Sexuka bereizten duten eskolei ez dietela dirurik emango esan du Iribasek

Erredakzioa
Iruñea
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Gobernu honek beti betetzen ditu indarrean dauden legeak». Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek hitz horiekin isilarazi nahi izan ditu zalantzak, eta jakinarazi du haurrak sexuka bereizten dituzten ikastetxeak ez dituztela diruz lagunduko. Foru arau bat dago indarrean eskola horien itunpetzea saihesteko, eta gobernuak beteko ote duen; duda horixe du oposizioak. Horregatik, gaiari buruzko galdera egin zion atzo Nafarroako Parlamentuan Iribasi PSNko legebiltzarkide Pedro Rasconek. Izan ere, gogora ekarri zuen UPN irmo ari dela oraindik sexuka ikasleak bereizten dituzten eskolak diruz laguntzearen alde; Espainiako Senatuan hezkuntza erreformari lotutako zuzenketa bat aurkeztu berri dute, esaterako, gai horren inguruan. Eta atzo Iribasek parlamentuan egindako adierazpenek ere argi uzten dute hezkuntza eredu hori gogoko dutela; «segregazio» hitza, esaterako, ezin dela sexuka bereizten duten ikastetxeen jardunbiderako erabili esan zuen. «Segregaziorik balego, ikastetxe horiek itxita egongo lirateke; hezkuntza emateko era ezberdin bati buruz ari gara, eta segregazio hitzarekin ez du bat egiten». Iribasen kudeaketa «gaitzesteko» eskatuz ebazpen bat aurkeztu zuen atzo Ezkerrak parlamentuan, baina ez zuten onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.