Venezuela. Hauteskunde ostea

Estatu kolpe arriskurik ez, baina giroak gaiztotuta jarraitzen du

Oposizioak bozen emaitzak inpugnatuko ditu; Auzitegi Goreneko presidentearentzat, eskuz kontatzeko eskakizuna aitzakia daGobernuak lanari ekingo dio, dena den: galdutako botoen zergatia aztertuko du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro beste irudi bat ematen hasi da. Gertatzen ari dena diskurtsoetatik baztertu gabe, gobernuburu bati dagozkion erantzukizunak bete nahi ditu. Estatu kolpea amaitutzat jo du, desegonkortzeko elementuek hor dirauten arren, eta erabakiak hartzen hasiko da, eskuinak bere zilegitasuna zalantzan jarrita ere, ez baitu haserre daudenen joko zikina onartuko. «Egoerak larria izaten jarraitzen du, bai, baina horrek ez du herria eta haren gogoa gelditu behar». Horregatik, joan den igandean galdu zituzten botoen zergatia aztertzeko garaia dela jakinarazi du, eta behar den lekuan indarrak jartzen hastekoa: «Hutsuneak non dauden ikusi behar dugu, baina era berean ikusi ere zergatik irabazi duen modu heroiko batean buruzagi handia galdu duen herriak». Hutsune handienak konpontzen hasiko du ibilbidea Madurok: pobreziari aurre egiteko programa guztiak berrikusiko ditu, herriz herri ibiliz arazoa non dagoen ikusten, Chavezek egiten zuen bezala.

Hori izan da, seguruenik, atzokoak izan duen mezu positibo bakarra, egoerak oso nahasia jarraitzen du eta. Astelehen gaueko indarkeriaren biktima izan direnen dolumina oso agerikoa da herriaren alde batera, bolivartarrak baitira hildakoak, kaputxadun armatuen tiroz hildakoak gehienak. Joan den astelehen gauean hil zituzten zortzi pertsonaren errudunak El Salvadorretik eta Kolonbiatik etorritako mertzenario paramilitarrak izan direla ziurtatu du Nicolas Maduroren gobernuak. Inpunitaterik ez da izango haientzat, ezta hainbat iskanbiletan parte hartu dutenentzat ere, eta, Henrique Capriles oposizioko burua auzipetzeko bideak ere jarriko dituzte, indarkeria bultzatzeagatik. Estatu kolpearen konplota kontrolpean dago, Maduroren arabera, baina herrialdea desegonkortzeko ahalegina egiten jarraituko dute. Probokazioan ez erortzeko eskatu du: «Orain erakutsi behar dugu bakean bizi nahi dugun herria garela».

Kalean politikarien artean dagoen tentsioa islatzen da, gauean batez ere, baina azken orduotako chavisten jarraitzaileen portaera bitxiak erakusten du euren buruzagiek esandakoarekin bat egiten dutela, nahiz eta minduta dauden.Euren aldeko hildakoak izan eta hurrengo gauean, musika jarri zuten kale guztietan, eta Chavezen aldeko kantuak abesten eta dantzan igaro zuten protesta osoa, oposiziokoen irainei ironiaz erantzunez. Oposiziokoek kazeroladaren formula erabiltzen jarraitzen dute, hirian daudela sentiarazteko adierazpen entzutetsua, eta CNE Hauteskunde Batzorde Nazionaleko hainbat egoitzatan ere egin dituzte protestak, baina ez dute aurrez aurrekorik topatu, nahiz eta orain inoiz ez bezala ausart diren nahi dutena nahi duten bezala esateko, mespretxuz. Caracasko CNEren aurreko deialdia bertan behera utzi izanak, ordea, lagundu du indarkeriak gainezka egin ez dezan. Astelehen gauekoa eta gero, Caprilesek agindu die jarraitzaileen erretira daitezen liskar puntuetatik. Barealdi labur bat izan daiteke, ordea.

Emaitzen inpugnazioa

Oposizioak hauteskundeen emaitzakinpugnatuko ditu, CNE Hauteskundeen Batzorde Nazionalean. Ziurtatu du milioi bat boto baino gehiagoren iruzurra dagoela. El Nacional egunkari eskuindarrak zekarren atzo iruzurren desglosea: bozkalekuetako makinak kalteren bat izan dute: —189.982 botok—; 1.176 eskolatan Chavezek baino boto gehiago eskuratu zituen Madurok; 397 zentroen kanpoaldean indarkeria ekintzak egon ziren, 1.240.000 botori eraginez; 421 zentrotan proselitismo politikoa egin zen: 1.180.000 boto daude zalantzan; azkenik, 286 zentrotan handik indarrez atera zituzten oposizioaren lekukoak: 1.180.000 botoren baliagarritasuna zalantzan.

CNEk Caracasko El Retiro eskolan zuen ordezkariak, Luis Mercanok, hainbat herritarri kanpora joateko aginduaren lekuko izan zen BERRIA igandean. Lau emakume bozkalekuaren kanpoan zeuden, eta botoa emateko zain zeuden galdetu zien. Ezetz, botoa eman zutela, baina han egoteko eskubide osoa zutela. Haietako bat abokatua zen, eta berari ez ziola klaserik eman behar esan zion Mercanori. Hark, pazientzia handiarekin, kontaketa hasi arte ez zutela han egon behar esan zien. Emakume haiek bezala, beste batzuek ere gauza bera egin zuten beste eskoletan; oposizioak SMS bidez bidalitako mezu batzuek presentzia ziurtatzera joateko deia egin zuten.

«Milioi bat baino boto gehiagotan zalantzak ditugu. Hori baino gehiago den unibertsoaz ari gara», esan zuen Caprilesek atzo gauean. Kontaketa eskuz egiteko eskatzen jarraitzen dute Maduroren presidentetza onartzeko baldintza bezala, baina hori ez da inolaz ere gertatuko.

Justizia Auzitegi Goreneko presidente Luisa Estella Moralesek, eskuz kontatzeko eskakizuna aitzaki bat dela ondorioztatu du, eta engainatu egin dituela jarraitzaileak, 1999ko konstituzioak kontatzeko modu hori alde batera utzi eta automatizatua erabiltzearen alde egin zuelako. «Kontaketa hori eskatzeak eta ukatzeak pertsonak haserretu ditu», espektatiba faltsuak sortu dituelako. «Ez da inpunitaterik egongo».

Parlamentuan liskarrak

Batzar Nazionalean ere izan dira gaur eta atzo, Venezuelan jarduera normalizaturik ez dagoela erakusten duten gertaerak. Diosdado Cabello hango presidenteak atzo hitza kendu zien Nicolas Maduro onartzen ez duten oposizioko parlamentariei. Irainak ez ziren falta izan. Lau batzordeetatik kargugabetu ditu ere haien buruak, eta ofizialistak jarri ditu haien ordez. Konstituzioaren arabera, Batzar Nagusiko presidenteak kargugabetu eta izenda ditzake batzordeetako buruak, eta hala egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.