Abel Barriola. Aspeko pilotaria

«Zirkulu bat itxi dudala sentitzen dut»

Azken bi egunak emozio uholdea izan dira, baina ondo ospatu du binakako txapela. Pozik dago, balio handia ematen baitio hiru txapelketetako garaikur bana pilatzeari.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko maiatzak 6
«Astelehen pixka bat dut», abisua eman du telefonoa hartu bezain laster. Ahots ona du bada Abel Barriolak (Leitza, Nafarroa, 1978), eta umore hobea. Mezu eta dei artean egun osoa telefonotik eskegita pasatu du, baina ez zaio astuna egin. «Polita da jendea zurekin oroitzen dela ikustea».

Zer moduz joan da ospakizuna?

Oso ongi, herriko elkarte batean egin genuen. 90-100 bat pertsona elkartu ginen...

100 pertsona? Afaria bainoago, hori ezkontza bat da!

Leitzar bat finalen batera iritsi den aldiro bildu izan gara jende asko. Oso ondo pasatu genuen; egia esan, irabazteak beste puntu bat ematen dio afariari.

Alde handia azkenekoekin? Gutiziaren bat izan al zenuen?

Bildu garenerako goizaldea zen, baina, tira, merezi zuen. Gutizia eginiko barreak izan ziren, berez ez baitizkiot gutiziak ukatzen neure buruari. Egia da ezberdina izan zela, hainbeste urteetan txapela jantzi ezinda... Ez nekien berriz ere finalen bat jokatuko nuen, berriz ere txapelen bat irabaztera iritsiko nintzen. Hamabi urte ziren... tarte horretan buruari buelta asko eman dizkiot. Jokatzen jakin behar da, eta, irabazten denean, ospatzen ere bai.

Ilusio gehien egin dizun txapela da?

Ni ez nago halakoetara ohituta. Niretzat berezia da txapel bat irabaztea. Azkenekoa duela hamabi urte izan zen... Hamabi urte gogor lanean, maila altuan jokatzen, baina egia da eginiko lan horri txapel bat gehitzea berezia dela.

Hitz egin al duzu Irujorekin?

Ez. Tira, bai, finalaren ondoren aldagelan. Oso hunkituta nengoen. Neure burua ezagutzen dut, malko errazekoa naiz, eta banekien kostatuko zitzaidala negarrari eustea. Irujo ohituta dago, eta, hala ere, hunkituta zegoen. Gorriak ikusi ditu txapelketa honetan.

Egunkariak ikusi al dituzu? Badirudi zuk bakarrik jokatu zenuela?

Bai, Joxerra Leitzako paper dendako lagunak gorde dizkit egunkariak. Eta, tira, hemen txapela biok irabazi dugu. Badakit partida ona egin nuela, eta Juanek ere bai. Izarrak aurrelariak ziren, eta bere aurrelaria jokoan sartzea lortzen zuen bikoteak asko zuen irabazia. Baina, tira, esan bezala, izarrak haiek dira, eta haiek izango dira bereziki gogoratuak.

Barriola ez da izango gogoratua?

Argi dut lortu dudana handia dela, hiru txapelak irabaztea oso gutxiren esku dago, eta ohore bat da. Baina bi horiena beste historia bat da.

Finaleko zein irudi datorkizu burura?

22. tantoa lortu genuenekoa. Nahi baduzu lasaitasuna deitu, baina hogeita bira iristea ibilbidea borobiltzea zela sentitu nuen. Aurrerantzean lehiatzen jarraituko dut, ez naiz erlaxatuko, baina epe motzeko helburuak jarriko dizkiot neure bururi.

Bakean zaude orduan?

Bada... bai. Ni ez naiz filosofiazalea. Niri pilotak ez zidan ezer zor, baina sentitu dut gauza bat itxi banu bezala... Zirkulu bat itxi banu bezala. Hiru txapelak, azkenekoa hamabi urte geroago... atal bat bukatzea izan da.

Partidako bideoa ikusteko asmorik?

Bai, eta ikusten gozatzekoa.

Estrategia ondo hitz eginda zenuten, eta ondo irten zen.

Ondo jokatu genuen, bakoitza bere tokian egon zen. Nik pazientzia nabarmenduko nuke; Olaizolak eta Aretxabaletak defentsa handia dute, biak plazagizonak dira, eta bagenekien irabazteko ez genuela presarik izan behar.

Inor ez zen oroitu Irujoren ezker eskuarekin.

Irujok badaki nola zuen eskua eta zenbat sufritu duen. Beste modu batera jokatu behar genuen, eta uste dut Irujori mesede eta guzti egin diezaiokeela. Pilotari buruz dakitenek beti diote zergatik ez duen eskuin hori gehiago zukutzen, duen distira horrekin... lesioa, agian, onerako izan daiteke.

BERRIAko elkarrizketan agian plazagizona ez zinela zenioen... bada, finalean ondo eutsi zenion presioari.

Hori ezin da prestatu. Aste osoan lasai egon zaitezke, eta finalean, zopa eginda, edota alderantziz. Nik nabaritu nuen tentsioa, baina ondo sumatu nuen burua. Nire ustez, garrantzitsua izan zen ondo hastea.

Mikel Olazabalekin ere oroitu zinen eskaintzetan. Erantzun al dizu?

Ez, baina egingo dugu topo. Pentsatua nuen berarekin oroitzea. Harreman estua dugu, eta hark pilotarekin sufritu eta gozatu egin du. Asko gozatu du, eta bere ametsa profesionaletan txapel bat lortzea zen. Pilotari fin eta saiaturik badago, hura da, eredu bat kantxa gainean eta barruan, eta bera goratu nuenean hori nabarmendu nahi nuen: eredu bat izateko ez dela derrigorrez txapeldun izan behar.

Aspen lehia dago atzelarien artean. Orain indartsuago sentitzen zara?

Irabazi ez banu ere gazteen aurka ondo lehiatu naizela uste dut. Batzuetan galdu, beste batzuetan irabazi, baina haien mailan nago. Badakit gero eta zailagoa izango dela hor mantentzea, baina uste dut borroka horretan nagoela.

Manomanista dator orain...

Gozatzeko. Prestatzeko denbora askorik ez dut izango, baina ez da aitzakia. Jakina da oso gustuko dudala. Oporrak ondoren, behar ditut, binakakoaren azken txanpak asko higatu nau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna