Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Herrira-k dio Madrilen «ahulezia» islatzen duela polizia operazioak

Herrira-ko ordezkariek diote mobilizatzeko duten gaitasunari «beldurra» diola Espainiako gobernuak
Etxerat-ek Herrira-ren Hernaniko egoitzaren aurrean egindako agerraldia, atzo.
Etxerat-ek Herrira-ren Hernaniko egoitzaren aurrean egindako agerraldia, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Jenofa Berhokoirigoin -

2013ko urriak 4
Astelehenean pairaturiko polizia operazioa Espainiako estatuaren «ahuleziaren isla» dela dio Herrira-k: «Argi geratu da [Espainiako estatua] beldur dela Euskal Herriko herri eta hiri guztietan mobilizazioak loratzeko dugun gaitasunaz. Horregatik da erasoa hain bortitza eta zuzena izan». Analisi hori plazaratu zuten Herrira-ko ordezkariek atzo, Baionan egindako prentsaurrekoan. Lanean segitzeko gogoa berretsi zuten hogeita hamar bat militantek.

Herrira mugimendu «zabala, aniztuna eta legala» izan arren, gertatutakoa ikusirik, Ipar Euskal Herriko ordezkariak ere arriskuan direla badakite: «Erasoak ondorioak ukan ditzake Ipar Euskal Herrian ere, historiak hori erakusten digu». Egoeraren larritasuna azpimarraturik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako eragile soziopolitikoei mobilizatzeko deia luzatu zieten. Iazko azaroan Herrira-k Baionan burutu manifestazioan egon ziren 15.000 lagun, tartean zirela Frederique Espagnac, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux parlamentari sozialistak. Aste honetan, haatik, isilik gelditu dira parlamentariak. Bake prozesuaren alde «benetan inplikatzeko» eskatu zien Alderdi Sozialistari.

Bihar Bilbora joateko deia luzatu zuten herritar guztiei. Antolatzaileak txalotu zituzten: «Preso eta iheslarien gaia haien esku hartzen dutela jakinaraziz, erasoari erantzuten jakin dute».

Etxerat: «Denok gara Herrira»

Hernanin, berriz, elkartasunari zigilua jarri nahi izan diotela eta espetxe politikaren eta «salbuespen neurrien» salaketa «desagerrarazi» nahi izan dute salatu zuten euskal preso eta iheslarien dozenaka senide eta lagunek, Guardia Zibilaren itxitako Herrira-ren egoitza aurrean. Etxerat-eko Ibai Bilbaoren esanetan, Espainiako Gobernuak normalizazioari, bizikidetzari eta bakeari «izugarrizko beldurra» diola erakutsi du operazioak, baina ziurtatu du aurrera egitea lortu dela denen artean. «Bide horretan jarraitu behar dugu. Herrira guztion artean sortu zen; guztiok Herrira gara».