Balentziaga museoa ez ixteko, ordutegia murriztuko dute

Gipuzkoako Aldundiak 50.000 euroko laguntza berezia emango dio, eta, Jaurlaritzarekin batera, defizita estaliko du

Erredakzioa
Donostia
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoko patronatuak museoaren ordutegia murriztea erabaki du, gastuak murriztuz zailtasun ekonomikoei aurre egiteko bide gisa, eta baztertu egin du museoa denboraldi batez ixteko aukera. Horrez gain, museoko patronatuan parte hartzen duten lau erakundeek —Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura Ministerioa— museoari laguntza berezia ematea onartu dute, 2013ko defizitari aurre egiteko.

Gipuzkoako Aldundiak 50.000 euroko laguntza berezia ematea erabaki du, eta Jaurlaritzarekin batera 2013ko defizita estaltzeko konpromisoa hartu du, 80.000 eta 100.000 euro bitartekoa.

Ordutegien murrizketari dagokionez, hiru denboraldi ezarriko dira: altua, baxua eta ertaina; denboraldi bakoitzak bere ordutegia izango du, baina inoiz ez da irekita izango museoa 20:00etatik aurrera, ezta uztailean eta abuztuan ere, orain arte gertatu den bezala. Azarotik otsail arte —denboraldi baxuan—, asteartetik ostiralera izango zabalik museoa, 10:00etatik 15:00ak arte, eta, asteburuetan, 17:00ak arte. Martxotik maiatzera arte, eta baita urrian ere—denboraldi ertainean—, asteartetik ostiralera izango zabalik, 10:00etatik 17:00ak arte, eta larunbatetan 19:00ak arte. Ekainetik iraila arte —denboraldi altuan—, 10:00etatik 19:00etara izango da zabalik, ekain eta iraileko astelehenetan izan ezik, horietan ez baita zabalduko.

«Perspektiba onak» 2014rako

Ordutegia murriztea «museoak azken bi urteetan izan duen errealitatera egokitzea» izango dela adierazi du Ikerne Badiolak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu eta patronatuko lehendakariak. Badiolaren esanetan, 2014rako «perspektiba onak» ditu Balentziaga museoak, egingo diren murrizketek eta kontratuen egokitzapenek isla nabarmena izango dutelako kontaduria ekonomikoan.

Javier Gonzalez de Durana museoko egungo zuzendariak ere parte hartu zuen atzoko bileran. Urtearen amaieran amaitzen zaio kontratua, baina museoaren patronatuak karguan jarrai dezan nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.