Herrira-ren kontrako polizia operazioa. Analisia

Marra gorriak

Iñaki Petxarroman -

2013ko urriak 2
Arrazoi du Jesus Egigurenek. Jaurlaritzak «egoerak eskatzen duen neurrian» erantzun beharko luke Euskal Herria astindu duen azken razzia polizial-judizialaren aurrean. Izan ere, estatuak pausoz pauso jaten baitio lurra giza eskubideen eremuari, Bertolt Brechten olerkian bezala. «Zer uste zuten, ez ginela ausartuko?». Argi laburbildu zuen horri buruz PPk duen ikuspegia Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak 1998an Egin egunkaria eta irratia itxi zituztenean. Alegia, Espainiak Euskal Herrian ez dauka marra gorririk. Izatekotan, herri honetako eragileek ezarri behar diote marra gorria. Ezin delako lan politiko hutsean —Herrira-ren kasuan, gainera, presoen eskubideen, alegia, giza eskubideen alorrean egina— diharduen jendea atxilotu, espetxeratu, egoitzak itxi, eta eskubide zibil eta politikorik gabe utzi.

Auzitegi Nazionalak agindu eta Guardia Zibilak —Ertzaintzaren laguntzarekin— egindako polizia operazioak aurreko astean zegoen baino metro batzuk atzerago jarri du estatuaren inpunitatearen marra. ETAren 2011ko urriaren 20ko erabakiaren ondorengo testuinguru politikoan puntu eta aparteko bat ezarri du Herrira-ren aurkako operazioak. Halako operazio asko izan ziren lehenago, eta berehala hasiko diren herriko tabernen eta Segiko gazteen aurkako auzien epaiketak dira horren adibide. Estatuaren zapaltze makinaria ez da inoiz gelditu, baina Herrira-ren aurkako sarekadak etorkizun hits baten iragarpen zaharberritua dakar. Alegia, zaharra uste genuen zerbait berriren iragarpen kezkagarria.

Kezkagarria ez bakarrik presoek berdin jarraituko dutelako, baizik eta haien eskubideak aldarrikatzea de facto delitua delako jada, epaiketarik egin gabe, jakina. Hala, jende askok ezkutuan jardun beharko du zilegia eta beharrezkoa den lan bat egiten. Zilegia eta beharrezkoa, herri honek bakea eta normalizazioa lortuko baitu bakarrik presoen egoera konpontzen bada. Eta, kezkagarria, ezker abertzale osoa jarri dutelako berriro —nahiz ETAren jarduerarik ez izan— estatuaren zaldien hanketan.

Eta Jaurlaritzak zein alderdi politikoek irmo adierazi beharko liokete operazio hauen buruan den Espainiako Gobernuari ez dutela atzerapausorik onartuko. Ez dutela onartuko herritarren oinarrizko eskubideak zanpatzen dituen eraso gehiago. Eta bistan da orain arteko hitzezko gaitzespen hutsa jadanik ez dela nahikoa. Bestela, gehiago helduko dira, eta Madrilen marra gorria oso urruti egon daitekeela jakina da jada.

Eta, itxura daukan bezala, marra gorria oraindik gehiago atzeratzen hasten badira —alderdiak legez kanpo utziz edo lan politikoa egiten duten militanteak atxilotuz eta espetxeratuz— herritarrek ez dituzte barkatuko Egigurenek dioen «neurriko erantzuna» ematen ez duten erakunde eta alderdiak. Pete Cenarrusa Idahoko Estatu idazkari zendu berriak aipatzen zuen legez, hobe litzateke iritzi ezberdinetako abertzaleek elkar hartzea gutxieneko oinarri batzuen defentsan, egoera guztientzat jasangaitz bihurtu baino lehen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna