Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Iraganari adio esan beharra

Politika, kultura, gizarte eta kirol munduko eragile ugari batu da Bilboko kaleetan Herrira-ren kontrako sarekada salatzeko

Gehienen ustez, gainditu nahi den iragan baten aztarna da polizia operazioa
Ezkerreko argazkian, Javier Madrazo Ezker Batua-Berdeak-eko kidea. Eta eskuinekoan, Eva Ferreira Athleticeko jokalari ohia eta Enrique Villareal <em>Drogas</em> musikaria.
Ezkerreko argazkian, Javier Madrazo Ezker Batua-Berdeak-eko kidea. Eta eskuinekoan, Eva Ferreira Athleticeko jokalari ohia eta Enrique Villareal Drogas musikaria. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla-Iñigo Astiz -

2013ko urriak 6
Harridura eta haserrea. Bi sentimendu horiek aipatu dituzte manifestazioan izandako eragileetariko askok. Haserrea, Herrira-ren aurkako sarekada, eskubideen defentsaren aurkako eraso bat iruditzen zaielako. Harridura, erasoa iraganetik heldu dela sentitu dutelako. Garaiz kanpokoa iruditu zaielako. Politikariek, sindikatuetako ordezkariek, kirolariek eta kulturgileek aipatu dute sentsazio bera.

AMAIA IZKO Sortuko eleduna

«Estatuak bakearen aurka erabili nahi du presoen gaia»

«Bi gauza geratu dira argi Herrira-ren aurkako operazioarekin. Bat: Espainiako Estatuak erabili nahi du presoen gaia bakearen kontra aritzeko. Eta bi: presoen eskubideen defentsa kaletik kendu nahi dute. Eraso honen aurka, presoen eskubideen defentsa bazter eta alor guztietara eramatea da erantzuna, olatu erraldoi bat sortuz. Eta hori da euskal jendartea egiten ari dena».

PATXI ZABALETA Aralarreko koordinatzaile orokorra

«Salbuespen legeak indargabetu behar dira, eta eskubideak indartu»

«Agerian gelditu da zaharkituta eta denboratik at gelditu direla Herrira-ren aurkako sarekada eta gisakoak. Inoiz ez dira justuak izan legedi antiterroristako aginduak, eta bertan behera utzi behar lirateke. Pozik gaude atxilotu guztiak kalean daudelako, baina eskatzen dugu bertan behera geldi dadila auzia eta baita legedi antiterrorista ere. Beharrezkoa da hori albo batera uztea hemendik hamar egunera hastekoak diren epaiketa politikoak ere ez daitezen hasi. XXI. mendeko Europan eta bakean dagoen herri batean ez da onargarria horrelako legedi injusturik. Salbuespen legeak indargabetu behar dira, eta eskubideak erabat indartu».

PELLO URIZAR EAko idazkari nagusia

«Gizarteak jasoko du Herrira-ren lekukoa»

«Espainiako Estatuari ez zaio interesatzen iraganeko jokalekua gainditzerik. Eta eskura dituen tresna guztiak baliatuko ditu horretarako hemendik aurrera ere. Presoen eskubideen alde aritzea zen Herrira-ren lan ildo nagusia, preso izan arren haiek badituztelako eskubideak. Herrira-k ezin du orain lan horretan jarraitu, baina gizarteak Herrira-ren lekukoa jasoko du, eskubideak denontzako eskatu behar direlako, baita presoentzako ere».

GORKA URBIZU Musikaria

«Horrelako bidegabekeriek ez dute lekurik; lehen ere ez zuten, baina orain, are gutxiago»

«Euskal Herrian bizi den garai honetan halako bidegabekeriek ez dute lekurik. Lehen ere ez zuten, baina orain, are gutxiago, eta horren aurka, herri modura erantzun beharra dago. Pena hori da, beti gabiltzala 'ea hau azkena den' esaten. Eta gaur ere hala gabiltza. Baina batzuek ez mugitzeko egiten duten hautuaren aurrean, guk, positiboak izan, eta aurrera begiratu behar dugu».

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Euskal erakundeek baliatu behar lukete herri indar hau bakea behingoz eraikitzeko»

«Egoera hauek gainditzen ez badira, ez da herria ez dagoelako prest, ez da borondate soziala ez dagoelako, baizik eta instituzioek, ardura politikoa dutenek eta eragile sozial, sindikal eta politikoek behar adina urrats egiten ez ditugulako. Euskal Herrian badago indarra estatuari aski da esateko. Ez gaude prest halako erasoak ontzat emateko. Presoen aldeko lana ezin da kriminalizatu: herriak bere egin du. Bake gosea dago. Eta euskal erakundeek baliatu behar lukete herri indar horretaz bakea eraikitzeko»

TXIKI MUÑOZ ELAko idazkari nagusia

«Eusko Jaurlaritzak euskal presoen alde egin behar luke»

«Argi dago PP gai dela botere judiziala eskubide pertsonal eta elkartze eskubideak urratzeko. Aurrerantzean ere ekintza gogorrak egiteko prest dago. Oso egoera zaila du alderdiak Espainian, eta euskal gatazka erabili nahi du bere hauteskunde arazoak konpontzeko. Exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari euskal presoen eskubideak defendatzeko egitasmoak abiatzeko, eta eskatzen diogu ere euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko elkarteak sortzeko eskubidea bermatzeko».

IÑAKI ZARRAOA Getxoko alkate ohia (EAJ)

«Botere betearazlea eta epaile boterea elkar hartuta daude»

«Giza eskubide batzuk urratzen ari dira. Ez da lehenengo aldia gainera, askotan ari baitira gauza horiek gertatzen. Hemen nago alde batetik giza eskubide horiek babesteko, eta beste aldetik nire haserrea adierazteko Madrilen gertatzen ari denaren aurrean: azkenean, botere betearazlea eta epaile boterea elkar hartuta daude: epaileak gauza bat esaten du, baina lehenago ministro batek esaten dio zer esan behar duen; eta hori onartezina da».

ASIER VEGA Alternatibako kidea

«Ertzaintza Guardia Zibilaren bizkartzaina izan zen»

«Herrira-ko kideek egin duten delitu bakarra presoekiko elkartasuna adieraztea eta haien eskubideen alde lan egitea izan da. Espainiako Estatuari exijitzen diogu 18 atxilotuen kargu guztiak erretira ditzala. Salatu nahi dugu Ertzaintzak Hernanin izan zuen jarrera ere. Gertuko polizia gisa jokatu beharrean, Guardia Zibilaren bizkartzain lanak egin zituen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduetara. Amalur Mendizabal Amaiur koalizioko senataria ere jo zuten, bere senatari agiria erakusten ari zela. Hori al da Eusko Jaurlaritzak nahi duen gertuko polizia eredua?».

JAVIER MADRAZO Ezker Batua-Berdeak-eko kidea

«Garai berrian ilegalizazioen politikak ez du zentzurik»

«Herrira-ren kontrako operazioa onartezina da. Herria aurrera begiratzen ari da, eta Espainiako Gobernua, aldiz, atzera egin nahian. Garai berrian gaude, bakearen garaian, eta legez kanporatzeen politikak ez du zentzurik. Espetxe politika berria ere behar da. Herriak kalera atera behar du bakearen eta elkarbizitzaren alde. Espero dut denon esfortzuarekin hori aldaraziko dugula».

ENRIQUE VILLAREAL 'DROGAS' Musikaria

«Herri mugimenduak suntsitu nahi dituzte»

«Ni hemen egotearen arrazoia nahiko zaharra da, presoak etxera hurbiltzeko eskakizuna antzinakoa baita, baina, horrez gain, Herrira-ren kontrako atxiloketa eta miaketen aurrean nire desadostasuna adieraztera ere etorri naiz. Nik uste dut herri mugimenduak suntsitu nahi dituztela, baina hori ere ez da berria, are gutxiago Euskal Herrian».

ARKAITZ ESTIBALLES Bertsolaria

«Herri honek bakea nahi du, baina justiziaz hornituta»

«Herri honek argi du bakea nahi duela, baina justiziaz hornitutako bakea. Eta horren alde pausoak emateko prest gaude. Halako erasoak tokiz kanpo daude. Gaur [atzo] Bilbon egoteko beharra ikusten nuen, eta horrexegatik nago hemen. [Euskal Herriko txapelketako saioan egoteari uko egin dio horretarako]. Bazeuden aukerak han izateko, baina uste dut eragile, kolektibo eta talde askok hausnartu behar lukeela ea gure herria eraikitzeko ekidistantzia den biderik onena edo garaia den behingoz denok zerbait emateko. Aurpegia eman beharra dagoela uste dut. Bertso saioan ere hemengo mezu bera zabalduko da, baina nik ez nuen normaltasun bat irudikatu nahi».

PEIO OSPITAL Musikaria

«Hona biltzen gaituen arazoa Euskal Herri osokoa da»

«Ni Ipar Euskal Herritik etorri naiz, baina hemen biltzen gaituen arazoa Euskal Herri osokoa da. Iparraldean ere egin zen iragan urtearen amaieran manifestaldi erraldoi bat gai honen inguruan, eta uste dut horrelako erasoen aurka mobilizatzen jarraitu behar dugula».

EVA FERREIRA Futbolaria eta Athleticeko jokalari ohia

«Egiten ari direna lotsagarria da; gezurra baino ez darabilte»

«Aste honetan gertatu dena logikaren kontrakoa iruditzen zait. Herri honetan giza eskubideen aldeko borroka batean sarturik gaude, baina hori guztia estali nahi dute; torturak, preso eta errefuxiatuen eskubideen urraketak eta abar estali nahi dituzte. Gezurrak besterik ez dute esaten, baina ez dugu horrelakorik onartuko. Atxilotu dituzten guztiak inolako zigorrik gabe gelditu arte jarraituko dugu».

ITZIAR ITUÑO Aktorea

«Aurrerapausoak eman nahi dituen jendeari oztopoak jartzen zaizkio»

«Gertatu dena lotsagarria iruditzen zait. Badirudi aurrerapausoak eman nahi dituen jendeari beti oztopoak jartzen zaizkiola. Horregatik nago hemen; horregatik, eta lagunak ditudalako barruan, sufritzen».

LUTXO EGIA Idazlea

«Herrira-k lan politikoa egiten du zentzurik sakonenean»

«Herrira osatzen duen jendearen irudi perbertso eta esperpentiko bat eman digute, eta, hain zuzen, kontrakoa da: jende honek lan politikoa egiten du, politikoa zentzurik sakonenean, polis-aren baitan eta demokraziaren basatzan sartuta. Bere txikian, lan politiko handia da, elkartasunezkoa eta solidarioa. Ez dut esango aste honetan izandako erantzun zabala ustekabekoa izan denik, baina bai oso inportantea, eta gaur [atzo] manifestazio honekin beste bultzada bat eman nahi diogu».

IRATI JIMENEZ Idazlea

«Operazioa logika demokratikoaren kontra doa»

«Uste dut polizia operazio honekin denok gelditu garela harrituta, hain doa logika demokratikoaren eta gauzen estrategiaren kontra. Haserre, triste eta gaizki gelditu gara denok. Haserre horri forma ematera eta protesta egitera etorri naiz. Eta uste dut ez naizela soilik nire izenean ari, hona etorritako askorenean baizik».

MARTIN GARITANO Gipuzkoako ahaldun nagusia (EH Bildu)

«Larria da sarekada, eta atxilotuak aske daudelako ez du larritasunik galdu»

«Astakeria galanta izan da Herrira-ren aurkako sarekada. Oso larria izan da, eta ez du larritasunik galdu atxilotu guztiak kalean daudelako. Poztekoa da hori, baina ekintza oso larria izan da, eta batzuek herri honek dauzkan bake eta normalizaziorako asmoak zapuztu nahi dituzte. Euskal gizarteak horren aurka tinko agertu behar du. Guk aurrera egingo dugu hasitako prozesuarekin, nahiz eta Espainiako agintariek halako astakeriak egin. Herri honek ez du atzera egingo».

INES OSINAGA Musikaria

«Inolako aitzakiarik gabe, konpromisoak hartzeko garaia da»

«Uste dut badela garaia inolako aitzakiarik gabe konpromisoak hartzeko eta zerbait egiteko presoen eskubideen alde. Ezin gara isilik egon. Nork bere aletxoa jarri behar du. Aste honetan gertatu dena ezin da onartu. Horrek erakusten du berriro ere estatuari sekulako beldurra ematen diola herri honek kexatzeko eta oihu egiteko antolatzeak. Gero eta ozenago oihukatu beharko dugu, eta tantaz tanta itsasoa sortu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna