Iratzar fundazioa aurkeztuko du gaur Sortuk, «borroka ideologikoan eragiteko»

Bilboko Euskaldunan egingo dute aurkezpena, eta Arraiz lehendakaria eta Aoiz zuzendaria ariko dira hizlari
Sortu alderdia eratzeko egindako kongresua, joan den urteko otsailaren 23an, Iruñean.
Sortu alderdia eratzeko egindako kongresua, joan den urteko otsailaren 23an, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Telleria -

2014ko otsailak 20
Igandean beteko da urtebete Sortu alderdiak bere kongresu sortzailea egin zuenetik. Eta urteurren horren harira antolatu dute gaurko Bilbon Iratzar fundazioaren aurkezpena (19:00) eta iganderako Oiartzunen (Gipuzkoa) ekitaldi politikoa eta herri bazkaria (12:30). Fundazioari buruzkoak argituko dituzte gaur, eta urtebeteko joanaren balantzea egingo dute igandean.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, Hasier Arraiz izango da Iratzar fundazioko lehendakaria, Floren Aoiz zuzendaria eta Maite Diaz de Heredia kudeatzailea. Sorturen kontseiluko hainbat kide eta militante historikok osatuko dute Patronatua, hamabost lagunekoa, eta gaur emango da horien izenen berri.

Iratzar fundazioak, alderdi politikoen fundazioen barruan, Sorturen menpeko «jarduera autonomoa» garatuko du. Bere garaian Egin egunkarian Josu Muguruza zenak erabiltzen zuen Iratzar ezizenetik hartu du fundazioak izena, eta hark bultzatutako «formazioa eta borroka ideologikoa» bultzatzea izango da fundazioaren helbururik behinena. «Ideien eztabaidan» eragitea da asmoa, eta horretarako sortu da. Sortu alderdiaren zein beste eragileen lana «osatzeko» asmoz ariko da Iratzar, «lehia ideologikoan emankorki eragin nahian». Arduradunek, horregatik, «luzera begirako apustua» dela diote, eguneroko jardueretatik harago doan zerbait. «Ikuspegi estrategikoa garatuko du Iratzar fundazioak».

Ezker independentistaren iragana, oraina eta etorkizuna uztartu nahi ditu Iratzar fundazioak, «egungo egoeraren diagnostikoa eta etorkizunerako egitasmoa garatuko dituen esparrua izango da», eta, horregatik, iparrorratza aukeratu du ikur gisa, «nondik gatozen, nora goazen eta non gauden» jakiteko.

Sortu ez dela «ohiko alderdia» diote arduradunek, eta haren fundazioa ez dela «ohiko fundazioa». Argi dute hori: «Ez dugu pentsalari-adituen klub elitistarik antolatu nahi». Jakintza, pentsamendu, eztabaida eta formulazioa politikoaren «demokratizazioa» bultzatu nahi dute funda- zioko kideek, Euskal Herria «subjektu politiko erabakigarri gisa» indartu nahi dute, eta ekarpen teorikoen sendotasuna «parte hartze zabalarekin» uztartu. Eskua luzatu diete, horregatik, elkarlanean jarduteko borondatea izan dezaketen guztiei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna