Ipar Euskal Herriko gazteria. Aitzina-ren sortzea

Aitzina sortu dute, gazte abertzale ezkertiarrak «batzeko» asmoarekin

Abertzaleen arteko zatiketak gainditzea «ezinbestekotzat» joz, gazte ezkertiar eta abertzale guztiak bildu nahi ditu Aitzina-kHelburua Euskal Herriaren burujabetasuna eta berdintasunean oinarritu gizartea dute

Aitzina antolakundearen aurkezpena, atzo, Jeiki Gazte egunean, ehunka gazteren aitzinean. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Jakin badakigu historiak zatitu gaituela baina gaur guk dugu historia idazten, eta egun hau gazte ezkertiar eta abertzale guztien batze eguna bezala ezagutuko da!». Koldo Etxegarai Aitzina Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen erakundeko bozeramailearen hitzak txalo beroz hartu zituzten atzo Baionako Mousseroles parkean bilduriko ehunka gaztek. Egun guztian zehar gogoeta eta besta uztartu ondoan, gaua hurbildu arau, antolakunde berria aurkezteko tenorea iritsi zitzaien Aitzina-ren ordezkariei. Karpa bete betea, mila lagunen aitzinean aurkeztu zuten erakundea, poesia, dantza, irudiak eta hitzaldiak nahasiz. Poz handiarekin hartu zuten talde berriaren izena. Abertzale ezkertiarren artean egondako zatiketak egon direla adierazi zuen Etxegaraik, baina orain batzeko determinazio argia adierazi zuen. Frantziako eta Espainiako estatuen «oztopo», «eraso» eta «arduragabekeriari» aitzina egiteko indarrak batzea «ezinbestekoa» delako.

Xede hori eskertu zuen oholtzara igotako Filipe Bidart IK-ko militante ohi eta ABko idazkaritzako kideak: «Plazer egiten du ikustea gazte deliberatuak, aitzineko belaunaldikoen huts beretara erori nahi ez dutenak eta elkartasuna lehenesten dutenak». Kontseiluak ere eman zizkien zehaztuz bide horretan «konfiantza», «elkartasuna» eta «anaiarrebatasuna» beharrezkoak direla. Ondoan ukan zuen Sortuko Xabi Larralde, nonbait iraganean izandako zatiketen gainditzearen sinbolo gisa.

Euskal Herriaren subiranotasunaren eta berdintasunean oinarritutako gizarte baten aldarria eramanen du antolakunde berriak. Bost lan eremu izanen dituzte: euskara eta euskal kultura, lurraldetasuna, gatazkaren konponbidea, gizon eta emazteen arteko berdintasuna eta langile borroka.

Bost lan ildo nagusi

Euskal Herriak zazpi lurraldez osaturiko eremu zehatz bat duela erranik, «teoria izatetik marko instituzional batera eramateko» helmuga plazaratu zuen Etxegaraik. Bidean den gatazkaren konponbidearen aldeko konpromisoa adierazi zuen, argi utziz konponbidea lortzeko «gako nagusi» bat izanen dela euskal presoen etxeratzea. Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideari elkartasun osoa erakutsi zion baita ere, «besarkada bero bat» luzatuz. Euskara «babestu eta garatzeko» eta euskal kultura «hezten segitzeko» beharrak azpimarratu zituen.

«Euskal Herriak biztanle guztien arteko berdintasuna mantenduko duen sistema bat beharrezkoa du»; horrela azaldu zuen gizon eta emazteen arteko berdintasunaren aldeko engaiamendua. Azkenik, «gizakiaren ustiaketarekin bukatzeko garaia» dela zehaztuz, langile eta laborarien borrokak sostengatuko dituztela jakinarazi zuen Aitzina-ren bozeramaileak.

Lan esparru guzti horietan ikuspegi nazionala ukanen dutela zehaztu zuen: «Ipar Euskal Herriko gazte erakundea da, bai, baina Euskal Herria izango du gogoeta eta desmartxa praktiko ororen oinarri nazio ikuspegia izanen da, gure gazte antolakuntzaren zutabe sendoenetariko bat». Oholtza gainera igotako Maialen Etxeberria Ernaiko bozeramaileak sostengu osoa erakutsi zien: «Amesten dugun herria eraikitzeko bide lagun aproposa zarete!». Nazioartekoen babesa ere jaso zuten korsikar abertzale gazte baten ahotik.

Ikastolen egoera arriskutsua, euskal lurralde elkargoaren ukapena eta Ipar Euskal Herriaren muga historikoak zangopilatuko lituzkeen kantonamenduen mapa berria, adibideak ez zituen eskas Etxegaraik Frantziako gobernuaren mespretxua eta ukazioa azaltzeko. «Jakin dezatela ez garela geldirik egonen. Gurea den nortasun hau, populu hau, herri hau errespetatu beharko dute, horren berme izango da gure borroka». Bidea ez dela erraza izanen argi ukan arren, «herri oso baten indarra» dutela ohartarazi zuen.

Aurkezpen hasieran zuten hitza hartu Bidart eta Larraldek. Ernesto Guevara Che gerrillari iraultzaileak errandako «errealistak izan gaitezen, posiblea ez dena exijitu dezagun» errana gogoan, haien utopiaren horizontea sekulan ez mugatzea galdetu zien Larraldek gazteei. Telesforo Monzon euskal politikari eta idazlearen erran bat ere oroitarazi zien: «Zuek utopikoek askatasuna ekarriko duzue Euskal Herrirat!».

Aitzina sortzearekin «urrats inportantea» egiten dutela ohartarazirik, antolakuntza eta borrokaren beharra azpimarratu zien: «Borroka sekulan baino gehiago balore zentrala izan behar da militante ezkertiar eta abertzale baten engaiamenduan». Bake prozesuaren testuingurua gogora ekarririk, «borroka Euskal Herriarekin» eraman behar dela nabarmendu zien, hor ere Jose Miguel Beñaran Argala-ren erran bat gogora ekarriz. Nahiz eta bidea «latza eta gogorra» izan, Euskal Herri aske, euskalduna, batua eta sozialista irabaziko dutenaren segurtamena adierazi zien gazteei, Felix Likiniano anarkistaren «ezina, ekinez egina» gogoratuz. Bidartek ere konfiantza osoa erakutsi zien: «Garai bateko gazteek egin dutena beste hainbeste edo gehiagoegiten ahal duzue, bide berriak asmatuz, ildo berriak urratuz... Herria bizi dadin!».

Lanean aritzeko determinazioa agertu zen entzuleen artean ere. «Jo ta ke, irabazi arte!», zein «independentzia!» oihuz eta txalo ezin geldituez josiak ziren hitz hartze guztiak. 2zio rap taldearen Orai da gure tenorea kantuarekin bukatu zen ekitaldi politikoa, eta gauean jarraitu zuen besteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.