'Animalien Ihauteria' emango dute Labeque ahizpek eta Oreka TXk

Paxkal Indoren testu bat oinarri dutela, Saint Saensen obra moldatu dute, EOSeko zazpi musikarirekin batera

Erredakzioa
Donostia
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Katia eta Marielle Labeque ahizpek eta Oreka TX taldeak Camille Saint Saens musikagilearen Animalien Ihauteria obraren moldaketa aurkeztuko dute, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zazpi musikarirekin batera, datorren asteko asteburuan egingo dituzten hiru emanalditan: Baionako antzokian aurreneko biak, irailaren 14an, larunbatarekin, 16:00etan eta 18:00etan; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian hirugarrena, irailaren 15ean, igandearekin, 12:00etan. Paxkal Indok idatzi du gidoia, eta kontalari lanak Amaia Hennebutte-Millardek egingo ditu. Zuzendaritza artistikoaren arduradunak Paxkal Indo eta Katia Labeque dira.

Saint Saensen partituran oinarrituta, Animalien Ihauteria ikuskizunak obra horretan jatorriz islatzen diren animaliak euskal mitologiatik eratorritako pertsonaiekin nahasten dira, Indok idatzitako ikuskizunerako idatzi duen testuari jarraituz. Indo eta Labeque ahizpak 2009an hasi ziren proiektua lantzen, Maurice Ravelen Boleroa-a Euskal Herriko perkusio tresnekin moldatzeko egin zieten proposamena lantzen ari zirelarik. «Katia eta Mariellleren lehen egiazko kontaktua izan zen euskal kulturarekin», Indok azaldu duenez, «eta pittaka-pittaka sakonduz joan ziren, eta mundu osoan ezaguna den piano bikotea osatzen dute Baionan sortutako bi pianistak. Bertze Euskal Herri baten ezagutza egin zutela erranez geroz, proiektu bat osoki euskaraz egitea proposatu nien». Animalien Ihauteria da proposamen hori, eta emaitza irailaren 14an eta 15ean iritsiko da oholtzetara.

Orkestrarekin arituak

Aurretik ere Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin arituak dira hala Labeque ahizpak nola Oreka TX, hainbat proiektu eta emanalditan. Ikuskizunean EOSeko zazpi musikarik parte hartuko dute: Ortzi Oihartzabal eta Itziar Prieto biolin jotzaileak; Delphine Dupuy biola jotzailea; Jon Larraz biolontxelo jotzailea; Arkadius Maciejski kontrabaxu jotzailea; Bruno Claverie flauta jotzailea; eta Stephane Langlis klarinete jotzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.