Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Homologagarria

2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Zer da hori, ze tristura, Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren aldean, Batxilergo Balioaniztun Bateratuarekin erkatuta. Inizialak ere ezin konparatuzkoak dira, OHO, BBB, askoz irmoagoak DBH eskas hori baino. OHO eta BBB garaiko zaharrunook, beraz, derrigor izan behar dugu zerbait DBH garaiko mukizu hauen aldean, ez dakit, formazio akademiko sendoagoa, munduari aurre egiteko erraminta zorrotzagoak, besterik ez bada iraganarekiko urguilu vintage bat. Derrigor izan behar dugu zerbait, baina ez naiz kapaz ikusteko zer. Eta DBH horrek badu, gainera, telesail bat, euskaraz, euskal telebista publikoan.

Surio ondorengo hirugarren urtean, hartara, arrandia-handitasunean, Surio garaiko bigarren euskarazko telesaila estreinatu berri da, pasa den astean —nahiz zalantzak ditudan: oraingo Jaurlaritza jardunekoa bada, oraingo EITBko gobernua ere jardunekoa izango da, ezta?—. Surio garaiko lehen euskarazko telesailak, bestalde, Bi eta bat mitiko haren revival-ak, badirudi ez duela iraileko azterketa gainditu: irailean eta urrian eman dituzten bost atal horien ikusle datuen arabera erabaki behar zuen ETBko zuzendaritzak telesailarekin jarraitzea ala ez. Eta ez dute jarraipenik iragarri.

DBH telesaila, beraz, estreinatu da orain. Ostegunetan ematen dute 40 minutuko saio osoa, eta astean zehar —igande, astelehen, astearte eta asteazkenetan—, zatituta, baina errepikatuta, 10 minutuko pildoratxoak. Eta, jakinik telesaila pildoratan ikusteko pentsatu dela, ez litzateke egokiagoa pildorak ematea orijinalak eta ostegunetan jada emandako pildoren bilduma osoa ematea? Uste dut baietz, baina ETBko programatzaileen esku legoke hori ere.

Programatzaileen esku ez dagoena, behintzat, telesaila bera egitea da. Hori Nagore Aranbururen zuzendaritzaren, Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa, Angel Aldarondoren gidoien esku dago. Eta esan beharra dut telesail aski txukuna ateratzen ari zaiela. Ez bakarrik aditz trinko ezin ederragoak erabiltzen dituelako. Ez bakarrik euskal aktore onenei—Mikel Martinez, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Elena Irureta...— zukua ondo ateratzen dielako. Horiez gain, umorezko telesail bati dagokion bezala, barre eginarazten dizulako da txukuna; eta horrek, hitz zatar askoa erabiltzearren, homologagarri egiten duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.