Iñaki Goioaga. Abokatua eta Amaiurreko senataria

«Konponbidearen bila ari direnei lana erraztea litzateke logikoena»

Aurreko astean jasan zuena «kafkarra» dela dio; sinesgaitza. Eta, haren ustez, agerian geratu dena da okerrena: «Desegiten ari den estatua mantentzeko» edozer gauza egiteko prest daudela.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
EPPKren bitartekarien aurkako polizia operazioagatik haserre dago oraindik Goioaga. Zuzenbide estatuaren oinarri diren eskubide andana urratuta marra gorri asko gainditu direla dio.

Baduzue azken zortzi espetxeratutakoen berririk?

Zailtasun handiak izaten ari gara haiekin harremanetan jartzeko. Abokatuak joan dira batzuk bisitatzera, baina ez diete bisitak egiten utzi.

Ohikoa izaten da hori?

Ez da ohikoa. Abokatuen bisita jasotzeko eskubidea dutela suposatzen da. Gainera, deigarria da banatuta espetxeratu dituztela: Sagarminaga eta Orkolaga Soto del Realen daude. Zulueta Estremeran bakartua dutela jakin dugu. Lopez de la Calle eta eta Enparantza Navalcarneron dituzte, banatuta; Enparantza bakartze ziegara eraman dute. Almandoz eta Aranguren Aranjuezen daude. Eta Campo, Alcalan. Ezin izan du bisitarik izan, baina ditugun berrien arabera, gose greban hasi da bakarrik dagoelako. Hori da egoera. Gure asmoa da lehenbailehen joatea haiengana, eta zuzenean ikustea nola dauden.

Zein azalpen ematen diozu espetxeratu izanari?

Haien abokatu gisa, ez dakigu zeintzuk diren espetxeratzeko argudioak. Aurrez egindako txosten bat omen dago, baina aspaldi egina da, eta hainbat bilkura egin dituztela da dioen bakarra. Halakoak jasotzen dira espetxeratze autoan, jarduera horiek publikoak ziren arren. Jendaurrean iragarria zuten bitartekari lana egingo zutela horrelako jardueren bidez.

Bestetik, esaten ari dira posible dela frogak deuseztatu izana. Hori aitzakia da, ez dagoelako halakorik frogatuta. Paperontzi batean USB apurtu bat aurkitu zutela diote. Ez dakit egia den edo ez, baina, dena den, posible da nik edo beste edonork hondatu izana beste egun batean, eta ez izatea inolako loturarik atxilotuei leporatzen dizkietenekin. Beraz, uste dugu operazioaren atzean arrazoi politikoak daudela, ez arrazoi juridikoak.

Zein zen operazioaren helburua?

Nire ustez, Euskal Herriko normalizazio politikorako prozesuaren aurkako operazio militar bat izan da, irtenbide politikoaren aurkako operazio militarra, Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionaleko epaile bat erabilita egin dena. Eta, ez dut uste, gainera, Auzitegi Nazionalean halako operazio bat gauzatzeko prest legokeen beste epaile bat egongo denik.

Estatuarentzat egoera hau jasangaitza dela erakusten du operazioak. Estatua desegiten ari da, eta ez da Euskal Herriko normalizazio eta konponbide politikorako prozesua jasateko gai. Are gutxiago, herri honentzat gutxiengo demokratikoak aldarrikatzeari buruz ari garenean. Hain zuzen, kezkagarriena da operazio honek agerian utzi duela zuzenbide estatua, estatu demokratikoaren oinarriak desegiten ari direla.

EPPKren bitartekarien aurka jo izanak jauzi bat dakarrela uste duzu?

Orain arte esaten zen arazoa indarkeria zela eta ideologia zein proposamen guztiak eztabaidagarriak zirela politikoki. Operazio honek argi utzi du ez dela egia. Alfonso Alonso PPren bozeramaileak agerian utzi du hori arazoa ETAren helburu politikoak direla esan duenean. Arazoa ez dela indarkeriaren erabilera aitortu du horrela, eta oso joko arriskutsua dakar horrek, benetan arriskutsua aldarri demokratiko batzuk direla esaten ari baita. Hau da, herri batek oinarri demokratiko batzuk eskatzea arazoa da Espainiako Estatuarentzat, eta hori kezkatzekoa da. Izan ere, egoera bat sortu da non estatua bere legeria eta zuzenbide estatuaren oinarriak urratzeko prest dagoen: defentsarako eskubidea, sekretu profesionala, senatarien bortxaezintasuna... Estatu poliziala zuzenbide estatua ordezkatzen ari da. Elkartzeko eskubidea urratzen ari da, manifestatzekoa, adierazpen askatasuna, defentsarakoa, errugabetasun printzipioa... eskubide horiek guztiak desagertu egin dira operazio honetan. Ondorioz, orain arte onartezina zena baliagarri bihurtu du estatuak: helburuak justifikatu egiten ditu bitartekoak. Edozein gauza egiteko gai dira, edozein modutan, desegiten ari den estatua mantendu nahian.

Operazioa zuzenbide estatuari egindako «xake-matea» dela esan zenuen aurreko astean.

Arantza Zulueta, adibidez, Herrira-ren kontrako auzian inputatutakoen abokatua da. Hau da, defentsa lana egiten ari zen auzi baten barruan atxilotu dute. Bestetik, hainbat auzitako espedienteak eraman dizkigute abokatu askori. Orain, abokatu guztiak deitu gaituzte bakoitzak esan dezan bere bulegotik eramandako espedienteak zeintzuk diren. Epailea bera auzi espedienteak eraman dituela onartzen ari da horrela.

