Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Herriak aldiro babestu duen agintari bat

Chavez, kolpista. BERRIA.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
•1983. Mugimendu Bolivartar Iraultzailea sortu zuen.

•1989.Caracazo-a. 300 lagun hil zituzten, ofizialki; hainbat iturrik 3.500 izan zirela diote.

•1992. Otsailaren 4an estatu kolpea eman zuten 2.300 militarrek, Chavezen agindupean, eta porrot militar hura garaipen politiko bilakatu zen. Chavez espetxeratu egin zuten, baina O-4 hura prozesu bolivartarraren hasieratzat jotzen da.

•1993. Rafael Calderak irabazi zituen hauteskundeak, eta eskuina atzean geratu zen.

•1994. Calderak amnistia sinatu zuen Chavezentzat, bizitza militar aktibora ez itzultzeko baldintzarekin. Teniente koronel ohiak herrialdea zeharkatu zuen, alderik alde. Fidel Castrok Habanan harrera egin zion.

•1996. MBR-200 Mugimendu Bolivartar Iraultzaileak Agenda Alternatibo Bolivartarra idatzi zuen: ekonomia produktiboa, berdintasun soziala, demokrazia eredu berri bat eta lurralde osoaren errotikako aldaketa.

•1997. MBR-200ek hauteskundeetara aurkeztea erabaki, eta MVR mugimendua sortu zuen.

•1998. Presidentetzarako hauteskundeetan irabazi egin zuen Chavezek botoen %56,20rekin.

•1999. Karguaren zina egin zuen. Alo, presidente telebista saioa hasi zuen. Urte amaieran onartu zuten konstituzio berria.

•2000. Presidentetzarako bozak egin ziren, Chavezen boterea legitimatzeko. Botoen %59,76 eskuratu zituen.

•2001. Iran, Errusia eta Txinara bidaia egin zuen, eta Hidrokarburoen Legea deuseztatu zuen. Lurraren Legea onartu zuen, latifundioak kendu eta lurren banaketa berdinagoa egiteko.

•2002. Chavezen kontrako estatu kolpea izan zen. Agintean egin zituen hiru urteetan ekonomiak gora egin zuen, eta arlo sozialean izandako aurrerapenak agerikoak ziren. Nezakaritza erreforma martxan jarri zuen, hainbat familiari lurrak emanez, eta protesta berehalakoa izan zen: Fedenagas, Fedeagro eta Fegalago ekoizleen erakundeak kexatu ziren: lur asko pribatuak zirela eta kendu zitzaizkien unean produktiboak zirela argudiatu zuten. Nekazarien hainbat familia Maracaiboko hegoaldeko etxalde handietan sartu ziren. Abeltzain eta ekoizle handiak, berriz, aurrez aurre jartzen zitzaizkien.

Hidrokarburoen Legea etorri zen hurrena. Petrolioaren Venezuelako Ganbera ados zegoen legearekin, politika ganorazkoa iruditzen zitzaiolako. Komunikabideetan iskanbila izugarria sortu zuen, atzerriko inbertsioak —estatubatuarrena batez ere— uxatuko zituen beldur. PDVSAko buruak kontra agertu ziren.

Martxa politikoak hasi ziren, kontramartxak ere bai. Oposizioko erakunde zibilekin batu ziren Chavezekin ados ez eta erretiroan zeuden Fronte Instituzional Militarreko kideak.

Fedecamarasek greba antolatu zuen, lurraren, hidrokarburoen eta arrantzaren legeen kontra. Gobernuak nekazarien kontzentrazioa antolatu zuen, eta lege berrien aplikazioa azkartuko zuela esan zuen Chavezek.

2002ko apirilaren 7an iragarri zuen Chavezek PDVSAko gerente nagusiak kalera zihoazela.

Oposizioa kalera atera ziren apirilaren 11n, eta buruzagiek Mirafloresera eraman zituzten herritarrak. Han zeuden chavistak iraultzaren aldeko aldarria egiten. Frankotiratzaileek tiro egin zuten. Miquilena ministroa kolpisten aldera igaro, eta Militarren Goi Agintariak Chavezi amore emateko eskatu zion. Ezezkoaren ondoren bahitu zuten. Atxiloketak eta hildakoak egon ziren hurrengo egunean, eta Kubako enbaxada hartu zuten. Han zegoen Henrique Capriles oposizioko burua. 13an, Chavezen aldeko militarrek kolpea bertan behera geratzea lortu zuten, herritar askoren sostenguarekin. Konstituzioa eta estatuaren botereak bertan behera uzterakoan militar asko Chavezen aldera igaro zirela esaten dute.

•2003. PDVSA enpresaren kontrola Energia eta Petrolioaren Ministerioaren pean geratu zen berriz ere, eta hasi berriak ziren misioak finantzatzen hasi ziren irabaziekin, pobreziari aurre egiteko. Mision Mercal sortu zuen gobernuak, espekulazioari eta elikagai hornikuntzaren gabeziari heltzeko; Mision Robinson, boluntarioek alfabetatzen laguntzeko. Dibisen kontrola ere ezarri zuen kapitalen ihesa eragozteko, eta urte amaieran Aló presidente-n iragarri zuen Mision Barrio Adentro sortu zuela.

•2004. «Latifundioari gerra», proposatu zuen Chavezek, eta ekinbide hori nekazari taldeek babestu zuten. Prozesu horretan 3,6 milioi hektarea desjabetu dira 2011 bitartean, INTI Lurren Institutu Nazionalaren arabera, eta 2012ra arte 270 nekazari eta 300 langile baino gehiago hil zituzten. Berreskuratze asko atzeratu egin dira, hainbat gobernadoreren eta alkateren oztopoengatik.

Egoera sozial eta politiko gatazkatsuaren erdian, 1999ko konstituzioan oinarrituz, oposizioak aktibatutako erreferenduma egin zuten, Chavezek gobernuan jarraitu edo ez erabakitzeko. Baiezkoak irabazi zuen.

Abenduan, Alba sortu zuten.

•2005. «Bidea sozialismoa da» oihukatu zuen Porto Alegreko V. Foroan. Sobietar eredua alde batera utzita, «XXI. Mendeko sozialismoa berrasmatu» beharraz aritu zen. Gutxira, Milizia Bolibartarrak sortu zituen, eraldaketa prozesuak zituen mehatxuei aurre egiteko. Petrocaribek bidea hasi zuen, eskualdeko energia aliantzak. Venezuela analfabetismotik libre dagoela aldarrikatu zuten.

•2006. Kontseilu Komunalen Legea berretsi zuen Batzar Nazionalak, herritarren erakundeek gidatutako sistemari lehentasuna emateko. Segurtasun Doktrina iragarri zuen Bushek «arazoak sortzen dituzten estatuen» kontra. Chavezek gogor salatu zuen «inperialismoaren eta iparraldeko gizontxoa».

Presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea ordu arteko handiena izan zen: %74,7. Chavezek botoen %62,84 lortu zituen. MVRren barruan zegoen blokea desegin eta PSUV sortzea proposatu zuen, talde txikien egituraketa utzi eta egitura batua sortzeko asmoz.

•2007. Kargua hartzean «Kristoagatik» zin egin zuen, «historiako sozialista handienarengatik»; gizarte berria eraikitzeko oinarri jarri zituen aberria eta sozialismoa. Nazionalizazio prozesu indartsuari ekin zion, eta Nazioarteko Diru Funtsetik eta Munduko Bankutik irten zen Venezuela «inperialismoaren tresnak» zirelako. Abenduaren 2an, erreferendum konstituzional bat egin zuten, gobernuari botere handiagoa emateko galdetzeko. Ezezkoak irabazi zuen %1,4ren aldearekin. Lehen galera hori oso gogorra izan zen chavistentzat, ezin garaituzko mitoa hausten baitzuen.

•2008. Tentsio diplomatiko handia sortu zen Kolonbiaren eta Venezuelaren artean, Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak Ekuadorren FARCen kanpaleku bat bonbardatzeko agindua eman zuenean. AEBen aginduz «gerra probokazioa» egitea leporatu zion ordurako Chavezek Uriberi. AEBek 1950ean desegin zuten IV. Flota berriz ere indarrean jarri zuen.

Komunikabide Publikoen Sistema Nazionalari ekin zion.

Unasur sortzeko hitzarmena sinatu zuten Hego Amerikako herrialdeek, eta 2011n jarri zen indarrean. AEBetako enbaxadorea bota zuten, Evo Morales Boliviako presidentearen elkartasun keinu gisa. AEBek neurri berarekin erantzun zioten.

