Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala. Juan Martinez de Irujo. Aspeko pilotaria

«Nire izaerak kendu baino gehiago eman dit»

«Profesionaletan hasteko moduan» zeudenen artean ez izan arren, duela hamar urte hasi zuen profesional bidea. Pilota irauli zuen berehala; bere ibilbideko erpinak aztertu ditu: txapelak, jokoa, izaera...

Imanol Magro Eizmendi.
Barañain
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zentrum kirol zentroan saioa egin ondoren mintzo da. Bizkor eta libre, Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981) ez dago oso nekatuta. Memorian arazorik gabe murgildu da, eta nostalgia puntu bat ere azaleratu zaio: «Ez nuke inorekin ahaztu nahi...».

10 urte igaro dira debuta egin zenuenetik. Ofizialki beteranoa zara.

Hamar urte asko dira, baina tira, oraindik badut soka. 31 urte ditut, baina bitxia bada ere, partida gehienak urdinez jokatzen ditut. Batez beste, pilotariak ni baino gazteagoak dira, baina oraindik hor daude Xala, Titin, Gonzalez, Berasaluze, Olaizolatarrak...

Zuk debutatu eta gutxira egin zenuen gora. Zure ereduak eragina izan al du enpresen pazientzian?

Ez. Enpresek esperientzia daukate, eta badakite nirea bezalako kasuak ez direla arruntak, eta zaila dela hasiberri bat hain bizkor nabarmentzea. Nire aurretik Beloki izan izan zen hasi eta gutxira txapeldun izan zen azkena.

Duela gutxi 2004ko finala eman zuten telebistan, eta bitxia da irabazi berritan egiten zenuen keinua: «Zer egin dut?» esanez bezala.

Ez nuen sinesten, eta kosta zitzaidan asimilatzea txapeldun izan berri nintzela. Irudi politak dira. Aurreneko txapelak ilusio handia egiten du, hasi eta urtebetera...

Askotan ikusi duzu partida hura?

Lehen gehiago ikusten nituen partidak, eta irabazi berritan ilusio handia egiten zidan. Nik ere ikusi nuen finala duela bi aste eman zutenean. Ez zen partida ona izan. Orain orduan baino gehiago jokatzen dugu.

Beste hamar urte bai? Noiz arte uste duzu jokatuko duzula?

Horretarako egiten dut lan. Ilusiorik ez banu, konformista nintzateke eta etxean nengoke lasai. Nik pilotan jokatzen baino ez dakit egiten, eta ea hamar izan beharrean hamabost diren.

41 urtekin jokatzen ikusten al duzu zeure burua, Titinek bezala?

Berak 44 ditu! eta 41etik 44ra alde handia dago. Ea zer dioen denborak, eta finalak jokatzen ez bada, lehen partidetan.

Atzera begiratu eta zer ikusten duzu hamar urte hauetan?

Izandako kide guztiekin oroitzen naiz, bereziki Uharteko entrenamendu taldekoekin. Hura ispilu ona izan zen; han jende guztiak gogor egiten zuen lan, eta bizio hura gelditu zitzaidan. Entrenatu ezean, ez zara inor. Eta, noski, inguruan ditudan guztiak: enpresa kideak, teknikariak, medikuak... eta batez ere, etxekoak.

Hamar txapel eta hamazazpi final. Espero baino askoz gehiago?

Bai. 2003an nik ez nuen debutatu ere egin behar. Nire aurretik askok zuten «profesionaletan hasteko moduko» txartela. Niretzat bizkarrekoa izan zen Iruñeko Munduko Txapelketara ezker-paretan ez joatea, kantxetan maila erakutsia nuelako. Zorionez, DV-a jokatu nuen, irabazi eta arreta pixka bat jarri zuten nigan. Profesionaletan hasiko nintzen jakin ez, eta hamar txapela orain... pentsa zer-nolako aldea dagoen.

Ez debutatzeko beldurra zenuen?

Ez ninduen itsutzen, eta nik banekien pilotan jokatzen jarraituko nuela. 2002ko Munduko Txapelketara ez banindoan, 2006kora joango nintzen, Mexikora, eta bidaiatu egingo nuen. Baina Etxaniz, Bidarte eta Mutiloa konbentzitu nituen, eta gero, Asegarcek ere nahi izan ninduen, baina azkenean, Aspe hautatu nuen.

Jende askok uste du zuk aldatu zenuela jokoa?

Nik jokatzeko nire modua dut, hori erabili dut, eta ondo joan zaizkit gauzak. Partidak irabazteko nire bidea da, jendeak dioen nire buru txar horrekin!

Sutsuki galdu, eta sutsuki irabazi.

Bakoitza den bezalakoa da, nik nerbio bizia dut, eta hala jokatzen dut. Baina denok hitz egiten dugu besteei buruz, baita nik ere futbol partida bat edo ikusten badut.

Kantxa gaineko jardunean, zertan aldatu zara gehien?

Tokian egoten jakite horretan. Lehen, dena pin-pan zen, lehen tantotik 22.era. Orain ere hori egiten dut, baina hamabigarren tantorako gasolinarik gabe gelditzen naiz. Erregulatzen jakin behar da, egoten. Lehen, pilota zabalean mozten bazizuten, arimarekin jotzera joaten zinen, eta edo behera zihoan edo errebotera. Orain ez, orain eutsi egiten dut.