Miaketak eskandaluzkoak izan dira. Nire bulegoarena geldiarazi nuen, adibidez, ikusi nuenean GAL auzia dioten kutxak begiratzen ari zirela. Ni akusazio partikular gisa nago auzi horretan. Epaileari deitu nion ezin zutela hori egin esanez, eta miaketa geldiarazi zuen. Guardia zibilek laguntzeko esaten zidaten. Nire bezeroekin dudan isilpekotasunerako eskubidea urratzea nahi zuten, eta esan behar izan nien: 'Eskatzen ari zaretena delitu egitea da!'. Nire ustez, legez kanpokoa zen miaketa batean parte har nezan nahi zuten, bermeen sistema guztiak hautsita.

Frogen kontua ere harrigarria da: ez badute frogarik aurkitzen, tesi logikoa da ez dagoela frogarik. Ba kasu honetan ez; frogak desegin zituztela ondorioztatu zuten, besterik gabe. Guardia Zibilak dio frogak egon behar dutela, eta frogak egon behar dute, kito. Honekin guztiarekin argi geratu da ez dagoela independentzia judizialik; irizpideak ezartzen dituena Guardia Zibila dela. Ondorioa bera da berriz: bermeen estatu bat izan ordez, estatu polizial batean gaude.

Operazioaren berri atxiloketak egin aurretik eman zen. Hanka sartzea izan omen zen, baina gero hori baliatu dute abokatu guztien bulegoak arakatzeko eta atxilotuen espetxeratzea argudiatzeko. Nolatan?

Denok gaude ados operazioa lardaskeria dela. Hori nahita egin den edo ez, eurek jakingo dute. Nolanahi ere, egoera kafkarra izan da. Abokatuen bulegoetan horrela sartzea, defentsa lana egiten ari zaren auzi bategatik atxilotzea... kafkarra da. Gainera, operazioa aldez aurretik iragarri zen, eta gero, lardaskeria hori operazioa janzteko erabili da: Froga gabeziaren aurrean, akats hori erabili da operazioa eta emaitza janzteko, inolako koherentzia juridikorik ez duen operazioari nolabaiteko koherentzia eman nahian.

Zure bulegoa ere miatu zuten, senatari baten bulegoa. Hori horrela, ekinbide judizialak iragarri zenituen. Zer egiteko asmoa duzu?

Nik hasieratik esan nuen ez nuela nire bulegoa miatzea baimentzen, epaileak ez zuela eskumenik agindu hori emateko eta legez kanpokoa zela. Zaintza katea ere hautsia zegoen. Nire bulegoan zegoen guztia nirea zela esan nien hasieratik. Nirea ez den zerbait egotekotan, edonork sartu ahal izan zuen, baita gau guztian bertan egon ziren guardia zibilek ere. Bulegoa zigilatu aurretik, gau osoan egon ziren guardia zibilak han. Beraz, espekulatzen jarriz gero, mota guztietako espekulazioak egin daitezke. Hortik aurrera, nik ez nuen miaketan parte hartu. Eraman zuten guztia itzultzeko eskatu dut, eta aztertzen ari gara miaketaren aurka ekinbideren bat abiatzea.

Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko ordezkari bat ere izan zen miaketetan. Zer dio?

Miaketaren aktan jasoa utzi zuen irregulartasunak egon zirela, eta miaketek baliogabeak izan behar dutela. Elkargoak babesa eman digu. Espero dut ez sartzea abokatuen elkargoan eta talde armatuari laguntza ematea egotzita desegiteko agintzea!

Abokatuen nazioarteko elkarteetara ere jo izan duzue beste kasu batzuetan. Halakorik egiteko asmorik baduzue oraingoan?

Bai. AED Europako Abokatu Demokraten bilera izango da aurki, eta kasua hara eramango dugu. Abokatuen Bazkunaren bidez, Abokatuen Kontseilu Nagusira ere joko dugu: lanerako ditugun zailtasunen berri emango diegu, defentsa gauzatzeko ditugun oztopoak azalduko dizkiegu, eta espetxera ere eramaten gaituztela.

Zer iruditu zaizu herritarren erantzuna?

Uste dut Euskal Herrian orokorra dela horrelako ekinbideen inguruko kezka. Dagoeneko inork ez du sinesten ETAren aurkako operazioak direla. Jendea ohartzen ari da gatazkaren irtenbide politikoaren kontrako operazioak direla. Jokoan dagoena gatazka konpontzeko bideak dira, eta gatazkaren ondorioak nola gainditu. Konponbide politiko horren alde lanean ari direnak saritu egin behar lirateke, ez espetxeratu. Atxilotuak egiten ari diren ahalegina izugarria da; gatazkaren irtenbide errealen bila ari dira, konponbidea iraunkorra eta egonkorra izan dadin. Beraz, logikoena da pentsatzea kalean egon behar luketela konponbidearen alde lanean; areago, lan hori egiteko erraztasunak eman beharko litzaizkiekeela. Gainera, bai presoen kolektiboak bai bitartekari taldeak esana dute konponbide horretan lan egiteko asmoa dutela. Orduan, zertan ari gara? Nola espetxeratu daitezke?.

Uste duzu horrelako neurriek baldintzatu dezaketela bide hori?

Uste dut mundu guztia kontziente dela normalizazio eta konponbiderako prozesua euskal herritarren esku dagoela. Baina egia da Espainiako Estatua ahalegin guztia egiten ari dela gauzatu ez dadin. Halako operazioek ondorio pertsonal eta politikoak dituzte, zalantzarik gabe. Nekea sortu eta prozesua baldintzatu nahi dute. Baina oinarri demokratikoak daude jokoan, horixe delako konponbide egonkor eta iraunkorraren oinarria. Eta askok dugun kezka da Espainian gauzatzen ari diren neurri eta lege erreforma guztiak oinarrizko eskubide eta askatasunen inboluzioa direla, bai arlo politikoan, bai sozialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.