«Ez dago torturatua ez den atxiloturik»

Egiptoko segurtasun indarren aurkako tortura salaketak ugaritu egin dira iazko estatu kolpetik. Al-Nadeem zentroaren arabera, arrazoi politikoengatik espetxeratutakoak 20.000 dira.

Ane irazabal
Kairo
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Egun argiz eta kalearen erdian. Hala jaso zuen lehen jipoia Amir Aldawel gazteak. Gero ostikoak etorri ziren; segidan, zaplaztekoak; eta, lurrean etzanda zegoenean, buruan kolpeak. Minutu gutxiko oldarraren ondotik, furgoneta batean sartu eta Kairoko Abu Zaabal espetxera eraman zuten. Iragan azaroaren 3an bizitako erasoa zehatz-mehatz azaldu du Aldawelek, baina, kazetariak sinetsiko ez diolakoan, nahiago du bideo bat ere erakutsi: «Epaiketa militarren kontrako protesta batean geunden. Bat-batean, segurtasun indarrak heldu ziren, eta gutako hamar hartu gintuzten».

Aldawelek ondo gogoratzen du Abu Zaabal kartzelan jasandakoa: jipoiak, deskarga elektrikoak, zikintasuna eta kontrolik eza. «Ezkerreko ekintzaileak Anaia Musulmanak bezain terroristak ginela esan ziguten, eta mehatxatu gintuzten ez ginela handik onik aterako». Hiru hilabete preso egon ondotik, eta beldurra gaindituta, torturen aurkako plataforma bat sortzeari ekin dio Aldawelek. «Aske utzi ninduten nire abokatuak kontaktu onak zituelako, baina espetxean bizitakoak kontzientzia piztu dit», azaldu du.

Gazte egiptoarrak argi dauka berea ez dela kasu bakan bat: «Oso gogorra da jazarpen fisiko eta psikikoak pairatzea, baina torturarik okerrena da, nire ustez, oinarrizko beharrak ukatzea. Abu Zaabalen zortzi pertsona geunden gelaxka berean. Bostek lo egiteko beste hirurek zutik pasatu behar zuten gaua, beraz, txandak egin behar genituen. Batzuetan, aire faltagatik ez itotzeko, zirrikitu bat irekitzen zigun zaindariak».

Joera kezkagarria

Egiptoko segurtasun indarren aurkako tortura salaketak ugaritu egin dira iazko estatu kolpetik. Eta Giza Eskubideen Aldeko Erakundeek alarma gorria piztu dute dagoeneko. Estatu indarkeriaren biktimak birgaitzeaz arduratzen den Al-Nadeem zentroan, torturen gaineko ehun kasu jaso dituzte azken bi hilabeteetan. «Ez gaude larrialdi egoera batean, baina hala balitz bezala jokatzen du erregimen berriak. Egun ez dago torturatua ez den atxiloturik», azaldu du biktimei eta haien senitartekoei laguntza eskaintzeaz arduratzen den Suzan Fayyad psikiatrak.

Al-Nadeemek datu kezkagarriak eskaini ditu: Mohamed Mursi boteretik kendu zutenetik 20.000 lagun espetxeratu dituzte arrazoi politikoengatik. Atxilotuetatik gehienak Anaia Musulmanen kideak edo jarraitzaileak dira, baina gobernuz kanpoko erakundeetako langileak, ekintzaile iraultzaileak eta kazetariak ere kartzelan sartu dituzte. Fayyaden aburuz, azken 20 urtetako daturik kezkagarrienak dira hauek: «Konparaketa bat egin behar bagenu, iaz, Mursi agintean egon zenean, 2.000 atxiloketa politiko egin ziren, eta orduan kopuru benetan larria iruditu zitzaigun».

Legeria eta errealitatea

Gizartearen barruko ahots kritikoak isiltzeko kanpainak «terrorismoaren aurkako gerra» erabili du ezkutu gisa. Fayyaden ustez, «estatu sakona inoiz baino indartsuagoa da. Militarrak, Polizia, epaileak, fiskalak eta zerbitzu sekretuak elkarren ondoan lanean ari dira». Iritzi berekoa da Maha Youssef abokatua, eta salatu du legez kanpoko atxiloketa masiboak instituzionalizatu egin direla: «Milaka gazte espetxean daude haien aurkako karguak ezagutu gabe. Frogarik izan ezean kalean geratu beharko lirateke, baina ez da hala gertatzen. Epaiketa hasi arte presondegian uzten dituzte, 15 eguneko atxiloketa prebentiboak berrituz».

Tortura praktika zaharra da herrialdean. Fayyaden arabera, ezin da jakin orain lehen baino gehiago torturatzen den, baina psikiatrak ez du zalantzarik egungo metodoak bortitzagoak direla. «Haatik, lehen Poliziak bakarrik torturatzen zuen. 2011ko iraultzatik, ordea, militarrak bilakatu dira torturatzailerik krudelenak». Hala, errealitateak talka egiten du legeriarekin. Egiptok Torturen Aurkako Nazioarteko Hitzarmena berretsi zuen 1987an, eta erreferendum bidez onarturiko konstituzio berriak «onartezintzat» jotzen ditu halako praktikak. Hala ere, Barne Ministerioak tortura salaketa guztiak ukatu ditu, eta fiskal nagusiak adierazi du preso politikorik ez dagoela.

Begiak ireki

Edonola ere, azken astetan argitara eman diren bi kasuk hautsak harrotu dituzte Egipton. The Guardian egunkariak iragan abuztuan negar gasen ondorioz hil ziren 37 presoen hilketan sakondu berri du. Abu Zaabal kartzelaren kanpoaldean, furgoneta baten barruan zeuden 45 presoetatik 37 itota hil ziren. Hori baino lehenago, 40 gradura eduki zituzten sei orduz eta aireztapenik gabe. The Guardian-ek bizirik irtendakoekin hitz egin du, eta guztiek ukatu diote bertsio ofiziala, hau da, presoak polizia bat bahitzeko ahalegina egin ostean gaseztatu zituztela.

Bigarren kasuak, berriz, iraganeko tortura praktiken itzulera harrotu du. Izan ere, militarren kontrako protestetan atxilotutako lau emakumek salatu dute birjintasun probak egin dizkietela presondegi militarrean egon bitartean. Tortura mota horren aurkako lehen salaketa ofiziala da 2011ko abenduan Kairoko epaitegi administratiboak bere amaiera agindu zuenetik.

Aldawelek uste du segurtasun indarren zigorgabetasun egoerari amaiera emateko beharrezkoa dela kasu horiek guztiak ahal den gehien argitara ematea: «Orain arte egiptoar askok ez ikusiarena egin dute segurtasun indarren gehiegikerien aurrean. Batzuek, gainera, terrorismoa akabatzeko ezinbesteko metodotzat jo dituzte. Baina hori aldatzen ari da, batez ere, gazteok berriz ere begiak ireki ditugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.