ekitaldiak, baina, asko luzatzen ziren, eta irtenbidea bilatu zioten: «Lau bat kanta kasete batean grabatu, eta horien kopiak ikastetxeetara bidaltzea pentsatu genuen; horrela, abestiak denok batera abestu, eta gero guk sketch txiki bat egingo genuke». Hori izan zen hasiera: orduan jantzi zituzten lehenengoz sudur gorria eta pailazo jantziak. Egun baterako jaialdia zenak jarraipena izan zuen, ordea: Euskararen Eguna etorri zen gero, Usurbilgo AEK-k eskatuta egin zuten euren hirugarren ikuskizuna... Eta hortik aurrera, gehiago ere etorri ziren: «Afarien truke, lau xoxen truke, edo musutruk egiten genituen saioak. Horrela egin genuen aurrera».

Euskaraz eta alaitasunez, kalera atera eta zerbait eskaintzea zen Takolo eta Porrotxen helburua. Zirku tradizionaleko formak eta parametroak kopiatu zituzten: aurpegi zuria, zapata handiak... Honela gogoratzen ditu Porrotxek garai haiek: «Nahiko ganberroak ginen, umeak aztoratzen genituen. Hasieran egiten genituen ikuskizunetan, patata tortilla egin beharrean, geneuzkan arrautza guztiak puskatzen genituen.. Behin ume bat etxera joan zen korrika, dozena baten bila, arrautzarik gabe gelditu ginelako larrituta!».

Pixkanaka, haurren eredu bihurtu ziren —eurek esandakoak, egindakoak imitatzen zituztela konturatu ziren—, eta ohartu ziren ezingo zutela arrautzak puskatzen luzaroan jarraitu.

Taula gainean bost urte pasa zituztenean, lehenengo diskoa grabatu zuten, Hau umorea! izenburupean. Herri kantak ziren, Imanol Urbietarenak, eta hari eskaini zioten lana.

Hortik aurrera, asko aldatu da taldea. Lehenengo aldaketa handia Aiora Zulaika Pirritx kide berriarekin etorri zen, 1997an. Ordura arte, pertsonaia gehiagoren rolean aritu zen Zulaika, Perez Sagutxoa eta Maritxu izeba, kasu. Horrela, denbora batez, Takolo, Pirritx eta Porrotx izan ziren: lehenengoak pailazo serioarena egiten zuen, eta beste biek bihurrikeriak baino ez zituzten egiten, bata bestearen atzetik. Takolok, baina, taldea utzi zuen 2004an. Pirritx eta Porrotxek aurrera jarraitu zuten, harik eta 2007an Mertxe Rodriguez Marimotots iritsi zen arte. Rodriguez, baina, ez zen berria taldean: Amona Josefina eta Poxpolin Marisorgin izan baitzen, besteak beste, Marimotots baino lehen.

Pertsonaiak joan eta etorri egin dira taldean, baina benetan taldearen norabidea beste zerbaitek aldatu zuen, 2001. urtean, artean Takolo, Pirritx eta Porrotx zirela. Nikaraguako Somoto herrian dagoen Los Quinchos haurren harrera zentroa bisitatzera joan ziren, eta urte horretan Aupa Kintxo! lana argitaratu zuten. Lan horrekin lortutako dirua ume horientzako eskola finantzatzeko erabili zuten.

Gizarte gaiak lantzen

Handik itzuli eta denbora batera, Ume Alaiak elkartearen deia jaso zuten (haur adoptatuen gurasoen elkartea). Arazo bat zeukaten ikastetxeetan etxerako lan modura umeei eginarazten zieten zuhaitz genealogikoarekin. «Umeak material horrekin etxera iristen zirenean zailtasunak izaten zituzten: ea nola esplikatzen diozun haur bati badaudela eskema tipiko horretan —aitona eta amona, aita eta ama...— sartzen ez diren umeak», dio Porrotxek.

Adopzioaz gain, beste familia errealitate batzuk ere egon bazeudela eta, beste elkarte batzuekin ere hitz egitea pentsatu zuten. Hala, Ume Alaiak elkartearekin ez ezik, Gehitu (Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen Euskal Herriko elkartea), Beroa (Gipuzkoako harrera familien elkartea) eta Agipasekin (Guraso bananduen elkartea) ere egindako elkarlanetik, ipuinen bilduma bat eta familien karta sorta atera zituzten.

«Etxe guztietan egoten zen familien karta sorta —bantuak, tiroldarrak, eskimalak...—, baina joko hori 1964koa zen, ni jaio nintzen garaikoa! Eta ez zegoen besterik. Hori aldatzea pentsatu genuen, izaeraz eta kopuruz desberdinak izango ziren familiekin», azaldu du Porrotxek.

Orduan hasi zen pailazo taldea gizarte gaiei buruzko lanak egiten. Egunkarietan irakurritako edo irratian entzundako albisteetan oinarrituta sortu izan dituzte, edo errealitate sozialei erreparatuta. DVDa ere etorri zen, eta euskarri horrek gaiak beste era batera lantzeko aukera ematen zuen. Ikuskizunetan sakondu ezin zituztenak erreportajeen bidez landu eta DVDan sartzen hasi ziren. Hori izan da taldearen lan ardatzetako bat: hori, eta herrigintzako mugimenduetan txertatuta jarraitzea. Horren erakusgarri dira mota guztietako elkarte, erakunde eta taldeekin elkarlanean egin dituzten proiektuak.

Irribarrea taldearen izateko arrazoi bihurtu badute ere, 25 urte hauetan dena ez da barrea eta algara izan. 2001 inguruan zenbait alderdi politikok taldearen jarduna belztu eta eten nahi izan zuten. Hainbat ekitaldi bertan behera utzi zizkieten, baita zenbait ikuskizun egitea debekatu ere. «Gu herrigintzan gaude, eta kanpaina baino gehiago, bizimodu gisa hartzen dugu. Horregatik, pailazo izateaz gain, gure konpromiso pertsonalak ere baditugu, eta horiengatik zigortu nahi izan gintuzten», dio Porrotxek.

Aspanovas haur minbizidunen gurasoen elkarteak ere deitu zien, urtero antolatzen zuten ekitaldi batean parte har zezaten. Ospitalera joaten hasi ziren gero, eta gaixo zeuden haur guztientzat ikuskizuna egiten. Haur batzuk, baina, ezin izaten dira ikuskizunetara joan, eta haiek joaten dira gelaz gela. Horietako bisita batean ezagutu zuten Ane Perez, Elgoibarkoa; Ane Pirata moduan ere ezaguna. Minbizia zuen 16 urterekin, eta hark erakusten zuen energiak «harrituta» utzi zituen pailazoak. «Ia ez zigun hitz egiten ere utzi. Zutitu, maite zaitut kantua jarri, eta dantzatzen hasi zen. Aho zabalik gelditu ginen», dio Porrotxek. Marimototsi ere iltzatuta gelditu zitzaion hura buruan: «Gelatik atera ginenean, Porrotxek esan zidan: datorren urtean, mototsak eroriko zaizkizu Marimotots!».

Eta horrela etorri zen Eskerrik asko lana: Ane Pirata pertsonaiarekin eta mototsik gabeko Marimototsekin. Aspanovas elkartearena ez ezik, Donostiako Ospitaleko mediku eta hezitzaileen laguntza handia jaso zuten: Porrotxen arabera, «sekulako taldea» zuten.

Berezia izan zen lan hura taldearentzat. Hala gogoratzen du Porrotxek: «Lehenago jorratu genituen gai zailak, sozialak, baina hura... hura berezia izan zen guretzat». Pirritxen ustez, «mugarria» izan zen: «Gugan iragan bat eta gero bat suposatu zuen».

Askotan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lantzen dituzten gaiak ez dira samurrak izaten, alderantziz. Baina, Pirritxen ustez, umorean oinarrituta «edozer» gauza landu daiteke: «Nahiz eta iruditu, Aneren kasuan bezala, pailazo talde batek gaixotasun bat lantzea arraroa dela, guretzat ez da». «Umorea —jarraitu du Pirritxek— ez da barre algara bat: bizitzeko modu bat da, jarrera bat, lan egiteko modu bat ere izan daiteke». Porrotxek segitu du: «Eraikitzailea, baikorra, elkarlanean, auzolanean... Mundura ez gara negar egitera etorri! Nire amak esaten zuen zerua eta infernua hemen bertan daudela, bakoitzaren kontzientzian!».

Nahiko luketenerako bidea

Zulaika —bizitza errealean— haurdun geratu zenean etorri ziren Pupu eta Lore. Eta horrekin batera sortu zen Irrien Lagunen Kluba. Jaioberriak hezteko zein balio nahi zituzten erabaki zuten: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Balio bakoitzarentzat pertsonaia bat sortu zuten, eta hala etorri ziren Tiritatxo medikua, Largabista basozaina, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso, Ane Pirata eta Patakon.

Orain arte egindako lanetan eta Pupu eta Lore hezteko balioen atzean pailazo taldeak munduaz duen ikuspegia dago, desiratzen duten mundu bat, eta hara iristeko bidea erraztu nahi dute. «Nahi genukeen mundu hori lortzeko bide bat da gurea», dio Pirritxek. Eta lortzeko bidean, diote hobe dela «alde egotea, kontra egotea baino».

Hala egin dituzte 25 urte, bere egun eta ordu guztiekin, zazpi eguneko lan asteak behar baino gehiagotan eginez, eta euren aldetik lanean baino gehiago, hainbat elkarterekin elkarlanean. Eta jarraituko dute, «ekarpenen bat» egiten dutela sentitzen duten bitartean, behintzat. Pirritxek argi du lanbide honi «zimurrak» eskainiko dizkiotela: «Lehen, Porrotx eta Takolo zimurrak estalten, aurpegia pintatzen ikusten nituenean, barre egiten nuen! Orain, berriz, ni ere hala ibiltzen naiz!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.