Eremu pertsonalean ere aldatuko zinen, ezta?

Nik 21 urterekin debutatu nuen eta Iberon bizi nintzen. Handik bost urtera etxetik irten nintzen. Orain familia dut eta erantzukizun gehiago. Lehen, jokatzea nuen buruan, eta gero afaltzera joatea lagunak edo bikotekidearekin, eta astelehenean entrenatzea. Orain, askoz gauza gehiago zaindu behar dituzu.

Noiz ikusi duzu pilota lana dela?

Nik betidanik hartu izan dut lan baten gisan. Zerbait egiteagatik ordaintzen badizute, baita afizionatuetan ere, prestatu egin behar duzu. Eta lan gisa, ni prestatzera ez banator, ez dut irabazten. Hasieran gehiago kostatzen zitzaidan lan egitea, baina Uharteko beteranoekin hori ikasi nuen.

Bigarrenez, Uharteko Klana. Hain oroitzapen ona duzu?

Hura bezalakorik nik ez dut berriz ikusiko. Astean bitan elkarrekin bazkaltzen genuen! Hara joan eta nahita saioa luzatzen genuen bazkaltzera gelditzeko, gero musean... eta oraindik ere noizean behin elkartzen gara.

Zer izan da onena hamar urte hauetan? Partidaren bat bereziki?

Ezagutzen duzun jendea, lagunak egiten dituzu. Partida bat? Olaizola II.ari irabazitako 22-1ekoa, nire partidarik onena izan da buruz buru. Gero beste partida on bat egin genuen Lasa III.ak eta biok Olaizola II.a eta Belokiren aurka, eta 2006ko binakako finala, Eulaterekin, Olaizola II.a eta Zearraren aurka. Badirudi Aimar hiruretan dagoela, baina hura da estuen hartzen zaituen pilotaria, egun handietan aurkitzen duzuna.

Eta txarrena? Partidaren bat?

Egin ditut partida txarrak. Gogoan dut bat Logroñon, hamazazpi huts egin nituen, eta, hala ere, 22-18... ia irabazi genuen! Eta binakako lehen finala, ez nintzen ezerekin konturatu. Finala hasia zela konturatu nintzenerako, Iruñean nengoen, afaltzen.

Irujoren izaeraren inguruko komentarioekin ernegatuta?

Bost axola didate. Batzuek maite naute, beste batzuek ez; ondo hitz egin da nitaz, gaizki... mundu guztiari buruz bezala. Nire izaera halakoa da, eta nik onartzen dut batzuetan pasa egin naizela. Baina argi dut nire izaerak kendu didan baino gehiago eman didala.

Irujistak armada bat dira.

Nire jokoarengatik dela uste dut. Babes hori eskertzekoa da. Nik jendea pilotalekura eramaten badut, jokatzeko erarengatik da.

Jokoa aldatzen ikusi duzu?

Erabat! Nik debutatu nuenean sake gutxi kentzen ziren airez; orain, aldiz, binaka, aurrelariak atzelariak baino sake gehiago bueltatzen ditu. Buruz buru sake erremate asko egiten da eta pilotak ia ez du lurra ukitzen.

Asko egokitu dira joko horretara.

Azken batean, mundu guztiak du bilakaera eta jende guztia egokitzen da. Kamaleoi bat bezalakoa izan behar duzu. Olaizola II.a oso ondo egokitu da. Hemen jende guztiak atzera bainoago pauso bat aurrera ematea nahiago du.

Pilotek ere eragina izango zuten.

Jokatzeko moduak gehiago; pilotak ez dira hainbeste aldatu.

Oso gaizki hitz egin da pilotei buruz.

Buruz burukoaz ere bai. Pilotek buruz buruko jokoarekin bukatzen ari direla diote; ez, buruz burukoaz hain gaizki hitz egiteak akabatu du manomanista. Buruz burukoa beti izan da horrelakoa, partida onak, txarrak eta erdipurdikoak, 22-21, 22-15 eta 22-2. Beti. Egur asko eman zaio, eta ni Aspekoa naizenez, pilota esajeratuekin jokatzen dut, baina, nire ustez, Asegarce ari da txapelketako pilota bizienak ateratzen. Aurten eta aurreko urteetan. Iaz esan nuen buruz buruko finalean Olaizolaren pilotak politak zirela, baina nik atera izan banitu kritikak egongo zirela.

Zerbaiten damurik ba al duzu? Eginikoa edo esandakoa?

Unean bertan damutu izan naiz, baina alferrikakoa da. Eginikoa egina dago. Niri ez zait gustatu epailearekin keinu txar bat izan eta gero aldagelara joan eta 'aizu, barkatu' plantekin hastea. Inor ez da perfektua. Gauza bat argi dut, hori bai, ni beti aurrez aurre joan naiz, legala izan naiz, ez atzetik eta itzulinguruekin.

Atanoko erratza ez dugu ahaztu.

Beroaldi bat izan zen, baina buelta eman nion partidari.

Azkenaldian beroaldi gutxiago dituzu. Zahartzen ariko zara...

Ezin da aurreikusi. Hori berez irteten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.