Garazin bigarren itzulian ez aurkeztea erabaki du EH Baik

Mailharroren (Forces 64) eta Maitiaren (PS) artean eginen da bigarren itzulia; EH Baik ez du ez bat ez beste hobetsi
Dominique Bacho, igandean, boza emateko paperarekin.
Dominique Bacho, igandean, boza emateko paperarekin. GAIZKA IROZ

Jenofa Berhokoirigoin -

2011ko martxoak 23
Azkenean, nahiz aukera ukan, EH Bai ez da bigarren itzulian aurkeztuko Garaziko kantonamenduan. Atzo arratsaldean jakinarazi zuen erabakia Dominique Bachok, EH Baiko zerrendaburuak.

Hori dela eta, Frantxua Maitia (PS) eta Jean-Marie Mailharro (Forces 64) hautagaien artean hautatu beharko dute boto-emaileek. Departamendu mailako «politikerian» sartzeko gogorik ez dutelako, bigarren itzulitik erretiratzeko hautua egin dute. Ez dute, haatik, hautagairik hobetsi.

«Talde erabakia» izan dela zehaztu du, «luzaz» eztabaidatu ondoren «adosturikoa». Guztira 50 bat lagunek dute EH Bairen kanpaina eraman Garaziko kantonamenduan. Bertan, AB, Batasuna, EA eta alderdi batean ez direnak egon dira.

Bachok zehaztu duenez, politika «ez da igande gauean bukatuko», eta «luzera» begiratu behar dela uste du. Hain zuzen, hauteskundeak abertzaleen proiektua esplikatzeko eta aitzinarazteko uneak direla dio, eta «egunez egun eramaten den lana» inportanta dela erantsi du.

Lehen itzulian 672 boz bildu zituen EH Baik, botoen %18,93, eta hirugarren indarra atera da EH Bai. «Pozik» agertu da Bacho, bai emaitzak, bai eraman den kanpaina «dinamikoa» ikusiz.

Maitia, abertzaleei begira

Lehen itzulian bozen %34,37 bildu ditu Maitiak, eta Mailharrok, berriz, %23,72. Baina jakinik Forces 64 eta UMPren artean elkar sostengatzen dutela, eskuinak lortu %15,44 bildu behar lituzke Mailharrok, baita EAJ bozkatu duten 204 bozetarik batzuk ere. Hori ikusiz, abertzaleen bozak biltzea espero du Maitiak. Hain zuzen, ezkerrean, abertzaleak salbu, Ezkerreko Frontea du bakarrik eta hauek %1,79 lortu dute soilik.

2004an, lehen itzulian bozen %38,41 bildu zituen Maitiak, eta bigarrenean % 52.75, abertzale andana batek haren alde bozkatu zuelako. Azken 40 urteetan Intxauspe eskuinekoa izan zen kontseilari, eta hori aldatzeko gogoa bazen. Aldi honetan, azken mandatuan Maitia izan da kontseilari, eta agertu da zer egin duen eta zer ez. Adibidez, Baterak eskatu bezala, Euskal Lurralde Elkargoari buruzko eztabaida Pauera eramateko engaiamendua ez du hartu. Baliteke abertzaleen bozak ez biltzea 2004an bezain erraz. Igandean iraganen da bozketen bigarren itzulia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna