Lider indartsu bat nahiago

Al-Sisiren jarraitzaileek festa giroan eman dute botoa Egipton, presidentea hautatzeko lehen egunean

Ane irazabal
Kairo
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Parte hartu. Guk babestuko zaitugu». Militarrek zabaldutako mezu argi horrekin esnatu ziren atzo Egiptoko herritarrak. Protesten eta boikotaren artean, milioika egiptoar botoa ematera joan ziren presidentetzarako bozen lehen egunean. Guztira, 54 milioi herritar inguruk daukate bozkatzeko eskubidea, 2012ko hauteskundeetan baino bi milioi gehiagok.

Istilurik gabeko eguna izan zen Kairon. Are gehiago, Abdel Fatah Al-Sisiren jarraitzaileek festa aberkoi bat antolatu zuten kaleetan. Egiptoko banderak, ereserkiak eta militarren aldeko oihuak nagusi izan ziren hautesleku gehienetan. «Goizeko zazpietatik daramat ilara egiten, baina oso pozik nago. Segurtasuna itzul dadila nahi dut, ez du besterik eskatzen», adierazi zuen Abdeen auzoko neska gazte batek.

Presidente izateko bi hautagaiek ere botoa eman dute dagoeneko. Al-Sisik Heliopolis auzoan bozkatu zuen atzo, eta Sabahik, berriz, Mohandisin eremuan. Tawadros II.a aita santu koptoa eta Egiptoko mufti handia ere hauteslekuetatik pasatu ziren, boto eskubidea praktikan jartzeko.

Al-Sisi nonahi

Lider indartsu baten beharra. Hori da Al-Sisiren alde daudenen argudioa. Presidente izateko faboritoak badaki herritarrek zer eskatzen duten, eta hala, lau ideiatan oinarritutako programa politiko sinplea hezurmamitu du: segurtasuna, garapen ekonomikoa, mugen zaintza eta turismoaren itzulera.

«Gure herriaren alde bozkatzera etorri gara. Munduaren aurrean argi utziko dugu egiptoarrok Al-Sisi nahi dugula», irizten dio Al-Azhar unibertsitateko irakasle Gamal Munirrek. 2012an Mohamed Mursiren alde bozkatu zuela onartzen du, baina islamistengandik tradituta sentitzen da: «Gamal Abdel Nasser presidente handiak ohartarazi zigun islamistek traizio egingo zigutela, eta hala izan da azkenean». Adierazpen horretan ez dira sartzen salafistak; izan ere, Al-Nur alderdiak estatu kolpea defendatu eta Al-Sisiren aldeko botoa eskatu du.

Txanponaren beste aldean Hamdin Sabahi dago. Hauteskunde hauetako galtzaile seguruak irregulartasunak salatu zituen atzo. «Epaileek trabak jarri dituzte gure behatzaileak hauteslekuetara sartzeko. Botere judizialak erregimen zaharra babesten du», nabarmendu zuten politikari nasseristaren aldeko zenbait ekintzailek.

Kasuak kasu, nekez topa daiteke presidentegai ezkertiarrari botoa eman diola onartzen duen herritarrik. Izan ere, zenbaitzuek «beldurtuta» daudela salatu zuten atzo. «Ez dugu gure iritzia emateko askatasunik. Sabahiren alde bozkatuko dugula esan eta irain egin digute. Hobe isilik geratzea», adierazi zuen Alaa el-Kasbyk, Kairoko Abdeen auzoko hauteskunde eskola baten kanpoan: «Duela hiru urteko iraultzan irabazitako adierazpen askatasuna galdu dugu».

Hain zuzen ere, iraultzaren aldeko aldarrikapena izan da boikota babesten dutenen argudio nagusia. Anaia Musulamanek batetik eta talde ezkertiarrek bestetik «iraultzaren espirituari» eutsi diote abstentzioa defendatzeko. «Ez naiz hauteslekuetara hurbilduko. Iraultzaileen odola isuri dute militarrek», adierazi zuen Hosneya Hassan emakumeak.

Emaitzen zain

Bozkalekuak irekita egongo dira gaur gaueko 9ak arte. Emaitza ofizialen zain, parte hartzeari buruz banatuta daude adituak. «Inkestek iragarri bezala abstentzioa altua bada, Al-Sisiri zaila egingo zaio bere izendapena legitimoa dela aldarrikatzea. Gizartearen barruko banaketa handituko du horrek», uste du Waffa Younis analista politikoak.

Edonola ere, iazko estatu kolpearekin ezarritako bide orriak aurrera dirau. Ibrahim Malhab lehen ministroak, adibidez, argi adierazi du bere gobernuak dimisioa aurkeztuko duela, emaitza ofizialak iragarri bezain laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.