Azaroaren 23an gobernadoreak hautatzeko hauteskundeetan PSUVk 22 estatuetatik hamazazpi eskuratu zituen.

•2009. Konstituzioaren erreforma boto-emaileen %54,86k babestu zuten. Cargill AEBetako enpresaren plantak desjabetu zituen, eta Aeropostal airelinea «jabego sozialeko» bilakatuko zela iragarri zuen. Lau enpresa metalurgiko ere nazionalizatu zituen, Venezuelako Bankua bereganatu zuen, Banco Santanderren filiala, eta Hilton katearen kontzezio epea amaitu zen.

Milizia Bolivartarrak Indar Armatuen bosgarren arma gisara egituratu ziren, estatuaren eta gizartearen partekatze konstituzionalaren printzipioan oinarrituta. AEBek Venezuela «Sobietar Batasunaren eta komunismoaren ondorengo mehatxurik handiena» zela adierazi zuten. Petrolioaren krisiaren eraginez, hemezortzi hiruhilekotan lehen aldiz ekonokia atzeraldian sartu zen.

•2010. Sucrea sartu zen indarrean, Albaren barruko herrialdeen komertzio trukerako diru birtuala.

Nazionalizazioekin jarraituz, Exito eta Marca hipermerkatuen %80 eskuratzeko hitzarmena egin zuen Frantziarekin, eta Kolonbiarekin merkataritza harremanak eten zituen.

Legebiltzarrerako hauteskundeetan oposizioko taldeak lehen aldiz batera aurkeztu ziren MUD Batasun Demokratikoaren Mahaian. Botoetan ia chavisten pare izan ziren. Ordezkari banaketan, ordea, sistemak PSUVren alde jokatu zuen.

Legebiltzarraren aldaketa gertatu baino hilabete lehenago Herriaren Boterearen Legeak onartu zituen Batzar Nazionalak. Oposizioak boterea nahierara erabiltzeko joera leporatu zien chavistei.

•2011. Venezuela munduko petrolio erreserba handienatzat jo zuen LPEEren azken txostenak, Saudi Arabiaren gainetik jarrita, 297.000 milioi findugabeko upelekin. 1998an, boterea hartu zuenean, 75.000 milioikoa zen, LPEEren datuen arabera.

Misio Handiak jarri zituen indarrean, oposizioaren kritika artean: AgroVenezuela, elikagaien burujabetasuna bermatzeko; Etxebizitzen misioa, Amor Mayor eta Hijos de Venezuela misio sozialak ere abiatu zituen.

Ekainean aurkitu zioten minbizia pelbis inguruan. Operatu ondorenean, 33 agintariren aurrean Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitatearen I. Goi Bilera inauguratu zuen, «batasunaren harria».

•2012. Berriz operatu zuten martxoan, eta erradioterapiaren bost ziklo egin zituen.

Maiatzaren 1ean Lanaren Lege Organikoa iragarri zuen. Lan ordutegia murriztu eta gizarte segurantza zabaldu zuen. Soldata bera defenditu zuen lan bera egiten dutenentzat, eta amatasun baimena zabaldu zuen: umea izan aurretik sei aste, eta ondoren hogei aste.

Hauteskundeen kanpaina luzea hasi zuen Chavezek, herri osoan zehar. Henrique Caprilesen MUD koalizioak irabazteko aukera ikusten zen, eta chavistek herritarrak inoiz ez bezala mobilizatu zituzten. Urriaren 7an %80,56ren parte hartzea izan zen, eta botoen %55,07 lortu zituen Chavezek: 8,2 milioi boto. Abenduaren 8an esan zuen ebakuntza berriz egin behar ziotela, eta babes osoa eskatu zuen Nicolas Madurorentzat, bera ordezkatzeko aukeratu zuenarentzat. Kubara joan zen.

Abenduaren 16an gobernadoreen hauteskundeak egin ziren, eta 23 estatuetatik 20 bereganatu zituzten chavistek.

•2013. Urtarrilaren 10ean egin behar zuen Chavezek karguaren zina, baina ezin izan zuen oso gaixo zegoela eta. Oposizioak kargua betetzeko ezintasuna argudiatu eta hauteskundeetara deitzeko eskatu zuen.

Otsailaren 18an itzuli zen Venezuelara, Carlos Arvelo ospitale militarrean tratamendua jarraitzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.